Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
EROSKI CONSUMEReko kanalak
Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Psikologia
Barre-algarek emaitza fisiko eta psikologiko mesedegarriak eragiten dituztenez, egunero praktikan jartzeko moduko aztura da irriz aritzea
Goi Erdi Aroko monasterio bateko lau horma mardulen artean polizi nobela oso bat taxutu zuen Umberto Ecok, barearen ahalmenak agerian uzteko helburuz. "Arrosaren izena" istorioan, barre-algaren onuraz Aristotelesek egin omen zuen filosofi lana herriari ezkutatzeko xedez, asasinatuak ere gertatzen dira eleberrian. Fikzio hutsa da hori, jakina, baina ez dabil errealitatetik urrun, hainbat toki eta garaitan -gaur egun ere, esaterako- zuhurtziazko jokabidea serio, goibel, are zakar eta gozakaitz agertzea izan baita, barre egin eta umore onez agertzea azalkeria eta heldutasun faltarekin lotu izan den bitartean. Ikerlanek -autore eta semiologo italiarrak asmatu zuenak, adibidez-, zorionez, herri jakituriak intuitzen zuena eta egun zientziak berresten duena frogatu egin dute: irri egitea osasungarria da.
Irria garuneko kortexaren aurrealdean aurkitzen da, garuneko atalik eboluzionatuenean, hain zuzen. Alderdi horretan, adituen aburuz, sormena, etorkizunarekin hausnartzeko gaitasuna eta morala daude. Nolanahi ere, urteak bete ahala, jakintsuago omen garen heinean, irri egiteko, barrez lehertzeko edo egoerari alderdi barregarria bilatzeko naturaltasun hori galduz goaz. Horregatik, zenbaitetan irri egiten ez ezik, barre nola egiten genuen gogoratzen ere ikasi beharra dago.
Barre-algarei organismoa energia kaltegarritik askatzeko ahalmena aitortu zien Sigmund Freudek. Eta ahalmen hori zientifikoki frogatu zen, irri egiten hasi eta hortik segundo batera garuneko kortexa bulkada elektriko negatiboak askatzen dituela egiaztatu zutenean. Ebidentzia horri jarraiki, aspaldi honetan barrea terapia gisa finkatu egin da hainbat alorretan.
Barre egiten dugunean, endorfina jakin batzuen ("entzefalinen") segregazioa eragiteko beharrezkoa den informazioa igortzen du garunak. Substantzia horrek morfinaren antzeko propietateak ditu: mina arintzea eta areago, garunetik linfozito eta beste hainbat zelula motataraino, birusei eta bakterioei aurre egiteko mezuak bidaltzea, alegia. Endorfinen eginkizun nagusia, dena den bizi-tonuaren eta depresioaren arteko oreka bilatzea denez, substantzia horrek determinatuko du gure aldartea. Bestela esateko, horren arabera, ondo edo gaizki egongo gara. Ikusten dugunez, irri egiten ikastea ikusi batera dirudien baino dezente garrantzitsuagoa da.
Psikoterapia zentro batzuetan jorratzen den lan-ildoa irri-terapia da, taldekako ariketa eta jolasen bitartez, gorputzak sortzen dituen hainbat hormonaren produkzioa bizkortzea helburu duena, sistema immunitarioa orokorki indartuz eta hainbat blokeo gainditzen lagunduz. Horretarako, gorputzeko tentsioak askatzen laguntzen duten teknika zenbait -gorputz adierazpena, jolasa, dantza, arnaste-ariketak, masajea, etab.- baliatzen dira barre-algarara iritsi ahal izateko. Kontua da sano eta naturaltasun osoz irri egitea, irri-karkarak barru-barrutik jalgi daitezen, umeetan bezala. Jardunaldi horietan, funtsean, egoeren pertzepzioa bestela orientatzen ikasten du jendeak: horrelako trantzeetan amilduta, geure burua eta besteena ikusteak barre eragiten baitigu denoi.
Barrearen faktore sozialak ere nabarmendu behar ditugu, hala nola bere izaera kutsakorra, sozialki deserosoak diren egoerak salbatzeko mekanismoa izatea, umorearen komunikazio-ahalmena, etc. Alor sozialeko disfuntzioetan alderdi horiek berebiziko garrantzi terapeutikoa izaten dute.
Inoiz eta salbuespen gisa, irri edo barrea eta umore ona baliabide terapeutikotzat aplikatzen duten zentroetara joan beharko genukeen arren, ohiko kontua irria auto-administratzea izango dugu, horretarako aukerak bilatuta.
Ongizate fisiko eta mentalari eusteko beharrezkoa da irri egitea. Funtzio biologiko hau geure burua lasaitzeko, sentitzeko eta maitatzeko gure ahalmena zabaltzeko bide hobezina da.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa