Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Bero kolpea: Tenperatura handien arriskua

Hilgarria izan daitekeen afekzioari saihets egiteko sendabiderik egokiena, prebentzioa

  Gizakia animalia homeotermoa da, hots, gorputzeko tenperatura egonkor mantentzen du, tarte batzuen barnean. Gorputzeko ohiko tenperatura 37º ingurukoa da, egunean zehar oszilazio fisiologikoak gertatzen direlarik: goizean apalagoa da eta gailurrera arratsaldeko lau eta seiak bitartean iristen da. Areago, 37,7 gradutara hel daitekeen arren, hori ere normaltasunaren barruan sartzen da. Muga horien ezarpena garunetik kudeatzen da, aurreko hipotalamotik, zehazkiago: gune termo-erregulatzaile horren ardura da gorputzeko tenperatura orekan mantentzea. Horretarako, gorputz atal zenbaitetatik iristen zaion informazioa prozesatu eta mekanismo egokitzaileak jartzen ditu martxan. Hotz handia dagoenean tenperatura altxatzeko mekanismoei eragiten die -dardara, basokonstrikzioa, etc.- eta bero dagoenean, aldiz, freskatze mekanismoak aktibatzen ditu: bihotz- eta arnasketa-maiztasuna areagotzea, larruazaleko odol zirkulazioa azkartu eta odol-hodiak zabaltzea, izerditzea ugaltzea, etab.

Zergatik igotzen da gorputzeko tenperatura?

Ingurune alorreko zergatiak:

  • Inguruneko tenperatura handia
  • Atmosferako hezetasun handia
  • Erradiaziozko bero-gainkarga (eraikinak, automobilak, etab.)

Zergati endogenoak:

  • Sukarra
  • Lan edo kirola egiteko esfortzu muskularra
  • Hipertermia gaiztoa

Kolapsoa beroagatik

Giza organismoan gehiegizko berotasunak eragiten dituen trastornoak ohiko kontuak baina larritasun eskasekoak dira, oro har. Giro bero eta hezeetan ariketa fisiko luzean diharduten pertsonei sortzen zaizkien karranpak izaten dira horien ezaugarrietako bat, adibidez. Hori baino larriagoa da beroagatiko kolapso edo nekea: berotasunera egokitzeko mekanismoetan kardio-zirkulatorioetan hutsegitea gertatzen den arren, gune termo-erregulatzaile hipotalamikotik datorren erantzuna ona ohi da. Agertzen diren sintomak ezagunak dira: ahulezia, nekea, burukomina, zorabioa, goragalea eta gonbitoa. Egoera honen hurrengo etapa izan daiteke muskuluak ez koordinatzea eta konortea partzialki edo osorik galtzea. Eragindakoa, horrelakoetan zurbil, izerditsu agertzen da baina bere tenperaturak normal edo pittin bat altu dirau. Horrelakoetan egin behar dena da:

  • Eragindakoa toki fresko aireztatuan, itzalpean, ipintzea
  • Ahoz gora ezartzea, ez erabat etzanik
  • Ur hotzeko konpresak buruan, garondoan, aurpegian eta bularrean aplikatzea
  • Gatz pixka bat (koilaratxo bat litroko) daukan ur freskoa trago txikitan edanaraztea
  • Eboluzioa jarraitzeko, egokiena sendagileak ikustea da.

Bero kolpea: organo anitzen hutsegitea

  Beroagatiko kolapsoa garaiz sendatzen ez bada, erasoa nozitu duena horren kontrako defentsa sendorik ez daukanean edo bero handiegia dagoenean, beroagatiko koadrorik larriena agertzen da, bero kolpea, alegia. Mekanismo termo-erregulatzaileek huts egin dute eta, azkar eta egokiro ibili ezean, pazientearen heriotza ondoriozta dezakeen organo anitzen hutsegitea jazoko da. Kolapso kasuan ez bezala, bero kolpea nozitu duenaren tenperatura altu-altua da -39 edo 40 gradutik gorakoa-, larruazala bero eta lehor agertzen da, konortea galduz doa pazientea eta koman sartzen da. Hil edo biziko larrialdia da: pazientea erietxera lehenbailehen eraman behar da. Garaiz tratatzen bada ere, gaitz honengatiko hilkortasuna altua da eta, gainera, bizirik suertatzen direnengan ondorio neurologiko eta bestelakoak ugari izaten dira. Behar bezalako tratamendua eman dakion, pazientea ospitalera eraman bitartean ur hotzeko konpresak ezarri eta ur hotza edanaraz dakioke, trago txikitan.

Gehiegizko berotasunaren eraginak nornahik ager ditzakeen arren, pertsona batzuengan ondorioak larriago izaten dira, horra:

  • 75 urtetik gorako zaharrak eta 6 urtetik beherako haurrak
  • Jaio berriak
  • Obesoak, diabetikoak, hipertentsioa nozitzen dutenak, bihotz eta arnasketan arazoak dituzten pertsonak
  • Tenperatura handietan ariketa intentsuak egiten dituzten kirolariak
  • Botika diuretiko, lasaigarri eta antidepresiboak hartzen ari diren pertsonak

Prebentzioa

Neurririk hoberena prebentzioa da: berotasunaren zeinahi eragin saihestea, alegia. Horretarako, tenperatura handien arriskua dagoenean, prebentziozko neurriak hartu behar izaten dira:

1. Etxean hartu beharreko neurriak:

  • Leihoak itxi eta etxea itzalpean jartzea
  • Etxeko toki freskoenetan egotea
  • Ur eta zuku ugari hartzea
  • Ur freskoz dutxatzea egunean hainbatetan
  • Alkoholik, janari astun edo berorik ez hartzea Kotoizko arropa fresko eta zabala janztea, kolore argikoa
  • Ariketa fisiko bizirik ez egitea

2. Kalean hartu beharreko neurriak:

  • Itzaletik ibiltzea
  • Arropa freskoa janztea
  • Maiz edatea
  • Bero mineko garaian automobila ez hartzea
  • Ez utzi autoan haurrik, pertsona zaharrik edo ezindurik
  • Atseden hartzeko, freskagarriak edan edo aire egokitua duten tokietara joatea

3. Mendian edo hondartzan:

  • Ez egon eguzkitan eguneko ordu zentraletan
  • Estali burua eta jantzi arropa zabala
  • Sartu itzalkinaren gerizpean
  • Baina zaitez maiz
  • Busti burua, aurpegia eta garondoa.

Bero oldea

Duela bi urteko uda partean nozitutako bero olde (do bero uhin) haren aitzitik American Journal of Epidemiology aldizkariak John Hopkins Unibertsitateak eginiko lan bat argitaratu zuen: bertan, muturreko tenperaturak eta populazioaren hilkortasunaren arteko erlazioa begi bistakoa zela zioten adituek eta "gutxieneko hilkortasun-tenperatura" (GHT) bazela zehaztu zuten, hots, 18-21 gradu artekoa iparraldeko hiriei zegokienez eta 24-32 gradu artekoa hegoaldeko hiri beroei. Emaitzek frogatzen zutenez, hegoaldeko hiriek hotza askozaz ere gehiago nozitzen dute eta tenperatura GHT horretatik jaisten denean pertsona gehiago hiltzen dira. Iparraldeko hiriek, berriz, berotasuna nozitzen dute gehien eta bertako hilkortasuna handitu egiten da GHT delakotik hiriko tenperatura gora doanean. Horrelaxe gertatu zen 2003 urtean Europa astindu zuen bero uhin harekin: milaka pertsona hiltzeak, eragindako herrialdeetako ministerioen arteko koordinaziorik eza, osasun pertsonal eta erietxeetako ohe gabezia (udako oporrek egoera are eta larriago bihurtu zuten) eta muturreko egoera horietan zaintzan jardun, alerta piztu, eta informazioa eman beharko zuen sistema falta agerian utzi zuen.

Aspaldi honetan jazotzen ari diren muturreko klima-aldaketak direla eta, klima-fenomeno horien ondorioak arin ditzaten "eguraldiak eraginiko larrialdietarako" plan bereziak martxan jartzeak berebiziko garrantzia du.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto