Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Sistema pribatuen abantaila eta eragozpenak
Lanbide liberala duen klase ertain edo hortik goraxeagoko heldua, bai sendagilearengana joatean, bai ospitaleratua izan behar duenean ere, erosotasuna lehenetsi eta espezialista hautatzeko aukera biziki baloratzen duena: hori da, gutxi asko, osasun aseguru pribatuetako bezeroaren profila. Espainian, populazioaren %17k (zazpi bat milioi pertsonak) osasun-artapen pribatuko asegurua dute kontratatua, Aseguru Erakunde eta Pentsio Fondoen arteko Ikerkuntza Kooperatiboak emaniko datuen arabera.
Gizarte Segurantzari dagozkion osasun zerbitzuen saturazioa, Espainian hautematen den bizi mailaren gorakada eta pixkanaka aldatuz doan pentsamolde berria (osasun munduarekin zerikusia duen guztiari ematen zaion garrantzia areagotu duena, hain zuzen) osasun sistema pribatuaren, hots, goraka datorren negozio horren arrazoi nagusiak dira: 2004 urtean horrelako polizen kontratazioa, aurreko urtekoaren aldean %4 igo zenez, aseguru konpainien sektorerik bideragarrienetako bat izan zen.
Medikuntza pribatuak hainbat poliza mota eskaintzen dituen arren, denetan zabalduena -merkatuko kuotaren %86 berea duela- lurralde nazionalean eta atzerrian zerbitzuak baliagarri dituen osasun artapen osoa da (famili sendagilea, espezialistak, etc.), konpainiako koadroetako sendagileak norberak hauta ditzakeenean. Ginekologia, pediatria eta traumatologia dira osasun sistema pribatuko erabiltzaileek gehien eskatzen dituzten espezialitateak. Hauek ez ezik, bestelako prestazioak ere ematen dituzte aseguru pribatuek, hala nola ospitaleko artapena, ebakuntzak, larrialdietako zerbitzuak, erditzeak, azterketak, miaketak, tratamenduak, medikuntza orokor eta espezializatua, etxez etxeko artapena, etab.
Bertsolariak zioen modura, ordea, "oro ez da urre": osasun artapen pribatuko konpainiak negozio bila dabiltzan enpresa baizik ez direnez, asegurua hitzartu nahi duenari berebiziko osasunaren jabe izatea exijitzen zaio: bezeroari baietza eman aurretik sekulako osasun azterketa gainditu behar du, onartua izango bada. Etorkizun hurbilean osasun arazorik izan daitekeen susmorik ñimiñoena agertuta, paziente hori ez da bezero bihurtuko: gaixotzeko aukerak dituen pertsona ez da konpainientzako bezero egokia.
Kontratu horien beste alderdi ezezagun samarra, beraiek aplikatzen duten hutsaldia da: polizako estaldura batzuk ez dira ematen hasiera-hasieratik, osasun sistema pribatuaren abantailez berehala onuradun izan nahi duten bezeroei saihets egiteko helburu argiarekin, alegia. Atera ahal izango diote zukurik sistema horri baina, hori bai, erabiltzaile "bihurriak" ez direla tarte batez frogatu ondoren.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa