Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Giza, diru eta ingurugiro alorretan berebiziko galerak gertatzen dira, nahita edo axolagabekeriaz eraginik
Baso sutea eta uda bereiztezineko hitz andana bilakatu da. Estatistikek diotenez, Espainian gertatzen diren suteen erdiak baino gehiago uztail eta abuztuan jazotzen dira. Horregatik Espainia (bere azaleraren ia erdia betetzen duten baso-baliabideak edukita eta Europako bioaniztasun oparoenaren bizitoki izanik) arazo hori larrien nozitzen duen herrialdeetako bat da. Greenpeace-ren arabera, joan den mendeko azken hamarkadan urtean batez beste 18.000 sute jaso ziren. Baso Enpresen Elkarte nazional Espainiarraren txosten baten arabera, azken berrogei urteotan suteek 6,4 milioi hektareari eraso egin diete, hau da, urtean ehun milioi arbola erre dira (espainiar baso-azaleraren %1 inguru).
Datu ekonomikoak ez dira lasaigarriagoak: epe horretan 7.500 milioi euro galdu dira, 5.100 milioi ingurugiro alorrean eta gainerakoa lehengaietan. Hori gutxi balitz ere, giza inpaktua ere larria da: 2004ko ekainetik irailera arte gertaturiko suteetan 6 pertsona hil eta 27 zaurituak gertatu ziren. Horiez gainera, 4.166 pertsona ebakuatu egin behar izan zituzten eta 981 etxebizitza hutsarazi, Espainiako Guardia Zibilaren Naturaren Babeserako Zerbitzuaren (SEPRONA) arabera.
Jatorriari dagokionez, Ingurugiro Ministerioak emaniko datuen arabera gizakia da eragile behinena. Suteen %67 nahita eraginikoak dira eta %11 axolagabekerien ondorio; %4 baizik ez da kausa naturalek sortarazitakoa (tximistak, batik bat). Suteak eragiten dituena gizakia dela ederki frogatzen du WWF/Adena erakundeak emaniko datu batek -ikusi batera, kontraesanezkoak-: Galiziak, Espainiako lurralde hezeenetako bat izanik, sute gutxien nozitu beharko lituzkeen arren, zeharo alderantziz gertatzen da: 1998 eta 2002 urteen artean erregio horretan 11.000 sute gertatu ziren; kontuan izan dezagun epe horretantxe Andaluzian 1.000 baizik ez zirena jazo, nahiz eta hedaduraz Galiziaren bikoa den eta, gainera, bertako klima askozaz ere beroagoa izan.
Suteak itzaltzeko baliabideak hobetu eta biderkatzeari esker, erretako batez besteko eta guztirako area murrizten ari den arren, suteen kopurua goraka doa urterik urte. Greenpeace erakundearen arabera, faktore estruktural garrantzitsuen eraginez gertatzen da hori: landa utzi eta jendea oldeka hirira bizi izatera joan izana, ekosistemen biomasa biderkatzea (errekuntza-arriskua areagotuz) eta landa populazioak oraindik ere belar gaiztoei su ematea.
Suaren eragina igarotakoan ere naturak bere burua suspertzeko mekanismoak badauzkan arren, baso suteen intentsitateak eta errepikapenak basoei eta faunari eraso eta kalte egiten diete eta, zenbaitetan 120 urterainoko epea behar izaten dute zeharo sendatzeko, nozituriko erasoaren ondorioak atzeraezinak ez badira. Lurra behin eta berriro erretzeak berriz kolonizatzeko gaitasuna urritu egiten dio eta, horrela, sutean hil ez diren animaliek askotan beste norabait migratzen dute. Erosioak geroz eta lurzoru antzuagoak sortarazten ditu eta era horretan uholdeak eta lehorteak jasateko arriskua larritu egiten da. Basamortu bilakatzeko arrisku bizieneko herrialdea da Espainia: 15 milioi hektarea "arrisku bizi" edo "oso arrisku bizi" egoeran daude. Arazoari irtenbidea emateko asmoz, 2002-2006 eperako Basamortu Bihurtzearen aurkako Programako zuzkidura (egun, 4.000 milioi euroko aurrekontua duena) bikoiztu egin da.
Espainian baso suteen aurkako defentsa autonomi erkidegoen eskumenekoa da eta Ingurugiro Ministerioaren ardura, berriz, suteen kontrako borrokan jardun eta itzaltzeko baliabideekin laguntzea, funtsez.
CONSUMER EROSKI aldizkariak kontsultatu dituen adituen iritziz, suteen prebentziorako aurrekontua urterik urte handituz doan arren, oraindik ez da aski. Era berean, hainbat autonomi erkidegok eman dituzten datuen arabera, aurrekontu horietako batetik bestera alde handiak ikusten dira. Aragoik, adibidez, 18,5 milioi euro inbertitu zituen 2004 urtean eta Valentziar Erkidegoak epe berean 73 milioi, biek ere antzeko azalera dutelarik. Aurrekonturik handiena Andaluziak bideratu zuen: 101,5 milioi euro, hain zuzen.
Arauteriari dagokionez, basoak hobeki babesteko jomugaz 2003ko azaroan indarrean sartu zen Mendien legea, ingurugiro alorreko hainbat elkarteren iritziz, autonomi erkidego bakoitzak komeni zaion arabera aplikatzeko moduko lanabes malguegia da: lege hori indarrean dagoela ere, erre diren lursailak birkalifikatzeko aukera legokeenez, suteak eragiten dituzten espekulatzaileek kitzikagarria dute errealitatea. Aukera horri ateak ixteko, Lege hori aldaraziko duen aurreproiektu bat idaztea iragarri zuen Espainiako Gobernuak oraindik orain, suteek kiskalitako lurrak hogeita hamar urteren buruan gutxienez ezin daitezen birkalifika.
WWF/Adena erakundeak baso sutea prebenitzeko hainbat aholku emateaz gainera, sua piztutakoan nola jokatu behar den zabaldu du:
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa