Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Txokolatezko bonboiak: Gantz eta kaloria ugarikoak izatearren, tamainaz kontsumitu behar

Ehun gramo bonboik 510 - 580 kaloriaz hornitzen gaituzte; horien gantza, hein handi batean, saturatua da

  Txokolate beltz edo esnedunetan bilduak, pralinez, likorez edo kafez beteak... Jende askorentzat, dastatzeko unean bertan bizi dugun gozamenagatik, nekez saihesteko moduko tentazioa dira bonboiak. Espainian, dena dela, txokolate eta kakaozko bestelako produktuen kontsumoa (3,7 kilo laguneko eta urteko) Europako beste hainbat herrialdetan baino txikiagoa da: Suitza, Norvegia, Austria, Belgika eta Erresuma Batuan urteko eta laguneko 8 kilotik gora kontsumitzen da. Indarreko arauaren arabera, txokolatezko bonboia ahamen baten tamainako produktua da, zerbaitez beteriko txokolatez edo hainbat txokolate nahastuz (txokolate esneduna, txokolate familiar esneduna, txokolate zuria eta bestelako jangaiak, alegia, txokolatea produktu osoaren pisuaren %25 baldin bada, gutxienez) osatutakoa.

CONSUMER EROSKI-k laborategian azterketa eta ondoren dastatze proba egin zien laginei, 200 gramotik 370 gramorainoko kartoizko kutxetan zeutzan zortzi bonboi sortei, alegia. Horien prezioak arras desberdinak dira: merkeenarena, kiloko, 20 euro izaki (Valor), ia 34 euro kostatu zen garestiena, kiloko (Uña).

Askotariko bonboiak egiteko prozesuan hainbat lehengai baliatzen dira, hala nola azukrea, kakaoa, kakao gantza, bestelako landare gantzak, txokolate esnedun, zuri eta beltza, trufa, pralinea, kafea, fruitu lehorrak, pattarrak eta aromak, besteak beste. Bistan denez, osaketa nutrizionala aldatu egiten da, markaren arabera ez ezik, kutxa bereko bonboi batetik bestera ere bai. Analisi honetan, lagin bakoitzean sorta osoa aztertu da, kutxa bakoitzeko ale guztiak kontuan hartuta, arras desberdinak izan arren. Hortaz, lagin bakoitzaren gaineko osaketa nutrizionala bonboi sorta guztiari dagokio.

Kontsumitzaile gehienek inoiz edo behin, aparteko egun edo ospakizunetan, kontsumitzen duten produktua bada ere, elikagai den neurrian, halakotzat jo beharra dago bonboia: zeinahi barietatetakoa dela ere, dieta orekatu eta osasuntsutik arras urruti dabil bonboia, ezaugarri nutrizional jakin batzuk ditu-eta. Karbohidrato asko (laginen arabera, %49 eta %64 bitartean) eta gantz ugari (%26 - %38) daukanez, ehun gramo bonboik 510 eta 580 kaloria ditu. Erabat ongi ez dabilen urdailarentzat digestio astuneko produktua izateaz gainera, gantz horiek, hein handi batean, saturatuak dira, osasunari mesede gutxien egiten diotenak, alegia. Bonboiren bat inoiz edo behin hartzeak (beti tamainan aritzea komeni da) ez dakarzkio arazo handirik kontsumitzaile arruntari; baina gizentasuna, hipertriglizeridemia, diabetes edo digestio trastornorik nozitzen duenak eta behazunean kalkuluak dauzkanak ez du kontsumitu behar.

Zortzi laginen egoera higieniko-sanitarioa egokia da eta, areago, lagin bakar batean ere ez da atzeman genetikoki eraldaturiko lehengairik. Etiketa ere, denek zuzen eta egoki dute.

  Txokolatearen kalitatea neurtzeko parametroetako bat kakaoaren edukia den arren (lehengai honen kostua handia da), laginak puntuatzeko garaian ez zaio aintzat hartu eduki hori ale bakoitzari. Noski, askotariko bonboiak direnez, ezin ondoriozta daiteke kakao gehiago edukitzearren erabilitako txokolatea hobea dela: kutxa batek txokolate zuriz eginiko bonboi gehiago (horrelakoek kakao gantza baizik ez dute, hots, ez daukate kakaorik) edo fruitu lehor, gaileta zein pattar gehiago betegarrian baldin badauka, guztirako masak proportzioz kakao gutxiago edukiko du. Baina horrek ez du esan nahi bonboiaren kalitatea kaskarragoa denik, lagin horrek, txokolateaz gainera, bestelako osagaiak ere (kalitatezkoak, hauek ere, eta kakaoa bera baino garestiagoak, zenbaitetan) badauzkala baizik: horiei esker kutxako edukia oparoago eta, agian, erakargarriago gerta dakioke erostunari.

Dastatze proban jasoriko emaitzen arabera hiru multzo osatu dira: kalifikazio hoberena Guylian, Trapa eta Lindt-ek osatutakoak jaso du. Multzo horretako laginen mailara iritsi gabe, kategoria onekoak dira Nestlé eta Lacasa multzokoak; hirugarrenean, gainerako hirurak agertzen dira, kalifikazio apalagoekin. Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Trapa laginak eskaintzen du: prezioa ertaina du eta, gainera, bere gantzak bigarren aukera den Lindt laginaren batez bestekoak baino osasuntsuagoak dira.

Etiketa eta ontzia

Zortzi lagin hauen etiketa aztertu eta kalifikatzeko unean, produktu honi aplikatzen zaion arauteria ("gizakien elikadurarako kakao eta txokolatezko produktuak" du izendapena) hartu da aintzat. Etiketak, dakigun bezala, datuok agertu behar ditu nahitaez: marka erregistratua, salmentako izendapena, enpresaren identifikazioa (izena eta helbidea), osagaien zerrenda, pisu garbia, lotea, kontsumo egokieneko data, kontserbatzeko modua ("toki fresko lehorrean") eta ikusmen eremua, hori dena espainolez. Arautegiek xedatutakoa etiketa guztiek betetzen duten arren, azalean kutxak dauzkan bonboien kopurua agertzea eskertuko luke kontsumitzaileak. Baina informazio hori Uña (38 bonboi), Lindt (34 bonboi) eta Lacasa-k (20 bonboi) bakarrik ematen dute.

Nola egiten diren txokolatezko bonboiak

Bonboiaren txokolatea moldatzeko kakao orea, azukrea, kakao gantza, landare gantzak eta, barietatearen arabera, bestelako osagaiak ere baliatzen dira (esne hautsa edota esneki solidoak, adibidez). Aurreneko eragiketa, berariazko makinetan lehengai nagusiak nahastea da (kakao orea, azukrea, kakao gantza eta beste hainbat). Ondoren, nahasketa findu egiten da, hots, bonboia dastatzean ez nabaritzeko moduko partikula txikiak erdietsi arte eho behar da orea. Ondoren eragite edo oskoltzea dator: produktua zenbait ordutan astintzen da, frikzioari esker nahasketa epeltzen den arte; bertatik azido lurrungarriak eta ura lurrundu egiten dira. Aurreko fasean txokolatea 70ºC edo 80ºC-tan egon denez, orea epeltzea izango da hurrengo eginkizuna. Atzenean produktua egokitu eta moldatuko da, nahi den itxura eta tamaina har dezan, eta azkeneko osagaiak eransteko: fruitu lehorrak, kakao hautsa, etab.

Txokolatezko bonboia eta gantza

Bonboiak gantz ugari dauka, kakao gantzez eta, neurri apalago batean, esnez osatuta dagoelako (bigarrena bonboi hauen %5 baizik ez da, orokorki). Kakao gantzak kate luzeko gantz azido saturatuak ditu nagusi. Horietako batek -azido estearikoak- gainontzeko gantz saturatuek ez bezala, ez du kontsumitzailearen odoletako kolesterol maila altxatzen. Kakao gantzak baditu bestelako gantz azidoak ere, hala nola palmitikoa (saturatua, osasunarentzat kaltegarria), oleikoa (monointsaturatua) eta linoleikoa (poliintsaturatua eta funtsezkoa).

Guztirako gantza, batez beste, produktuaren %34 da; gutxien daukatenak Cadbury bonboiak dira (%26), beste muturrean Guylian eta Valor (%36) agertzen direlarik. Gantz horretan azido saturatuak dira ugarienak (%52, batez beste), hots, osasunari mesede gutxien egiten diotenak; intsaturatuak, berriz, %48 inguru dabiltza, batez beste. Trapa bonboietan bakarrik alderanzten da proportzio hori (intsaturatuak, guztirako gantzaren %61). Dena dela, kontua gantz saturatu horiek kontsumitzailearen osasunean duten eragina aintzat jotzea denez, azterketa honetan azido estearikoa (gantz saturatua izan arren, ez ditu eragiten gainerako gantz saturatuen efektu kaltegarriak) batetik eta, gehiegi kontsumitzen direnean, kaltegarri gertatzen diren azidoak, bestetik, bereizi ditu.

Gantz profil egokieneko laginak Trapa eta Lacasa dira, osasunarentzat kaltegarri gertatzen diren gantz saturatuen proportzioa txikia delako marka hauetako bonboietan: gantz saturatua guztirako gantzaren %21 eta %26 da, hurrenez hurren; Lindt eta Guylian laginek, aldiz, gantz proportzio handienak agertzen dituzte (%32 batak eta %28 besteak). Produktu bakoitzaren guzirako gantza kontuan hartzean, ordea, Trapa eta Lacasa bonboiek osasuntsuenak direla frogatzen dute, beren osaketaz ari garela: edukiaren ehun gramotik 8 eskas dira osasunarentzat mesedegarria ez den gantz horri dagozkionak; Lindt eta Guylian bonboietan, berriz, 11 gramo inguru dabil zifra hori.

Ikuspegi nutrizionaletik, gantzaren ezaugarriak baino areago bonboiaren izaera energetiko handia azpimarratu beharra dago, azukre eta gantz ugari baitauzka: ehun gramoko 550 kaloriaz hornitzen gaitu bonboiak, batez beste, hots, txokolatezko produktuok baino askozaz ere osasuntsuagoak diren hurrek eta gainerako fruitu lehorrek bezainbeste. Zortzi laginak dabiltza 500 kaloriaren gainetik, (Cadbury-tik hasita (508 kal. 100 gramoko) Guylian-eraino (581).

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto