Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Patata frijitu ontziratuak, ohikoak eta light motakoak: Kaloria eta gantz asko daukatenez, hobe inoiz edo behin tamainaz hartzea

Light motakoek "ohikoek" baino %40 gantz gutxiago daukaten arren, horiek baino %15 kaloria gutxiago dituzte. Horrez gain, gatz gehiago daukate eta %40 garestiago dira

Patata frijitu ontziratuen sei lagin aztertu dira; zazpigarren lagina (Celigüeta Light), "patata frijituak" izenekin datorren arren, egiaz eta indarreko arautegiaren arabera -lagin horrek urratzen duena, hain zuzen-, "aperitiboko produktu frijitua" da: patata xerrak baliatu ordez, irina eta patata-fekula erabili ditu. Zazpi lagin horietako bik (Celigüeta markako hori eta Lays markako beste bat) light gisa agertzen dute bere burua. Bai zorroen edukietan (125 gramotik -Celigüeta Light- 300 gramora arte -Santa Ana-), bai prezioetan ere (kiloko, 4,95 eurotik -Lays-13,2 eurora arte -Sarriegui-) alde handia dago, lagin batetik bestera. Light motakoak, batez beste, ohikoak baino %40 gehiago kostatzen dira; hauen prezioa (Sarriegui laginarena izan ezik) 4,95 eta 5,80 euro dabil, kiloko.

Kaloria, gatz eta gantz asko dutenez, hobe da maiz edo kopuru handiz ez kontsumitzea; pertsona gizen edo hipertentsioa nozitzen dutenek, berriz, ohiko dietatik zeharo baztertu beharko lituzkete patata frijitu industrialak, ohiko estiloan frijitutakoek baino lau aldiz kaloria gehiago dituztelako (askoz ere ur gutxiago baitaukate). Laborategiko azterketak erakutsi zuenez, ohiko patata frijituen 100 gramok 530 eta 600 kaloria dituzte baina light motakoek 470 kaloria baizik ez dute; patata horien edukiaren gantza %30 eta %43 tartean dabil (light motakoetan, %20) eta, gainera, gatz asko-asko daukate: ohikoen edukiaren %0,6 eta %2 bitartean eta light motakoen %2,5. Dena den, era bateko eta besteko patata frijituen batez bestekoaren aldean, light motakoek ohikoek baino bi halako gatz daukate.

Prezioa eta kalitatearen arteko erlazio egokiena Lays eta Lays light laginek agertu dute. Bakoitza bere kategorian, biak dira merkeenak eta epai-mahaiko kideei gehien gustatu zaizkienak. Dastatze proban itxura, tamaina, zaporea eta bukaera, kraskatze-gradua eta gatz-puntua balioztatu ziren.

Ongi landuak, ongi samar etiketatuak

Kalitate-araua (gatza eta hezetasun gradua) lagin guztiek betetzen dute eta, gainera, higiene eta osasun aldetik egoki daude. Produktu horren nutriente nagusiak patatatik datozen karbohidratoak (produktuaren %43 eta %57 artean dabiltza) eta gantza (eduki osoaren %30 eta %43 artekoa) dira, bigarrena frijitzeko olioan datzana. Light motakoen bereizgarria karbohidrato gehiago (%67) eta gantz gutxiago (%20) edukitzea da. Proteina, patatarena soilik, urri agertzen da: produktuaren %4 eta %7 artean baizik ez. Hezetasuna ere txikia da: zazpi laginetatik seitan, produktuaren %1,5 baizik ez da ura. Hortik irteten den laginean ere, %3an baizik ez da agertzen. Ur-eduki urri hori da ontziratutako patata frijituen energia-ekarpen itzelaren arrazoi nagusietako bat.

Hiru lagin arauz kanpo uzten dituzten bi irregulartasun hauteman dira etiketetan: Celigüeta Light laginak ezin eraman lezake "patata frijituak" izendapena, patataren ordez "produktu aperitibo frijitua" baita; bestetik, Lays markako biek, izendapenean gatza aipatzen dute baina etiketan ez dute zehazten osagai horren kopururik. Sarriegui eta Santa Ana dira informazio nutrizionala ematen duten lagin bakarrak (argigarri hori, dena den, eskertzekoa da baina ez derrigorrezkoa, legez).

Kalitatea

Patata frijituen kalitatea epaitzeko, azterketa kimikoa egin eta produktua dastatzea ez da aski. Legeriak aintzat hartuak ez baditu ere, beste hainbat parametrok -hala nola ale akastun edo hautsien kopurua- produktuaren kalitatean eragin bizia dute eta kontsumitzaile askotxok garrantzi handia aitortzen diete. Sarriegui markako patata-aleen %57 akatsak dituzte (halakotzat jo dira patata oliotsuak, elkarri itsatsitakoak, hanpatutakoak, gaizki zuritutakoak, berdatsak, kanpo zein barrutik ilun edota xigortuegiak daudenak) baina gainerakoetan horrelako akastunak ez dira %25etik gorakoak. Akats gutxien dituena Lays (%16) da. Celigüeta Light laginak akatsik ez duen arren hori normala da: hauek ez dira, besteak bezala, patata-xerrak, itxura hori harturiko orezko xaflak baizik.

Produktuaren osotasunari dagokionez, hautsitako patatak -halakotzat jotzen dira jatorrizko xerraren erdia baino gutxiago agertzen dutenak eta 6 cm2 baino azalera handiagorik ez dutenak- %10 (Celigüeta Light) eta %54 (Celigüeta) artean dabiltza. Gainerakoetan, hautsitako aleak edukiaren %31 eta %20 artean daude.

Patata frijituak eta osasuna

Sarriegui laginean izan ezik (honek patatak frijitzeko oliba olioa baliatu baitu eta, kiloko, 13 eurotik gora doan bitartean, light ez diren gainerakoen prezioa ez da iristen 6 eurora), frijitzeko gantz edo koipea hazi-olioa da: ekilore-olioa bost laginetan eta artoa beste batean. Jakina denez, landarezko olioek ez dute kolesterolik; beraz, lagin guztien gantz-azidoen profila osasuntsua da, gantz-azido ez-saturatuak (guztien %90, batez beste) saturatuak (%10) baino askoz ere ugariago baitira; dena den, "ohiko" Lays patatak nabarmentzen dira, ez-saturatuen proportzioa %98,5eraino iristen baita. Sarriegui markakoak, oliba oliotan frijituak dauden arren, ez dira gainerakoak baino osasungarriagoak eta ez dira dastatze-proban bat ere nabarmendu. Bestetik, ikuspegi nutrizionaletik egiaztatu zen: patata-xerrak baliatzen dituztenak eta, legeria urratuta, irina eta patata-fekuladun orea erabiltzen dituztenen artean ez dago alderik.

  Ahalmen asegarri apalagokoak badira ere (hortxetik datorkigu gehiegizko pisua areagotzea: ez dira janariaren osagai, aperitibo baizik) ehun gramo patata frijituk dieta orekatua osatzen duten sarrera gehienek (oreak, lekaleak, barazkiak, entsaladak) baino kaloria gehiago dituzte. Patata horien balio dietetikoa hutsaren pareko da: kaloria eta gantz asko, ia bitamina eta zuntzik ez, proteina gutxi eta aipatzeko moduko mineral bakarra gutxien komeni zaiguna da, sodioa, alegia. Horrek esan nahi du, nutrizioaren ikuspegitik, alferrikako jangaia dela. Horregatik ez da aholkatzen era askotako osasun-arazoak (obesitatea, diabetesa, hiperkolesterolemia, hipertriglizeridemia, trastorno hepatiko eta behazunekoak, digestio zailak, hipertentsio arteriala eta likido-atxikipenarekin lotura duten gaixotasunak) nozitzen dituzten pazienteen dietan sartzea.

Akrilamida ote da XXI. mendeko arriskua?

Potentzialki kantzerigenoa den substantzia hau, karbohidrato ugari duten elikagaiak -patata, adibidez- tenperatura handiz berotzean sortzen da. Akrilamida maiz kontsumitzea eta desoreka neurologikoak agertzea ere eskutik omen datoz. Substantzia hau ez da mintzagai bihurtu duela urte gutxi arte eta oraindik ere polemika zientifikoak bizirik dirau: aditu denak ez datoz bat akrilamidak gizakien osasunean izan ditzaken eraginez aritzean, animalientzat kaltegarria dela frogatu arren.

Patata frijituek duten akrilamida-edukia txikia da lagin guztietan, batetik bestera aldeak hautematen badira ere: Celigüeta Light eta Vicente Vidal laginek 0,1 miligramo daukate produktuaren kilo bakoitzeko (mg/kg); Celigüeta eta Sarriegui 0,25 eta 0,35 mg/kg tartean dabiltza eta Lays eta Santa Ana, berriz, 0,5 eta 0,6 mg/kg artean; eduki handienekoa, inondik ere, Lays Light da: 1,25 mg/kg. Eduki horiek apalak direla esateak ba omen du euskarririk: elikagaiek gehienez eduki izan dezaketen akrilamida kopurua ez Espainian eta ez Europar Batasunean xedatu ez den arren, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) arriskugarritzat jo du egunean eta kontsumitzailearen kilo bakoitzeko 0,1 miligramo baino gehiago hartzea. Adibidez, 70 kiloko pertsona batentzat dosi kaltegarria 7 miligramotik gora luzaro hartzea litzateke; hau da, bestela esateko, gizaki horrek akrilamida gehien daukaten patata frijitu horietatik ia sei kilo kontsumitu beharko lituzke egunero.

Nolanahi ere, argi dago gauza bat: zenbat eta gutxiago kontsumitu, orduan eta hobe. Baina egunero zenbat irensten dugun kalkulatzeko eragiketa matematiko askotxo egin behar da, substantzia hori daukaten elikagaiak ugari dira eta. NBEko adituen batzorde batek substantzia hori elikagaietan murrizteko bidearen bila segi dezan eskatu dio oraindik orain elikagai-industriari. Iturri bibliografikoen arabera, akrilamida daukaten elikagaien batez besteko edukiak honela agertzen dira, goitik behera: gailetak, ogi xigortua eta cracker izenekoak (0,42 zm: zati milioiko hau neurri-unitatea da, mg/kg horren baliokidea), gosaltzeko laboreak (0,3 zm), kafea (0,2 zm), opil industrialak: 0,11 zm), ogia (0,05) zm eta kakao-hautsa (0,07 zm).

Aldizkari honek azterturiko patata frijituen akrilamida-edukiak Europako beste hainbat herrialdetako hedabide espezializatuetan argitara emanikoen parekoak dira eta, hortaz, ohikoak eta aurrikusteko modukoak, produktu honetaz ari garela. Horrek, ordea, aperitibo hori inoiz edo behin eta kopuru txikitan kontsumitzen bada ere, ez digu arreta desbideratu behar: akrilamida daukaten elikagaien zerrendan patata frijituak (azterketa honetan, eduki osoaren batez beste 0,46 zm eta laginetako batek kopuru horren ia hiru halako dituela) lehen postuan agertzen dira, ondotik gaileta, ogi xigortu, craker eta gosaltzeko laboreen aurretik.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto