Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Giza organismoaren osagai behinenaren propietateak mineral osaketaren arabera aldatzen dira
Gure planetan eta gure organismoan ura osasun iturri da. Izan ere, geure baitan daukagun osagai ugariena bera da, gure gorputz osoaren %50-60 ura izaki. Zelularik aktiboenak -muskulu eta erraienak, adibidez- ur gehien daukatenak dira. Baina, ura ezinbesteko badu ere, gorputzak ez du bera bildu edo metatzeko ahalmenik eta, horregatik egunero pare bat litro eta erdi ur galtzen du gizakiak gernutik (1500 ml), gorozkietatik (150 ml), izerditik (350 ml) eta arnasketatik (400 ml). Beraz, egunero galdutako hori berreskuratu beharra dago, organismoa egokiro hidrataturik mantenduko badugu.
Ura (eta ura daukaten bestelako likidoak, hala nola salda, infusio, zuku eta abar) hartzea da gure gorputzak egunean galdutakoak orekatzeko modurik egokiena. Jaten ditugun elikagaiek daukaten ura irentsiz ere hidratatzen gara: barazki eta fruta gehienen edukiaren %90etik gora ura da. Jangai horiek gure dietan behar den proportzioan sartzen baditugu (egunean bost fruta eta barazki) ia litro bat ur irentsiko dugu eta, gainera, organismoak elikagaietako nutrienteak -karbohidratoak, proteinak eta gantzak- metabolizatzen (erabiltzen) dituenean 200 edo 300 mililitro ur sortzen ditu. Hortaz, ura izan edo bestelako likidoak izan, egunean litro eta erdi hartu behar dugu (6 - 8 basokada baino ez) ur galerak orekatzeko eta hidratazio maila egokiari eusteko. Edan beharreko ur kopurua handiagoa da bero dagoenean eta likido galerak handiago gertatzen direnean, hala nola ariketa bizia egitean, diarrea edota sukarra dagoenean, adibidez.
Mineral gatzak garraiatzen dituen eroalea da ura eta, hortaz, dauzkaten mineralen eta proportzioen arabera sailkatzen dira ur motak. Eduki eta kontzentrazio horiek kanpo aldera irten aurretik urak lurpean egin duen ibilbidearen arabera aldatzen dira, bertatik igarotzean hainbat mineral kopuru desberdinetan disolbatzen baititu. Berariazko propietateak dituzten ur mota zenbait sailkatu dira mineralen osaketa aintzat hartuta; horrelako urek, gure organismoa hidratatu eta garbitzeaz gainera, hezur eta hortzak mineralizatzen dizkigute, kariesaren eta gernu-infekzioaren kontrako prebentzioan laguntzen gaituzte, larruazalaren egoera hobetzen digute...
Osaketaren eta mineralizazio (mineral edukia, guztira) graduaren arabera, mineralizazio handikoak (hondakin lehorra, litroko, 1.500 mg-tik gora dabilenean), txikikoak (500 mg-ra arte) eta oso txikikoak (50 mg-ra arte) izan daitezke urak, eta denek dituzte osasunarentzat propietate mesedegarriak. Zenbaitetan ura mineral iturri oparoa izan daitekeelarik, nutriente horien irenste aholkagarria osatzen laguntzen gaitu, gabeziei saihets eginez.
| Ur mineralak | Mineral-osaketa (litroko) | Onurak |
|---|---|---|
| Bikarbonatatu edo alkalinoak | 600 mg bikarbonato | Digestioa bizkortu eta bihotzerrea neutralizatzen dute |
| Kaltzikoak | 150 mg-tik gora kaltzio | Kaltzioa da giza organismoan mineralik ugariena. Uretako kaltzioa ederki aprobetxatzen du organismoak eta hezur eta hortzen mineralizazioa laguntzen dute |
| Magnesikoak | 50 mg-tik gora magnesio | Hezur eta hortzen mineralizazioa laguntzen dute eta hein batean laxante gerta daitezke |
| Hiposodiko edo sodikoak | Hiposodikoak: 20 mg-ra arte | Hiposodikoak: giltzurrunetako alterazio, hipertentsio edo likido-atxikipenik nozitzen dutenentzat, haur txiki eta adin handiko pertsonentzat mesedegarri. Organismoa garbitzeaz gainera, gehiegizko likidoak kanporatzen dituzte. |
| Sodikoak: 200 mg-tik gora | Sodikoak: bihotzeko zein giltzurrunetako alterazio edo likido-atxikipenik nozitzen dutenentzat, haur txiki eta adin handiko pertsonentzat ez dira aholkagarri. | |
| Fluordunak | Litroko miligramo bat fluoruro baino gehiago | Hortzetako kariesa prebenitzen duten arren, ume txikientzat ez dira aholkagarriak; hortzak garatzen ari diren bitartean mineral honetatik gehiegi kontsumitzea fluorosiaren sortzaile izan baitaiteke, esmaltea gaizki mineralizatzea eta, hortaz, hortzen itxura aldatzea eragin dezake (ildaxkak edo orban marroiak azalean) |
| Ferruginosoak | Litroko miligramo bat burdina baino gehiago | Burdina-ekarpena egiten laguntzen dute; dieta egoki batekin hartuz, anemia prebenitzen dute |
| Karboniko edo gasdunak | Litroko 250 mg-tik gora karbono-anhidrido (CO2) edo gas libre | Gasa urak berez eduki dezake, edo erantsitakoa. Apetitua suspertu, bihotzerrea neutralizatu eta digestioa errazten dute. |
| Mineralizazio txikiko (500 mg-ra arte) edo oso txikiko urak (50 mg-ra arte) | Diuresia (gernua ekoiztea) eragiten dute. Haurrentzako elikagaiak prestatzeko eta sodioa kontrolatzeko dietetan edateko egokienak dira ur hauek; hipertentsioa, bihotz alorreko arazoak, giltzurrunetako harriak edo giltzurrun gutxiegitasuna zein likido atxikipena. | |
Pertsonaren ur-premiak aldatu egiten dira hainbat faktoreren arabera: galtzen duen likido kopurua, dieta, ariketa fisikoa, klima, adina, egoera jakinak (haurdunaldia, edoskitzaroa) eta osasun egoera, batik bat.
Behar adina likido hartzen dugunean organismoa egokiro hidratatua daukagu, osasunaren mesedetan.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa