Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Otordurik antolatzeaz, erosketak egiteaz edota janariak prestatzeaz era erregular batean behin ere kezkatu ez denarentzat sukaldaritza munduan murgiltzea apustu latza izan daiteke. Espagetiek, saltxitxek, aurrez prestaturiko jakiek eta noiznahi eskuragarri gerta daitezken arrautza eta patata frijituek azkenean aspertu egiten gaituzte eta, gainera, horrelakoak maizegi hartzea ez omen da dieta osasuntsu eta orekatuaren paradigmak agindutakoa betetzea. Ondo elikatu eta gustura jateko baldintzak, sakonean, hiru dira: lehena, nutrizioaz gutxieneko nozioak ezagutu eta errezetaren bat (soil-soilak badira ere) prestatzen jakitea; bigarrena, erosketak gure ahalmen eta premien arabera antolatzea; hirugarrena, jakitegia, hozkailua eta izozkailua ondo antolatzea, sukaldean aritzeko gogorik gabe edo berandu etxeratzen garenean jaki izoztu edo aurretiaz prestaturiko industrialak beti-beti hartu behar ez izateko.
Esnekiak, olioa, barazkiak, frutak, ogia eta bestelako laboreak, patatak eta ura.
Arraina (3-4 anoa asteko), gantz urriko haragia (3-4 anoa asteko), arrautzak (3-4 anoa asteko), lekaleak (2-4 anoa asteko), arroza, orea eta gainerako laboreak (2-4 anoa asteko) eta fruitu lehorrak (3-7 anoa asteko).
Gantzak (oliba, soja, ekilore eta gainerako hazi olioak izan ezik), gozokiak, opilak, pastelak, freskagarriak, izozkiak... Haragi gantzatsu eta hestekiak.
Egokitzat hartzen den laguneko kontsumo-kopurua da anoa baina kontzeptu hori aldatu egiten da pertsonaren adin, sexu eta gastu fisikoaren arabera. Eserita eta indar fisikorik egin gabe lanean diharduen pertsona baten premiak eta etxegintzan, arrantzan edo energi gastu handia ondorioztatzen duten jardueretako batean dabilen beste batenak desberdinak dira. Pertsona sedentarioak gantz eta azukre gutxiko elikagaiak hartu beharko lituzke (esneki gaingabetuak, haragi gihartsuak, etc.), olio eta karbohidrato ugariko elikagaien (laboreak, patatak, lekaleak) kontsumoa neurtuz. Pertsonak energi gastu handia eragiten dion lanean badihardu, karbohidrato ugariko elikagaien kontsumoa areagotzea komeni zaio: lekaleak (arroza, artoa...) eta konposatuak (ogia, orea, gailetak, etc.), patatak, lekaleak, olioa, etab. Plus hori bide osasuntsutik irabaz daiteke pertsona sedentarioak egin behar duen gosari edo merienda (infusioa eta fruta, edo esneki bat) baino tarteko otordu sendoagoak eginez (ogitartekoa eta fruta edo esnekia).
Izozturiko elikagaiak kontserbatzeko tenperatura egokia: -18ºC, gutxienez.
Jelatutakoan, elikagaiak ahalik eta lasterren kuzinatu eta kontsumitu behar dira. Desizozte prozesu hori hozkailuaren behealdean utzita edo mikrouhin labean (pieza handiekin baino hobe, txikiekin aritzea) sartuta egin daiteke baina inola ere ez giroko tenperaturan, toxikazio arriskua baitago horrela jardunez gero. Barazkiak ez dira zertan desizoztu: izozkailutik atera eta zuzenean kuzina daitezke; horrela egiten zaio saihets kalitatearen eta nutrienteen galerari.
Erosketa eguneroko kontua izan zen aspaldi, antzina. Egun, astean, hamabost egunean edo hilean behin azalera handirako bisita antolatzeak denbora puska bat kenduko digu baina merezi du.
- Ogia; baina iraupen luzeko moldekora edo biskoteetara ere jo dezakegu. Izoztu ere egin dezakegunez, gauean izozkailutik atera eta hozkailuan utzita, biharamunean ederki kontsumitu ahal izango dugu.
- Fruta eta barazkiak, jogurtak, gazta, haragi eta arrain freskoak. Bi hauetaz ari garela, errezeta gehien-gehienetan agertzen direnez, erosoena arrain eta haragi asko erostea eta pakete txikitan izoztea da (lagun bakarreko edo gehiagorentzako anoatan). Arraina jelaturik eros dezakegu eta haragizko produktu zenbait (urdaiazpiko serrano eta egosia xerratan, etab.) izotz ditzakegu etxean.
- Orea, arroza, lekaleak, patata eta kuzinatzeko tipulak, baratxuriak, olioa, irina, azukrea, kutxako esnea, kontserbak, elikagai izoztuak (haragia, arraina, barazkiak etc.). Gehien-gehienak kopuru-mugarik gabe erosi eta etxean meta daitezke, iraupen luzekoak baitira.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa