Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Aldi honetan kalitateko bizimoduaz eta ongizateaz gozatzeko aukera ematen duten aspektuetako bat sexualitatea erabat bizitzea da
Obario-funtzioen amaieraren ondorioz, emakumeak ematen duen ugaltzeko gai izatetik gai ez izaterako urrats horri klimaterio deritzo. Bizialdi horretan hiru estadio bereizten dira: aurre-menopausia, menopausia eta menopausia-ostea. Hortaz, sensu stricto, menopausia hemorragia ziklikoak behin betikoz bukatzen diren garaia da, obuluek hormona femeninoen (estrogenoak eta progesteronak) produkzioaren aldaketa burutzean, hain zuzen. Horrek esan nahi du emakumea ugaltzeko gai ez dela izango aurrerantzean baina inondik ere ez sexu-jarduera amaitu zaionik, ez desira aldetik, ezta gozatzeko gaitasun aldetik ere.
Aldaketa -kualitatiboa goitik behera- era neurobegetatiboan agertzen da: arnasestuak, izerditzea, taupaden azelerazioa, bertigoak, zorabioak eta zefalea edo burukominak nozitzen ditu emakumeak orduan. Eraldatze genetikoak ere agertzen dira, kolagenoaren murrizketa dela eta: larruazalak malgutasunik galdu eta zimurtzen hasten da. Baliteke osteoporosi prozesua hastea ere; gantzaren banaketa bestela egiten du organismoak eta hipertentsioa, diabetesa eta kolesterol maila altua agertzeko joera areagotu egiten da... Horiek ez ezik, loaren trastornoak, atrofia genitala eta idortasun baginala egokitzen da.
Sintoma horiek emakume gehienek azaltzen dituzte; baina, horiez gainera eta emakume batetik bestera alde handiak daudela aintzat harturik, batzuetan alterazio psikiko eta zailtasun sozialen sorburu izan daiteke menopausia. Agerpen horiek nabarmen edo oharkabeagoak izatea, traumatiko edo eramangarriagoak izatea, emakumeak bere bizitzaz duen pertzepzioaren arabera aldatzen dira. Negar errazeko kapituluak, sentikortasun handiagoa, sumingarritasuna, kontzentratzeko zailtasunak bilatzea, oroimenaren galera sentitzea, antsietatea, neke-sentsazioaren areagotzea, sexu-grina areagotu edo apaltzea... hasitako etapari dagozkion ondorioak dira. Kontua da egokiera hori esker oneko bizialdi gozagarria bihurtzea. Adiera horretan, sexualitatea asetasunez bizitzeak garrantzi handia du, ugaltzeari uzteak ez baitu ondorioztatzen sexu-desira edo plazerra sentitzeari edo emateko gai izateari uztea.
Sexualitatea pertsonari berez datxekion gaitasuna da, eta eboluzio-uneari eta subjektuaren berariazko bereizgarriei egokitzen zaie. Maitatzeko eta maitatua sentitzeko beharrarekin ez ezik, plazerra sentitzeko eta sentiarazteko premiarekin ere lotua dago sexualitatea. Esan gabe doa ez dagoela adin-mugarik maitatzeko, ezta sentitzeko ere. Egia da, menopausiak dakartzan aldaketa korporal, hormonal eta psikologikoek irauten duten epe horretan sexu-jolasean aritzeko egarrian eragin zuzena duten sintomak ager daitezkeela: sexu-grinaren laguntzailerik egokienak, gainera, ez dira idortasun baginala, arnasestuak, zefaleak edo insomnioa, baina horiek kasuan kasuko eragozpen isolatu baizik ez dute izan behar eta, halakotzat, erraz sendatzeko modukoak: horretarako daude kremak, jeleak, eta bestelako botikak. Sendatze zailekoak bestelako sintomak dira, emakumearen barne-munduari dagozkionak, aipatutako horiek bezain agerikoak ez izanagatik ere baldintzatzaile zorrotzagoak direnak: horiek gainditzea, bizitzako beste hainbat oztopo eta zailtasuni aurre egiteko hartu izan den jarreraren araberakoa izango baita.
Menopausia emakumearen sexu-bizitzan aldaketa eragin dezakeen elementu determinatzailea ez bada ere, aldatze-bide horretan zailtasunak sortu ohi dira.
Menopausia, hitz batez, berebiziko unea da eta, halakotzat, bidean gelditu eta gogoeta egiteko aprobetxatu behar da. Gure bizitzako urte asko bete duen ugaltze-aldiari agur egin eta bide berriari ekin behar zaio, hori bai, konfiantzaz eta ilusioz.
Ginekologoaren kontsultara joatea, nozituko ditugun aldaketez informazio sakona jasotzeko.Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa