Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Andrés Vicente Gómez, zine ekoizlea: "Harro utziko ez nauen filmik ez dut egingo"

 

"Pelikula bat egitean esku hartzen duten lanbide guztietan gutxien ezagun duguna ekoizlearena da. Produktorearen estereotipoa gizonezko potoloa, ahoan purua duena, automobiltzar batean ohi doana eta dirua barra-barra maneiatzen duena bada ere, errealitatean zeharo bestelakoa da: zine industriaren engranajean lanbide batean diharduen profesionala da".

Definizio hori Lolafilms espainiar zinemako ekoizpen-etxe nagusiko arduradun den Andrés Vicente Gómez-i entzun diogu. Oskar saririk jaso zuen Belle Epoque filma, Torrente eta El Día de la Bestia arrakastatsuak, Remando al viento txalotua, Jamón jamón, Soldados de Salamina, La comunidad, El año de las luces, Beltenebros eta beste hainbat film dira elkarrizketatuaren titulurik nabarmenetako batzuk. Pelikula horiek Rafael Azcona eta maila horretako beste gidoilari zenbaitek idatzi dituzte, Fernando Trueba, Pilar Miró, Alex de la Iglesia, Gonzalo Suárez, Bigas Luna eta antzekoek zuzendu eta hainbat genero jorratu dituzte, hala nola drama, komedia, suspensea... Oso pelikula desberdinak dira denak, helburuz eta aurrekontuz, baina ezaugarri bat dute denek: Andrés Vicente Gómezek ekoitzitakoak dira.

Nolako zereginak ditu ekoizleak?

Eleberria irakurtzetik, laburmetraia ikustetik edo albiste bat entzutetik, adibidez, ideia bat edukitzen duen pertsona da ekoizlea. Hori zineman ipini nahi duenez, gidoilariari kontakizuna idatz dezan agintzen dio; ondoren, errodajeaz arduratuko den zuzendariaren eta zuzendaritzari dagokion guztiaren bila hasi beharko du: aktoreak, ekipoak, kanpoaldeko eszenategiak, muntaiaren arduraduna eta beste hamaikatxo aukeratzea dagokio. Baliteke lehen prozesu hori ekoizleak finantzatua izatea; hortik aitzina, proiektuak aurrera egitekotan, banku kredituak eskatu eta pelikulan esku hartu nahi duten enpresen kolaborazioak lortzen ahaleginduko da.

Zer dela-eta zara ekoizle?

Gertakari jakin bat izaten da pertsonen destinoa adierazten duena. Nirea, batxilerra amaitzean egokitu zen, une hartantxe bi lan-aukera bainituen: bankuan edo hotelean sartzea. Gurasoen nahi eta asmoen kontra, bigarrenera jo nuen eta, hasi eta handik hiru hilabetera, lantokia nuen hotel hartan bizi zen zinema ekoizle atzerritar batek, hasieran aktoreen ordezkaritzako bulego soil bat baino ez zen proiektuan parte hartzeko gomit egin zidan. Hura gustuko nuenez, Ingalaterrara jo nuen, ingelesez ongi ikastera (hori derrigorrezkoa bainuen, zineman segitzeko). Gerora, ekoizleak berarekin lanean jardun nezan inbitazioa egin zidan eta laguntzaile gisa hasi nintzen lanbidean. Horrela nenbilela, Salkind familiaren lantaldean sartzeko aukera suertatu zitzaidan, Parisen. Huraxe izan nuen nik ene Sorbonatxoa. Etxera etorri eta Comanche Blanco filma (Madrilen errodaturiko western bat) ekoitzi nuen, Joseph Cotten-ekin batera. Horretan dirua neronek jarri nuen patrikatik, Finlandian izana nuen istripu batengatiko indemnizazioa eta gordeak neuzkan aurrezkiak elkartuta. Horrelaxe hasi zen dena.

Horrela esanik kontu soil-soila dirudi baina, errealitatean, Lolafilms Espainiako zinemak duen ekoizpen-etxe behinena da. Zein da sekretua?

  Zinemaren negozioa osotasun gisa ulertzen ahalegindu naiz: bertan, ekoizleak filmeko prozesu guztiak ezagutzeaz gainera, publikoak eskatzen duena edo zinemara ohi doan populazioaren sektore bati interesgarri gerta dakiokeena asmatzeko nolabaiteko sentsibilitatea agertu behar du. Eskuetan daukadana, beraz, proiektua filmari egokitzen asmatzea da: izan ere, zerikusirik ez dute Estatu Batuetan 150 milioi dolarrez egin den eta mundu zabaleko areto guztietan erakutsiko den filmak eta, irizpidetzat, ikuskizuna saritu ordez, artea lehenetsita, publiko-nitxo jakin bati zuzendu zaion pelikula espezializatuak. Ezin ahantz gaitezke banaketarekin, gainera: funtsezko fase horretan, ekoizlea bakar-bakarrik dabil. Errodajea amaitutakoan, bertan esku hartu dutenek beste norabait doaz eta obra hastapeneko produktore horretxen eskuetan dago berriro: bere ardura da orain filma heltzea, estreinatzea, ikustea, telebistetara iristea, zinemaldietan agertzea eta atzerrian proiektatzea.

Horrenbesteko lanetan murgilduta, ba al duzu astirik beste inoren zinemarik ikusteko?

Lanaren partea da hori ere. Urtean ehun eta hogei bat film bidaltzen dizkidate kide naukaten hiru akademietatik (amerikarretik, europarretik eta espainiarretik); era horretan, beraz, titulu garrantzizko eta bestelakoen aukera zabal-zabala daukat etxean bertan. Horrez gainera, iristen ez zaidan hori ikusteko paradaren bila ohi noa zinemaldietara eta, gainera, seme-alaba eta ilobekin joaten naiz zinemara, bestela ikusiko ez nituzkeen pelikulak ikustera. Eta, noski, hainbat herrialdetako aldizkari espezializatutako kritikak ditut gidari.

Kritikariei aditzen al diezu?

Norbaiten iritziz beste aldera eta, oro har, arbitrario diren arren, kritikariek arrazoia izaten dute. Horien ikuspena publiko jakin batena denez, erreferentzia dut, eraginak eta interesak gorabehera. Dena den, hemen eta gainerako guztian, balio-judizioa irakurlearen ardurapekoa da. Oso litekeena da Irango pelikula batek hemen kritika biziki onak jasotzea, garrantzi itzeleko obra zinematografiko izatea, baina laudorioak sortarazi dituzten zergatiek ez dute agian zerikusirik areto komertzialetan erakusteko helburuz egin den pelikula batekin. Eta kritika gogorrak egingo zaizkio, apika, artelan gisa daukan balioagatik baina, dudarik gabe, aretoak betetzeko eta horrelako dibertigarriaren bila joan den publikoaren nahiak asetzeko balioko du; hortaz, bere balioen arabera beteko ditu helburuak.

Zein da kontua, hortaz, zinema egin ala aretoak betetzea?

Bi horiek ez dira elkarren kontrakoak. Zineman hamarretik batean bakarrik lortzen da arrakasta; geu, berriz, gainerako bederatziei saihets egiten ahalegintzen gara, landu dugun hori ikus dadin gura dugulako. Saura, Erice, Maura eta Vicente Arandarekin lanean jardun izan naizenez, "autoreren" pelikularik egiten ez naiz tematu behin ere. Dena den, biziki film komertzialak egin ditut, zinema niretzat diru-bide den industria kulturala ere badelako.

Non ote datza kultura eta negozioaren arteko muga?

Ene ertza, lotsagarritzat joko nukeen zerbait ez egitea da. Izan ere, ekoitzi dudan guztiaz harro nago. Kasuen %80etan proiektuak liluratu egin nau, gainerako %20etan koiuntura jakin bati egokituriko filmak izan dira edo, ene ustez, jendeak gustura ikusiko lituzkeenak dira baina horiek, komertzialak izan ezean, ez nituzkeen egingo. Egin ditut, nola ez, behin ere inondik ere komertzialak izango ez ziren pelikulak, aldez aurretik horretan seguru egonik.

Zinema industria, ikuskizuna ala artea den galdetzera garamatza adibide horrek.

Zinema industria da, sekulako dirutza mugiarazten duen eta milaka lanpostu sortzen dituen industria itzela. Bada hor ere artea den zinema: horixe dugu, hain zuzen, XX. mendeko arte mugimendua. Irudimena dantzan jarrita, Goya joan den mendean bizi izan balitz, zineasta izango zen. Orain, zinea oro ez da artea, nahiz eta zineak oro izaera kulturala duen. Pelikula txar, erdipurdiko edo onak, mundu-ikuskera jakin batetik sortzen den ordezkapen sinboliko dira. Esate baterako, 60. urteetako film ezin itsusiagoak garai oso bat aztertzeko unean lagungarri ditugu, hau da, gertatzen ari zenaren, jendearen jantzien, harremanen, sinesmenen eta abarren lekukotza dira.

Hori al da estatuko subentzioak justifikatzeko biderik? Pintura ere kultur adierazpidea da baina oso-oso gutxitan jasotzen du Aurrekontuetatik dirulaguntzarik.

Ez dut uste zinemari dirulaguntzak eman behar zaizkionik faktore kulturala edo arte adierazpena izatearren, industria (defizitarioa) den aldetik baizik. Produktuek kostu gaitza dute eta gainera, espainiar zinemari dagokionez, nekez amortiza daitezke, merkatua txiki samarra dutelako. Hirurehun milioi espainieradun horrena falazia hutsa da, dimentsio kulturalagatik, hain zuzen: ez da aski hizkuntza berean aritzea, kultura berekoak izan behar dute ikusleek eta, dudarik gabe, Espainiakoa eta Ekuadorrekoa desberdinak dira, adibide bat jartzearren. Bestetik, merkatu den aldetik, Latinoamerikaren balioa hutsaren hurrengoa da. Horrenbestez, espainiar zinemak irauteari -autopistak egiteari bezalaxe- gobernuak garrantzizko baderitzo, dirulaguntza industrialak eskaini behar dizkio. Lehenago gauza bera egiten zuen prentsarekin, papera subentzionatuz, alegia. Hitz batez, estatuak zineman duen interesa auzitan ipin daiteke baina ez finantza-emaile izatea. Zinema diruz laguntzen duten herrialdeak laurogei baino gehiago direnez, Espainian gertatzen dena ez da arras harrigarria.

Merkatua zabaltzeko eta produktua unibertsalago bihurtzeko, ingelesez errodatzeko egokitasuna eztabaidatzen ari da oraindik orain.

Aspaldi zabaldutako eztabaida da hori, baina aurrekontu handi-handiko filmetan bakarrik litzateke bidezkoa. Pelikula xumeago batez, zuk benetan gura duzun publiko horrexenganaino iritsiko zara. Proiektua talde bietatik zeini ote doakion erabakitzea funtsezkoa da eta, horrexegatik hain zuzen, behin eta birritan izaten ditugu akatsak hor. Vargas Llosa-ren Fiesta del Chivo eleberrian oinarrituriko pelikula egin berri dut, ingelesez egin ere, kostua zortzi milioi eurotik gora joan zaidalako: sei milioi baino gehiago kostatzen den pelikula amortizatzea oso-oso zaila da. Zer esango dizut, estreinatu bitartean ez dakit asmatu dudan ala ez.

Nondik nora sortzen zaizkizu zalantzak?

Txarteldegian ikuskizun handiak, komedia ganberroak eta zombien istorioek izaten dute arrakasta, horiexek dira zinemara ohi doan jendeak maite dituen generoak. Badira hor ere salbuespenak, pelikula sakonagoak, etc., baina ez gaitezen engaina. Esate baterako, Solas filmak hautsak harrotu zituen, horrelako film gehiagoren eskean baina, errealitatean, horrelako pelikulak egiten dira, berrogeita hamarretik gora, akaso. Zer gertatzen den? Jendearenganaino iristeko magia faktore hori ez dutela denek, bakanen batek baizik.

Zer gertatzen da, orduan: ikuslea kritikari batzuk adierazten duten bezain ergela da (zombien filmak kontsumitzen dituen aldetik) edo azkar-azkarra da, gertatzen denean, magia txalotzen duelako?

Publiko zabala zinemara arratsalde pasa ohi doa, aisi produktu bat kontsumitzera. Publikoaren parte txiki batek ikuskizuna aberasbide jotzen du eta, inoiz edo behin, azalera handiko pelikularik ikusten du baina publiko zabalak behin ere ez du ikusten artelanik. Hori, dena den, eremu eta alderdi guztietan gertatzen da: batek bihotzeko prentsa erosiko dizu eta besteak aldizkari zientifikoa; bada zinemara ongi pasatzera doana eta buruari eraginez disfrutatzera doana. Bata bezain errespetagarria.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto