Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Akuiferoak: Lurpeko ur baliotsua

Baliteke akuiferoen aprobetxamendu iraungarriak berebiziko hutsunea betetzea, aski ur edangarririk ezean

  Ura da planetako natur baliabiderik preziatuenetako bat. Mila milioi gizakik ur edangarririk ez edukitzearen ondoriozko gaitzek 3,5 milioi pertsonaren -haurrak, gehienbat- heriotza dakarte urtero-urtero. Hortaz, baliabide honen justiziazko banakuntza eta ustiapen iraungarria ditugu XXI. mendera begirako apustu nagusietako bi. Helmuga horretarako bidean, oso litekeena da akuiferoek berebiziko hutsunea betetzea.

Gizakia urez hornitzeko, funtsezkoak

Uraren jarioa eta, era berean, ura lurpetik ateratzea bideratzen duten arroka zein bestelako estratu porotsu eta iragazkorrez osaturiko geruza bat edo gehiago dituztenez, funtsezko likido horren iturri ezin preziatuagoak dira lurpeko formazio geologiko horiek. Espainiako hiri-hornikuntzari dagokionez, lurpeko ura hamabi milioi espainiarrek baliatzen dute: Bartzelona, Jaen, Alacant eta Valentzia dira horrelako ur gehien kontsumitzen duten lurraldeak; udalerrietan, berriz, Castellók hornikuntza guzti-guztia akuiferoetatik dakar eta Almeriak %80n. Kanaria eta Balear uharteetako herriek ere gehienbat lurpeko ura baliatzen duten arren, proportzio hori murriztuz doa, itsas uraren gezatzea dela medio.

Hiri handi baten ur hornikuntza laguntzeaz ari garela, Madrilek dauka akuifero behienetako bat, behin baino gehiagotan ur guztiaren %30 bertatik hartu izan duelarik. Dena dela, hiri-hornikuntzan baliatzen den lurpeko ur-kopurua inguruko beste hainbat herrialdetan baino dezente urriagoa da: herrialde horiek, izan ere, horrelako ura nahiago izaten dute, lur azalekoak bezainbesteko poluzioa jasotzen ez duelako eta, gainera, edangarri gertatzeko nozitu behar duen tratamendu kimiko eta bakteriologikoa merkeagoa delako.

Kalitate oneko ura

Espainiako akuiferoek kalitate oneko ura ematen dute, orokorki, erabilera guztietarako. Kalitate hobereneko ura Ipar arroan, Duero ibaiaren buru-unitateetan eta Guadarrama Mendilerroaren ertzean, Tajo ibaian, ohikoak diren formazio karbonatatuetatik ateratzen da. Era berean, Guadiana ibaiaren goi-arroan, Guadalquivir ibaiaren hegoaldeko hainbat unitatetan eta Jucar eta Ebro ibaien barne-unitateetan eta Kataluniako barne-arro batzuetan ere lortzen da ur ona.

  Nolanahi ere, kutsadura hedatuz doa egunetik egunera -dagoeneko eskualde batzuetan presente dago- , hainbat arrazoi direla medio: hazkuntza intentsiboetan nekazaritzako konposatu kimikoak oker baliatzearren, hiri eta industri hondakinak isurtzearren eta itsasertzeko akuiferoak oker kudeatzearren (edo ez kudeatzeagatik): hauek, azkenean, itsasoko ur gaziak kutsatzen dituenez, gizakiak edateko ez du balio izango aurrerantzean ur horrek. Arazo hau bereziki latza da, akuiferoa kutsatutakoan atzera egitea biziki konplexua eta garestia delako.

Gehiegizko ustiapena

Kutsadurarekin batera, gehiegizko ustiapena dute akuiferoek arazo latza. Ur gehiegi ateratzen da bertatik, geroz eta ugariago eta larriagoak diren nekazaritza, industria eta bestelako premiei aurre egingo bazaie: horrek, akuiferoaren ur-maila etengabe jaistea eta kalitatearen endekapena ekartzen du, ezinbestean. Horrela luzaro jokatzen jarraituz gero, akuiferoa nekez berrekura daiteke eta, areago, horietako batzuk behin betiko lehortuko dira. Gehiegizko ustiapena gerta ez dadin, urteko batez besteko ur-punpatzeak batez besteko kargatzea baino txikiagoa izan behar du: horrela ez da behin ere agortuko.

Espainiako Uraren Liburu Zuriak dioenez, bertako Hego-ekialdeko, Mediterraneo itsasertzeko eta Mantxako akuiferoen %20 baino gehiago era ez jasangarrian baliatzen ari dira. Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuaren aburuz, herrialde honetan neurriz gainetik ustiaturiko akuiferorik ez dagoen arren, Murtzia, Alacant eta Almeria lurraldeetako batzuk gehitxo ustiatzen omen dira.

Horrelako mehatxuei buru egiteko moduko balizko irtenbideak argi omen daude: baliabideak era jasangarrian ustiatzea, aurrezkia bultzatzea eta ur-ustiakuntzaren areagotzea galaraztea. Akuiferoak salbatzeko modu txalogarria ere ipini da praktikan: akuifero gainetan baltsak egin eta gertuko ibai edo urtegietatik ur soberakinak ekartzea. Horri esker, ur-mailari eustea lortzen da eta, gainera, baliabidea egokiago aprobetxatzen laguntzen da.

Hitz batez, akuiferoetan dagoen ura desagertzea edo ur horren kalitate eta kantitatea jaistea arazo larri-larria da kontsumitzen den ur horren hiru laurdenak lurrak arregatzeko baliatzen dituen Espainia horretan, nekazaritzarik errentagarriena Espainia idor horretakoa izaki.

Prebentzioa

Akuiferoetako ur kantitate eta kalitatea zaintzeko formula badiren arren, baliabide horren ezaugarri bereziez aginduta, nahitaez egin behar den lan hori ez da bat ere erraza. Lehen-lehenik, lurpeko uraren berriztatze-erritmoa -euriek eta ibaiek dakarten kantitatearen arabera aldatzen dena- geldi-geldia da. Bestetik, arazoak ez dira unean bertan atzematen, askoz ere geroago baizik, lurpean zirkulatzen duen uraren dinamika ere geldia baita: hortaz, arazo horiek konpontzeko hartzen diren neurrien eraginak ere dezente geroratzen dira. Egoerak, gainera, hamaika dira, denak desberdinak, eta adituek ez dauzkate oraino behar adina datu arazoa sakon aztertzeko.

Horrenbestez, lurpeko uren mantentze hori prebentzio printzipioaren arabera eratu beharra dago, lurpeko urak kutsatzeari edo gehiegi ustiatzeari saihets eginez, kontrolik gabeko isurketa eta, segurtasun neurririk hartu gabe, jarduera arriskutsuak gauzatzea mugatuko dituzten arautegi eta bestelako lanabesak finkatuz. Adiera horretan, lurpeko ura zaindu eta babestea Europar Batasunaren funtseko helburuetako bat da. Arteztarau baten bitartez, Batasunaren ur-ingurunea mantendu eta hobetzea helburu behinena dela aldarrikatu da eta, bereziki lur gaineko urez ari bada ere, lurpeko uren egoerak berarekin loturiko uretako eta lehorreko ekosistemetan izaten duen eragina ere aintzat hartzen da; ikuspegi horretatik, beraz, ura egoki dagoen exijitzen da. Arteztarau horretan xedaturiko beste helburu bat, Batasun Europarrean uraren erabilerak jasangarri izan daitezen erdiestea denez, lurpeko uren babesa ere aintzat jotzen da, gizakien kontsumorako baliabide diren aldetik.

Espainiako akuiferoak

Akuiferoetan dautzan lurpeko uren aprobetxamendua egin izan da Espainian milaka urtez. Horren estreinako lekukotasunak Brontze Arotik datozkigu, Almeriako Gata eta El Argar-eko galerietatik eta Los Millares akueduktutik. Erromatarrek ere, beraiek taxutu eta gauzaturiko ingeniaritza hidraulikoaren hamaika testigantza utzi zituzten arren, arabiarrak izan ziren Espainian lurpeko uraren eskala handiko aprobetxamendua sartu zutenak.

Egun, Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuak emaniko datuen arabera, gure herrialdean (Kanariar uharteak kanpo, horiek sumendi-akuifero itzela baitira, berez) mila akuiferotik gora dira, herrialdearen azaleraren erdia baino gehiago betetzen dutenak, eta urtearen buruan hogei edo hogeita hamar mila milioi metro kubiko urez hornitzen gaituzte, erreserba askozaz ere handiagoa delarik. Lurpeko ur horrekin zuzkitzen dira hiri eta industria erabileren %30 eta nekazaritza-ureztatzeen %27; dena den, banakuntzak gorabehera eta desberdintasun ugari erakusten ditu, Espainiako Uraren Liburu Zuriak zehaztu duenez.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto