Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Julián Ríos Martín, Zigor-Zuzenbidean espezialista: "Zigorrak gizatasuna erauzi egiten du, inondik inora"

 Julián Ríos Martín, legetan doktore, abokatu eta Comillaseko Unibertsitate Pontifizioan Presondegi-Zuzenbideko irakaslea, figura erreferentziazkoa da, bai esparru akademikoan, bai asoziazionismo alorrean ere, presoen eskubideen errebindikazioan ez ezik, zigor-legeria eta kartzela-neurriak eraberritzearen alde ere eginiko lanagatik. Bere diskurtsoak dotrina kristaua eta oinarri iraultzaileak ditu euskailu, delituaren aurka justizia ezarriko duen bitarte gisa. Ríosek aldarrikatzen duen horren sustraian zerbait ikusi dugu: zigorrean ez delitugileak, ez biktimak aurkituko dute merezi dutena. Gizarteratzea fededun urri dituen neurria dela dio, jendeak ez duela sinesten eta gizartea horretarako prest ez dagoela, alegia; halaz ere, berak horretan fede osoa zuenez abokatu gisa, lehendabiziko errudun presoa etxean apopilo hartu zuen: "Askatasuna eskuratzen lagundu nionez gero, askatasun horretaz baliatu ahal izan bitartean behintzat, laguntza ez emateari ez nion bidezkoa irizten". Harrezkero (badira hogei urte), predikatzen duenarekiko koherentzian jardun du. Orain gidatzen duen ekimen abangoardiakoaren izena handi-mandi samarra da -"justizia berrezartzailea"- eta lege-hausle eta biktimaren arteko artekaritza sustatzea du oinarri. "Gizakizkoak dira bi alderdiak. Bata eta bestea aurrez aurre jarrita, elkarri begietara so egin eta enpatia sortzea lortzen dugu: batak barkamenak eskatzea, besteak barkamena eman ahal izatea. Mesede handiagoa egiten du horrek indemnizazioa agertzen duen paper bat edukitzeak -indemnizazio hori, iristekotan, tantaka helduko da eta- edo kondena egunak igarotzen uzteak baino".

Kartzela ez da gustuko irakurgaia, ezta argitaratzeko gai aproposa ere, baina gizartean geroz eta eragin biziagoa duen errealitatea da. Zer dela eta, ostrazismo hori?

Kartzelaren inguruko guztia da ilun. Presondegi bateko hormen barruan sartzea biolentziak sekulako presentzia daukan espazio itxi batean sartzea den aldetik, ez da inoren gustuko kontua. Pertsona delinkuente izateari uzteko prestatua omen dagoen toki horretan ikasi beharreko lehen araua mesfidantza da, bizirik irauteko ezinbestekoa baita hori. Ez naiz ari orain herioa gainean dabilkigula eta horrelako kontuez, suizidio eta asasinatuen kopuruak oso pozgarriak ez badira ere; bestelakoaz ari naiz: kartzelan bizitzeko bakarrik balio duten parametroen barnean jarduten ikasi behar dela esan nahi dut; baina horrek ez du ezer zuzentzen, aberasten, hobetzen; ez zaio inori onuragarri.

Inperfekzioak baditu ere, erruduna zigortzeko eta biktimari ordaindua emateko modua kartzela dela onartzen du Espainiako lege-sistemak. Helmuga horiek erdiesteko bestelako biderik bururatu al zaizu zuri?

Gaur egun erruduna zigortzeko eratua dago dena. Biktimari aditu ere ez zaio egiten. Helburua zigortzea da, zergatiak aztertu gabe. Biktimari justizia eskaintzeko dela esaten den arren, gauzatzen diren delituen %80etan -aldez edo moldez, jabetzaren kontrakoak- biktimak ez du ordainik kausitzen ez prozeduran, ez ebazpenean ere; areago, ordainik bilatzekotan ere, hutsaren hurrengoa eta arras berandu jaso ohi izan da, ahantzi eta episodio hura gainditurik bizitzen ikasteko ahaleginetan luzaro jardun ondoren. Sistema judizialaren funtzionamendu eskas honetan, biktimak epaitegira joan behar izaten du, gogoz kontra, batzuetan erasotzailearekin batera izan behar du, arras delikatua ez den burokrazia astuna jasan... ebatsi zaion ondasuna gutxi-gutxitan berreskuratuko badu. Era horretan, biktimak ez du ikusten egin zaion kaltea konpondurik.

Zigorrarekin ere oso kritiko agertu zara.

Zigorrak gizatasuna erauzi egiten du, inondik inola, are konponbide bakar edo saihestezintzat jotzen denean ere. Errealitateak diosku bide horretatik askotan ez garela helburura iristen, Espainiako Zuzenbideak dioenez, behintzat, kontua zigorretik haratago heltzea baldin bada. Bestetik, desberdintasuna, bazterketa, prekarietatea eta antzeko arazo sozialen konponbidea kartzela dela eta, zigorrak laztuz segurantzia handiagoa eskuratuko dugula bururatzearen arriskua, egunez egun kartzela eta presoen kopurua areagotzea da, ikusten denez. Horrek, dudarik gabe, gastu handiagoa eginarazten digu eta banaketa horrek, bere aldetik, aurrekontuetako atal batzuk murriztea ekarriko du; beraz, hezkuntzan inbertsio urriagoak egingo dira, preso gehiagorik ez izateko benetan zerbait egin dezakeen bide bakarra hezkuntza bera bada ere.

Espainiako Konstituzioa, Kodeak eta arau judizialak birgizarteratzeaz ari direnean, nola ulertu behar dugu termino hori?

  Kartzelan sartzea dirudien bezain ezinezkoa ez dela denok sinetsiko bagenu, delituari ez generitzoke horren larri, ez ginateke mendeku gorriaren egarri, kartzelatik pasatu gabe, akatsa zuzentzeko bestelako aukera izatea gustatuko litzaiguke. Horma horien atzetik gertatzen denaz sentsibilitate handiagoa agertuko genuke eta aiseago konturatuko ginateke birgizarteratze kontzeptuak, kondena betetzen ari diren pertsonak deliturik berriro ez egiteko prestatzea, horrela ez jarduteko arrazoiak, aukerak eta baliabideak ematea esan nahi duela. Kontua birgizarteratze ikuspegitik enfokatu nahi badugu, noski, delitua egin eta kondena bete duen pertsonari harrera egiteko balio duen formula hauxe dela onartu eta onesteko prestatu behar dugu gizartea lehendabizi. Baina horrelakorik ez dugu egiten. Propaganda politikoan, hedabideetan, hezkuntza-programetan eta abarretan inortxok ere ez du birgizarteratzearen esanahi eta onuren azalpena egiten. Zin degizut, kartzelan diren pertsonek ez dute bertara itzuli nahi. Eskarmentua errepikatzeko gogoak kentzeko aski da presondegian egun bakar bat ematea. Ene ustez, presoei bestelako aukerarik emango balitzaie giltzapeari betiko egingo liokete alde.

Ikuspegi utopiko samarra da hori, ezta?

Inondik ere ez: ene burua errealistatzat daukat. Errealitateak eta ikerlanek ederki asko frogatu dute kartzela dela -presoaren nortasunaren ordez, identitate estigmatizatu eta erruduna ezar dakion xedez- bere nahia behin-behingoz makurrarazteko espazio bat. Bakardade teknikak praktikatzen ez ezik, elkartasunaren eta enpatiaren adierak zeharo ahazten ere irakasten ditu eskola horrek, eraginkortasun handiz irakatsi ere. Pertsona, berez izaki soziala bada ere, merkatuko gizaki bakarti eta kalkulatzailea bihurtuko du kartzelako biolentziak eta, aurrerantzean, bere satisfazioari zuzenean ez dagokion zernahiren aurrean indiferente biziko da.. Kondena itxialdiak bakarrik osatuko ez balu eta, eginiko delituagatik, biktima eta gizarte osoa ordaintzeko bestelako bideak baliatuko balira, pertsonak birgizarteratu egingo genituzke, delitugileak halakotzat betiko finkatu ordez.

Geroz eta delinkuentzia handiago dagoenez, bidezkoa omen da gizarteak konponbide gogorragoak eskatzea.

Segurtasuna, hain zuzen, hauteskunde garaietako arma garrantzitsua da, politikariak zeinahi koloretakoak direla ere: denek kalean segurtasun handiagoa eskaintzen dute, hau da, polizia gehiago ezarriko dutela eta atxiloketa gehiago egingo dituztela esan nahi du horrek. Delituak ugaltzen badira -eta injustizia sozialak areagotu ahala ugaltzen ari dira delituak ere- aurki ez dugu izango behar beste kartzela. Hori, dena dela, ez omen da estatu baten adierazgarri ona.

Zifrek agertzen dutenez, presondegietako populazioa jatorri atzerritarrekoa da, geroz eta gehiago: preso dauden pertsonen %27,5 horrelakoak dira, atzerrikoen guztirako populazioa biztanleria osoaren %5,2 baizik ez den bitartean. Horrek esan nahi du, immigrantea izanik, kartzelan amaitzeko aukerak espainolenak baino sei aldiz handiagoak direla, ezta?

Historia gogoratzea aski genuke, berriro ez errepikatzeko. Joan den mendeko seigarren hamarkadan ere gertatu zen migrazio latza baina ordukoa baserritik kalerakoa eta eskualde txiroetatik aberatsetara eta hiri handietarakoa izan zen. Bikoteek eta pertsona bakarrek etorkizun hobea hiri inguruetan, kanpoko auzategietan, alderik zigortuenetan bilatu zuten. Beraiek eduki ez zutena seme-alabei eman ahal izateko egunsentitik gauera arte ziharduten lanean. Seme-alaba haietako asko droga gogorrei erantsi zitzaizkien eta, droga-menpetasunaren ondorioz, delitu egin zuten. Egia da, gurasoek, hoberena nahi izaki, gogor jardun zuten lanean baina bide hartan ezin eman izan zieten seme-alabei garrantzitsuena: konpainia, heziketa, imitatzeko moduko eredua. Egun, immigranteen seme-alaba asko bakardadean edo beraien artean hazten ari dira, gurasoek eros dezaketen hoberena beraiei emateko lanean ari direlako gau eta egun. Haur eta gaztetxo horientzako artapena diseinatzen diru gehiago inbertitu beharko litzateke, egoismo hutsagatik bada ere: askoz ere hobea da lehen kategoriako hiritar bihurtzea pertsona liskartsu bilakatzea baino.

Gizaseme eta emakume delinkuenteen proportzio neurrigabea (%92,2 eta %7,8) zerbaitek azaltzen ote du?

Nik dakidala, behintzat, ezerk ez. Horrela da errealitatea baina horren arrazoia ematen ez dakit nik; dena den, nahiago nuke emakumeak horrela jarraituko balu. Nolanahi ere, bada hor paradoxa bat: kartzelara doan emakumearengan delinkuentzia-indize apal horrek eragin kaltegarria du, modulu femeninoetara bideratzen diren baliabideak txikiagoak direlako, muga finkatuak dituzten aurrekontuetan, beti ere: jende-metaketa, espazio propioen gabezia, haurtzaindegirik eza, baliabiderik eza da arazoa, oro har.

Zertan datza zure "justizia berrezartzailearen" proiektua?

Justizia berrezartzaileak gizatasuna eta duintasuna itzultzen dizkio gizakiari, hanka sartu zuen pertsonari akatsaz jabetzen eta arduratzen laguntzen diolako, eragindako kaltea konpontzea ahalbideratzen diolako. Eginiko delitua gorabehera, gizakiaren duintasuna ezin negoziatuzkotzat jotzen du eta, elkarrizketa eta bake-giroan, delitua konpontzea bideratzen duten neurriak eskaintzen ditu. Kartzela-artekaritzaren bitartez gorpuzten dute konponbidea delitugileak eta biktimak, zigorraren ordez elkarrizketa baliatuz. Biktimak artekari lanetan jardun -hau da, biktima bihurtu zuen gizaki hura ezagutu- nahi izan duen kasuetan bere asebetetzea eta ordaina jasoa agertu izan du.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto