Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Nori zein bideojoko komeni zaion aukeratu aurretik aholkuak bete behar
Eguberria gainean, guraso askorentzat zail gertatzen da seme-alaben adinaren araberako bideojokoa hautatzea. Horrelako batzuen edukiak bortitzak dira eta, zenbaitetan, adin txikikoen hezkuntza alda dezaketen rol sexistak dauzkate. Hala eta guztiz, Espainian eginiko ikerlanak bat datoz alderdi batean: eduki horiek ez dute agertzen, orokorki, liburu, telebistako serie eta film askok baino bortizkeria handiagorik. Telebista saioekin gertatzen den bezala, bideojokoetan adin txikikoek eskura dituzten edukiak ezagutu eta ikuskatzea oso komenigarria da. Estreinako kontrola produktua erostean egiten da.
Zazpi urtetik beherakoentzat moldaturiko bideojokoa hamabost urteko seme-alabari oparitzen bazaio, oso litekeena da gaztetxoa berehala aspertu eta senidekoen ikuskaritzari ihes egingo dion beste produktu erakargarriago baten bila hastea. Aitzitik, hamabi urteko umeari helduentzat eratutako bideojokoarekin aritzea onartzen bazaio, argi dago gazteak aurrean dituen eduki horiek zuhurtasunez asimilatzeko prestaturik ez dela egongo oraino. Dena den, gurasoak seme-alaben ondoan eserita, bideojokoa ikusi eta gazteei komeni zaien ikuskatzea aholkatzen dute adituek.
Erosketa egokia egiten laguntzeko, bideojokoen fabrikatzaileek produktu horien PEGI (Pan European Games Information) izeneko europar sailkapena sortu dute, filmei dagokiena baino askozaz ere zorrotzagoa. Kontua da produktu bakoitza balia dezaketen erabiltzaileen adin-tarteen gaineko orientazioa kontsumitzaileari ematea eta, bide batez, produktu horretan eduki polemikorik izan litekeela jakinaraztea. PEGI sailkapena bideojokoaren karatulan ikusgarri agertu behar den ikono-kode ulerterraz baten bitartez adierazten da. Bideojokoaren edukian zigarroak agertzen badira, adibidez, aipatu dugun kode horretako drogen ikonoa ikusiko dugu azalean.
Ez gakizkion eduki soilari lotu, ordea: balizko erabiltzaileak nolabaiteko nerbio-afekzioa edo antsietatea nozitzen duen edo, bestela, epilepsia-koadrorik ager dezakeen jakitea garrantzitsua da, horrelakoetan bideojoko jakin batzuk kaltegarri gerta lekizkiokeelako.
Nornahik ez daki bideojokoak ezin direla jostailuen zakuan sartu. Liburu edo filmetik gertuago dabilen aisi mota hau dezente konplexuagoa da eta, nahasketaren arrazoi bat, produktua definitzen duen terminoaren osagaietako bat "joko" hitza izatean datza (erabiltzailearen adina 20 urte ingurukoa den arren). Anitzetan, edukiak errealitate birtualekoak bakarrik direla eta, hortaz, horko balioak monitoreko pantailara mugatuak daudela ulertzeko adinako gaitasun intelektualaz jantziriko pertsonarentzako oparia da bideojokoa. "Arturo erregearen abenturak" irakurtzea bakarrik ez da nerabeak Erdi Aroko lehietan parte hartu nahi izateko motiboa.
Bideojokoak askotan balio pedagogiko handia du, kontzeptu abstraktu, geometriko edo matematikoak asimilatzen laguntzen duelako. Jakin-min intelektual, musikal edo estetikoa sustatzeko ere balio du. Baliagarritasun praktikoa erakusten duen adibide nabarmenena hegaldien simulagailuak dira, aparatu hauek helikoptero eta hegazkinetako pilotu izango direnek ikasi eta entrenatzeko funtsezko lanabes gisa jotzen baitituzte.
Espainian bost pertsonatik batek bideojokoa darabilela kalkulatu da; Espainia Europako laugarren kontsumitzailea da Erresuma batua, Alemania eta Frantziaren ostean. Bideojokoaren negozioa 2004 urtean zinema, bideo eta musikarena baino handiagoa izan zen. Sektoreak irabazi zituen ia 800 milioi euro horiei esker, industria hori Espainiako aisialdiaren eragile nagusietako bat bilakatu da. Horren presentzia Eguberri aldera nabarmentzen da batik bat, orduantxe egiten baitira sektoreko salmenten %40.
Sailkapen ohikoena funtzionamendu eskemaren arabera egiten da:
| Adinen araberako sailkapena:
| |
|---|---|---|
| Edukien araberako sailkapena:http://www.pegi.info/pegi/index.do | ||
| | |
| Bortxakeria | Sexua edo biluziak | Beldurra |
| | |
| Drogak | Hizkera satsu edo arrunta | Diskriminazioa |
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa