Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Sukaldeko plantxa elektrikoak: Segurtasun proba lagin bik bakarrik gainditu dute

Kirtenetik heltzean erredurarik nozitzeko arriskua da parrilla antzeko hauen kontrako alderdi bakarra

  Elikagaiak erretzeko zazpi plantxa elektriko aztertu dira oraingoan. Horien prezioak 35 euroetatik (BJM) 84 euroraino (Fagor) doaz: bi lagin horiexek izan dira, hain zuzen, segurtasun-proba guztiak gainditu dituztenak. Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena BJM laginak agertu du: plantxa on horrek kuzinatzeko azalera handiena dauka baina, kontsumitzaileek eginiko erabilera proban, kalifikazio eskasena jaso du. Fagor da denetan garestiena baina interesgarriena ere bai, kalitatea lehenesten duen kontsumitzailearentzat eta, gainera, erabilera-proban puntuazio hoberena eraman zuen.

Plantxa horiei esker jaki goxoak presta daitezke ia-ia oliorik erabili gabe (gantz eta kaloria gutxiago hartzen da horrela) eta, bestelako ontze eta ontzien aldean, nutriente-galera arintzeaz gainera, erabilera eta garbiketa errazekoak direnez, geroz eta gehiago baliatzen dira.

Azterturiko zazpi parrillak aluminiozkoak dira eta azaleran polimerodun substantziez estalitako metalezko lama daukate, elikagaiak bertara itsatsi gabe ia oliorik gabe kuzinatu ahal izateko.

Laborategiak egiaztatu zuenez, tenperatura bizi-bizietan ere plantxen estaldurari ez zerion elikagaia kutxa zezakeen substantzia toxikorik.

Segurtasuna, funtsezkoa

Zazpi laginei ipini zitzaizkien segurtasun-proba zorrotz guztietatik BJM eta Fagor markakoek bakarrik gainditu zituzten den-denak. Heldulekuek behar bezain isolatzaile zirela frogatu zuten: arauak xedatua duen tenperatura baino dezente apalagoa hartu zuten; nolanahi ere, araudia biziki zorrotza denez, kirtenari heltzen zaionean aparatuaren atal arriskutsuak (plakaren azalera, adibidez) eskuekin ukitzerik ere ez du baimentzen. Proba horretan Delonghi, Ariete, Princess, LeBonVivant eta Ufesa laginek huts egin zuten: heldulekuetan dauden hatzak plakako gune bero-beroek erre ditzaketen horretan hain zuzen.

Beste hainbat proba ere egin ziren, hala nola honelako aparatuek agertu behar dituzten adierazpen eta marka guztiak dituztela, elektrizitate-karga duten ataletara hatzekin iristea ezinezkoa dela, ihes-korrontea eta zurruntasun dielektrikoa legez pairatutakoa baino handiagorik ez direla, okerreko funtzionamenduan nola jokatzen duten, suaren eta azaleko korronteen aurka heldulekuek nolako erresistentzia duten, 10º-ko plano inklinatuan mugitzen ez direla, duten erresistentzia mekanikoa eta helduleku nahiz kirtenak ohiko erabileran laxatzen ez direla, etc. Zazpi laginek dauzkaten heldulekuak bero-isolatzaile onak dira, denak plastiko edo altzairuzkoak. Zazpiek dute aparatua piztu eta itzaltzen duen termostatoa, plaka erabiltzaileak nahi duen tenperaturan manten dezan, eta argi txiki bat, funtzionamenduan noiz dauden hautemateko.

Zazpi laginetan ere, haria plantxatik bereizteak garbiketa errazten duen arren, horrek hari-biltze sistema ezartzea galarazten du. Plaka urrutien jartzeko aukera ematen duen haria (luzeena) Princess laginarena da: 260 zentimetro luze da, besteetatik urrun, 111 cm (BJM) eta 125 cm (Fagor) baitabiltza gainerakoak.

Delonghi, Ariete, Fagor eta BJM laginek daukaten koipe-ontziari esker, elikagai hondakinak batzen dira bertan, garbiketaren mesedetan. Hona beste pieza osagarri batzuk: zipriztinak galarazteko estalki gardena (Delonghi eta Ariete laginek daukatena), brotxetak moldatzeko Delonghi laginaren zotzak, BJM laginak daukan janariak zerbitzatzeko erretilua eta, amaitzeko, Fagor, Princess, LeBonVivant eta Ufesak dauzkaten egurrezko espatulak, azalera ez markatzeko.

Proba praktikoa

Plantxak hamaika erabiltzailek probatu zituzten, beraiek adierazitako argibide eta aholkuen arabera eta, azkenean, puntuazioa eman zieten hainbat alderdiri, 1etik 5era arte. Kontua zen sukaldeko ohiko erabileran plaka horiek nolako erantzuna ematen duten agertzea. Fagor lagina da jokorik hoberena ematen duena eta azkarren berotzen dena (4 minutu behar ditu), ondotik Ariete (4 minutu eta 15 segundo) datorkiola. Mantsoena, aldiz, BJM (6 minutu eta 30 segundo) da. Azalera homogeneoki berotzean hoberena, era berean, Fagor da (5 puntutik 5), ondotik Princess datorkiola (4,7 puntu). Ufesa eta BJM dira atal honetan eskasenak. Garbitzeko eta erabiltzeko erraztasunari dagokionez, Delonghi eta Ariete laginek ez dute proba gainditu, osagai desmuntagarri gehiegi dauzkatelako. Azalera ondulatua daukaten laginak, oro har, laukoak baino nekezago garbitzen dira. Erabilgarritasun eskaseneko gidaliburua BJM laginarena da eta osatuena, aldiz, Fagor laginarena. Deskonexio automatikoaren adierazlearen argitasunean, berriz, proba gainditzeke utzi dute zazpi laginek ere. Estreinakoz erabiltzeko argibideen atalean Fagor laginak jaso zuen kalifikazio hoberena; proba horretan, aitzitik, LeBonVivant, BJM, Ariete eta Princess laginek suspenditu egin zuten.

  Gantz, koipe eta hondakinak batzeko ontzia edukitzeari oso ongi deritzote erabiltzaileek; Fagor laginekoa bereziki nabarmendu dute, izan ere, baina Delonghi, BJM eta Ariete laginarenek ere puntuazio ona eman zuten. Segurtasun kontuez ari garela, Delonghi eta Ariete laginak seguruenak dira, erabiltzaileen iritziz, eta BJM eta Princess laginek gainditu gabe utzi zuten proba, horrelako aparatuei eskatu behar zaizkien baldintzak agertzen ez dituztelako. Hori, laborategian egiaztatu zenez, ez dator bat BJM laginaren izaera objektiboarekin (hauxe da, izan ere, segurtasun proba gainditu zuten bi laginetako bat).

Kontsumitzaileek eginiko azterketa gainditu ez duen lagin bakarra BJM da (5 puntutik, 2,8). Ufesa (3 puntu) eta LeBonVivant (3,1 puntu) "aski" soilean geratu dira (alderdi teknikoetan balorazio onak ez lortzearren, batik bat). Ariete (3,4 puntuz), Delonghi (3,5) eta Princess (3,3) aurrekoen gainetik dabiltza.
Erabilera probako hoberena, askozaz ere, Fagor izan da (5 puntutik, 4): adierazitako alderdi guztietan ez ezik, diseinuari erabiltzaileek oso egokia ("modernoa") deritzote eta.

Argibide eta gidaliburuak

Betebeharrekoa den bezala, aparatua itzalita dagoela "0" batez ("off" hitzarekin edo agian erabiltzaileak ezagutzen ez duen piktograma batekin egin ordez) adierazten duten bi lagin bakarrak Delonghi eta Ufesa dira. Princess laginak bere gidaliburuan ez du adierazten egokiro haria ekipo teknikoak bakarrik alda dezakeela.

Ariete eta Princess laginen berme-agiriak ez dira egokiak: lehena, italieraz soilik idatzita dagoelako; bigarrena, itzulpena gaizki-gaizki egina baitago eta, gainera, urtebete bakarrik eskaintzen duelako (legezko bermea bi urte izaki). Horrek, dena den, ez du galarazten 2003 urteko Kontsumo Ondasunen Bermeen Legeak xedatua duen bi urteko berme-aldia indarrean egotea, kontsumitzailearen mesedetan.

Arautegi-urraketa ez bada ere, nahiago genuke Princess, LeBonVivant eta BJM laginek aparatuaren estreinako erabileraz informaziorik emango balute. BJM laginak ez du aipatu ere egiten garbitze edo mantentze lanen berririk, ez du errezetarik ematen, etc. Fagor eta Ufesa, berriz, nabarmentzekoak dira, ingurugiroarekin loturiko hainbat ohartarazpen egiten dituztelako.

Potentzia, tamaina eta pisua

Plantxaren potentzia zenbat eta handiago izan, orduan eta kuzinatzeko aukera zabalagoak ditu erabiltzaileak eta, bestetik, ekipoak elektrizitate gehiago kontsumitzen du.

Plantxa hauen adierazitako potentzia 1.300 wattetik (Delonghi) 1.600 watteraino (Ariete) doan arren, adierazitakoa eta errealitatekoa ez datoz bat lagin guztietan: adierazitako eta egiazko potentziatik, azpitik %10erainoko desbideraketa eta gainetik %5erainokoa onartzen du arauak. Azterketan egiaztatu denez, Princess laginak adierazi baino %23 potentzia gutxiagorekin funtzionatzen du (baimendutakoaren halako bi eta gehiago, alegia) eta LeBonVivant laginak %11 gutxiagorekin.

Neurrietan paradoxa dugu, ikusi batera: azalera baliagarri txikieneko plantxa (Fagor, 837 cm2) aparatu txikienaren (Princess, 46x25,5x4,5 cm, guztira) bikoa da. Denetan handiena (gordetzeko unean ezerosoena, beraz) Delonghi da: txikiena baino hiru aldiz handiagoa, kasik. Azalera baliagarri zabalenekoa BJM laginak dauka, hots, txikienak (Fagor) baino %74 handiagoa.

Pisuan ere alde handiak daude, lagin batetik bestera: bi kilo pasatxotik hasita (Ufesa eta LeBonVivant) lau kilora arte (Ariete eta Delonghi).

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto