Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Espainiako hamazortzi hiritako trafikoa alderatu da: Bilbon izan ezik, denetan mantsoena autobusa da
Proba praktikoen eta berariazko azterketen bidez, CONSUMER EROSKI-k Espainiako 18 hiritako (A Coruña, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Cadiz, Granada, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Iruñea, Donostia, Santander, Sevilla, Valentzia, Valladolid, Gasteiz eta Zaragoza) trafikoaren arintasuna ikertu du.
Aldizkari honetako teknikariek joan den ekainean hiri horietako bakoitzean aurretiaz erabakitako hainbat leku-aldaketa egin zituzten, garraiobide publiko eta pribatuetan (autobusa, motoa, taxia eta metroa, honelakoa dagoen hirietan) eta norberaren kotxean ibiltzeak erabiltzaileari xurgatzen dizkioten denbora eta diru gastuak konparatzeko xedez. Hiri bakoitzean, denera, 39 kilometroko distantzia egin zen, ordutegi berdinetan eta antzeko ibilbideetan. Denboren berri jasotzean, garraiobide bakoitzean eginiko ibilbidea ez ezik, bitarteko edo baliabide horiek hartzeko (autobus-geltokian, etc.) eta, beharrezkoa denean, aparkatzeko behar den denbora-tartea ere gehitu zen.
Espainiako hirietan egiaztatu denez, oso mantso dabil trafikoa (hiri horietan norberaren autoan kilometroa egitea, batez beste, 8 minutu kostatzen denez, 7,5 km-ko abiaduran doa zirkulazioa), hiri batetik bestera alde handiak hautematen dira eta alde horien zergatia ez da beti hiriaren tamaina edo populazioa: Alacant eta Santanderren Bartzelonan baino ia bi halako kostatzen da norberaren automobilean kilometro bat egitea: 15 minutu aurrenekoetan eta 8 bigarrenean. Kilometroa egiteko denbora gutxien Iruñean kostatzen da: lau minutu baizik ez. Hamazortzi hirien batez bestekoa zortzi bat minutu den arren, alde handiak daude. Iruñearen ondotik datoz (azkarrenetatik geldienetara): A Coruña (6 minutu eta 3 segundo), Malaga, Valentzia, Gasteiz, Granada, Oviedo eta Cadiz: hauetan, 6 -7 minutu behar dira kilometroa egiteko automobil pribatuan. Bilbo ere horietatik gertu dago (7 minutu eta 10 segundo). Automobilaren erabiltzailearentzako hiririk traketsenak Alacant eta Santander dira: 15 minututik gora kostatzen da kilometroa egitea. Ondotik Madril (11 minutu eta 40 segundo) eta Sevilla (ia 9 minutu eta erdi) datoz. Gainerakoak batez bestekoaren (8 minutu kilometroko) inguruan dabiltza.
Azterketan, garraiobideek erabiltzaileen presari ematen dioten erantzuna ere jasotzean, ustekaberen bat ere agertu da: hiri guztietan ez da motoa garraiobiderik lasterrena, adibidez. Bigarren azkarrena metroa da, Bartzelona eta Bilbon baina ez Madrilen (taxia arinagoa da) eta Valentzian (taxia eta automobila azkarragoak baitira). Taxia da bigarren lasterrena, hamahiru hiritan baina A Coruña, Gasteiz eta Murtzian, automobil pribatua. Hirugarren tokian autoa azaldu da hamahiru hiritan eta laugarrena (bosgarren, metroa duten hirietan) autobusa da, hiri denetan atze-atzeneko tokian, Bilbon izan ezik: hiri horretan automobil pribatua da motelena.
Hitz batez, metroa ez duten hirietan hiriko garraiobide eredugarria den arren, autobusa mantso-mantsoa da oraino: Santander, Murtzia eta Alacanten 20 minutu eman behar dira autobusean kilometroa egiteko, baina hori ez da mutur-muturreko kasu bakana: azterturiko hirietan autobusak 11,5 minutu behar ditu ibilbide hori egiteko; motoak 4,5 minutu, taxiak 6, metroak 7 eta automobil pribatuak 8 minutu (hamazortzi hiriak hartuta, batez bestekoez ari gara, noski). Autobusa lasterren doan hiria Bilbo da (kilometroko sei minutu pasatxo), baina Iruñea eta Cadizko autobusak ere arin dabiltza (7 minutu inguru); Malaga eta Valladolidekoak (9 minutuz azpitik) bezala. Biziki geldoak dira Oviedo, A Coruña eta Madrilekoak, 13 minututik gora behar baitute kilometroa egiteko.
Hiri bakoitzeko trafiko orokorraren arintasuna ere konpara daiteke, proba praktikoan erabilitako garraiobide guztien batez bestekoa kalkulatuz. Horrela ikusten da motordun ibilgailuan doazen biztanleentzat arinena Iruñea dela, gertu Bilbo, Cadiz eta Malaga datozkiola. Beste muturrean, aldiz, Alacant, Santander eta Murtzia motelenak dira, Madril (urrutitik) datozkiela. Bartzelona, hiri handia benetan, erdibidean agertzen da.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa