Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Juantxo Fuertes, kirolaria: "Kirol egokitua ere ikusgarria da"

 Juantxok 29 urte ditu. Duela zortzi, igeriketa librean distantzia bat baino gehiagotan munduko eta Olinpiadetako hainbat marka hausteko aukera eman zion lehia-mundu hura utzi egin zuen. Bitxia bada ere, igeriketa ez zitzaion erakargarri eta, areago, uraren beldur zebilenez, aurreneko murgilaldietan hartu zituen ostikada eta hozkadak gogoan ditu oraino bere entrenatzaileak. Gerora, berriz, tamaina hartu zion.

Juantxo Fuertesek garuneko paralisia du, jaiotzean hipoxia nozitu izanaren ondorez. Kirola terapia gisa hartu bazuen ere, horretarako berariaz egina zegoela frogatu zuen: izaera tematia eta hobetzeko grina ditu ezaugarri nagusiak, bata zein bestea ditu bereizgarri bizitzan hasitako bide berrietan ere. Kirol alderdiari epilogoa Garuneko Paralisidun Kirolarien Espainiako Federazioko kirolarien ordezkari gisa ipini dio eta, horri esker, eskakizunak egiten dituzten bere kideen eta bekak eta sostengu-egitarauak eratzen dituzten instantzia garaien arteko lokarri bilakatu da. Horrekin etapa bati eman dio amaiera eta are zailago den beste bati hasiera: ezintasunik jasan edo ez, zailtasunak dituzten pertsonen gizarteratze lanean aritzeko bere burua trebatzea eta, bere ezagutza eta eskaintzaren bidez, laguntza paregabea ematea, hain zuzen.

Zure palmaresa maila goreneko kirolari askorena baino distiratsuagoa da: domina olinpikoak, munduko markak, mundu-txapelketak... Halaz ere, ez duzu besteek bezalako izen eta itzala hedabideetan. Nola bizi duzu egoera hori?

Aurretiaz kontu ezaguna dugu. Gutxiengoen kirola, egokitua edo egokitu gabea, ez da interesgarria. Kirol gutxi eta kirolari bakan batzuk izan ezik, atletok, ezinduak izan edo ez, badakigu bide hau afizio bai baina ofizio nekez bihurtuko zaigula. Aldatzeko premiarik ez, gainera. Atzenean kontua da pertsona hobea bihurtu, aberastu eta heltzen lagunduko zaituen zereginean jardutea. Beraz, saria den aldetik, ospeak ez du hemen berebiziko garrantzia. Dena den, gizarteak kirol egokituaz daukan kontzeptua aldatuko balu eskertuko nioke nik: bere ezaugarri eta guzti, hori ere ikusgarria da, esfortzua jendeari eskaintzen dioten gizon-emakumeek eginiko ikuskizuna da.

Publikoa gutxiengo txiki-txikiek osatzen dute.

Kirol egokitua ikustera doan jendeak, hastapenean, elkartasun hutsez diharduen arren, hori gainditu egiten da eta kirolari edo ekipo baten jarraipena egitea ere dibertigarria izan daitekeela konturatzen da. Hori bai, berealdiko interesa erakutsi beharko du, gehien-gehienetan hedabideentzat existitu ere ez baikara egiten: horrek gogorrago borrokatzera bultzatu behar gaitu, ordea. Gainerakoek gure merezimenduak txalotu arte ezin gara zain egon, lagundu behar gaituzteneko konplexu hori gainditu beharra dago, laguntza hori geuk bilatu behar dugu. Kirolari gara, oztopo eta eragozpenak gainditzen ohituak gaude, sektore hau mugitzen ez bada, bere espazioa errebindikatzen ez badu, alferrik espero dugu gizarteak aintzat har gaitzan.

Kiroletik zein oroigarri duzu maiteena?

(Luze pentsatu eta hausnarrean ibili ondoren) Espainiako Txapelketa, 1994koa, Plasentzian. Bertan egin nintzen txapeldun, hainbat mundu-marka birrinduta. Igeriketaren pasioa piztu zidan horrek, orduantxe konturatu nintzen kirolean zerbait egin nezakeela.

Dena den, bi olinpiadatan esku hartu duzu: Bartzelona 92 eta Atlanta 96.

Arras eskarmentu desberdinekoak biak: Bartzelona nazioarteko lehen lehia izan nuen, bertara ia txiripaz iritsi banintzen ere. Ederki gozatu nuen bertan. Txandakako saioan domina atera genuen eta ondo pasatzeko eta lagun giroan izateko asti nahikoa izan genuen. Atlantan, berriz, antolamendu eskasaren ospea eman bazitzaion ere, kirol paralinpikoetan denak eta bi eman zituzten. Gertakari aparta izan zen niretzat, Bartzelonako alaitasun hura bizi ez nuen arren: bigarrenean, munduko txapeldun nintzelarik, txapeldun olinpiko bihurtu nahi nuen eta. Kontzentrazio hertsia eta konpromiso handiko entrenamenduak izan genituen. Maila fisiko on-onean heldu nintzen, hara: teknikariak, Estatu Batuetara abiatu aurretik, ikaratuta zeuden, ez iristea bezain txarra baita pasatzea.

...?

Indarretik pasatzen bazara, ez duzu etekinik lortzen. Gorputz eta arimaren arteko oreka bilatu behar da. Ez naiz indarrak neurtzeaz ari, dosifikatze hori sekula ez baitut erdietsi. Kontua da kontzentratua egotea, zeure buruaz seguru. Hori ederki lortu nuen eta horri esker hautsi nituen munduko eta Olinpiadetako markak.

Atleta bihurtzeko nolako burua eduki behar da?

Kirolean profesional jardun ahal izateko -gure kasuan profesional esatea asko esatea bada ere-, jardun nahi izateaz gainera, ezaugarri egokiak ezinbestekoak dira. Bide horretatik segi dezazun, norbaitek ikusi eta aintzat hartu behar dizkizu ezaugarri horiek. Hortik aurrera, bizitzako bestetan bezala, horixe egin nahi duzula argi eduki eta tematia izan behar duzu, zeure buruari helmugak jarriz. Horretaraz gero, kontsekuente izan eta bukaeraraino iritsi.

Jende askok inpaktua nozitzen du atleta minusbaliatuak ikustean.

Garbi dago pertsona ezindua ez dela Adonis, ez dago Grezia klasikoko edertasun kanonen barnean, baina pertsona gehien-gehienek ere ez dituzte betetzen baldintza horiek. Perfektua ez izateak, gainera, ez du esan nahi kirolari gisa nolabaiteko kalitaterik ez dugunik.

Nola aldatzen da bizimodua azkeneko domina bitrinan uztean?

Ene kasuan, aitor dut, lehia uztea deliberatu nuenean oso erretiro duina eman zitzaidan: Garuneko Paralisidun Kirolarien Espainiako Federazioak kirolarien ordezkari izendatu ninduen. Ene eginbeharra kirolariekin elkartu eta haien eskakizunen berri izatea da, premia horiek goi instantzietara helarazteko.

Kargua bertan behera utzi zenuen, hala ere. Mundu horrekiko lotura ez ote zitzaizun erakargarri?

Deskonektatzeko eta ene bizitzan zer egin nezakeen hausnartzeko premia nuelako utzi nuen kargua. Ene tokia bilatu behar nuen eta argi asko zegoen kirola ez nuela bizibide izango. Beste hainbat helmugatara ere iritsi behar nuen: lehena, ikastea, berariazko prestakuntza eskuratzea. Horregatik ari naiz gizarteratze-teknikari ikasketa egiten; horri esker ene lanbide-proiektua aurrera atera ahal izango dut, ez bakarrik ezinduen mundutxo honetan, hemen lokarri sendoak dauzkadan arren. Lanbide honetan alor zabal-zabalak irekitzen dira, ene ezagutza hamaika sektoretara bidera dezaket, jende espezializatuaren sostenguaren premian dauden gizarte-talde arriskugarriak, zaharrak, nerabeak, emakumeak... ezinduez gainera, noski.

Oztopo ugariko mundua: nola egiten diezu aurre?

Arkitektonikoez ari garela, egoera absurdura iritsi gara: legeak gauzak nola egin behar diren xedatua duen arren, legegileak ez du legea betearazten. Beharrezkoak diren lanei ekiteak ez dio kalterik egiten inori; mesedea bai, jende askori. Baina suntsitzeko erraz diren oztopo horiek kentzen ez badira, atera kontuak zenbat kosta litekeen bestelako oztopo eta eragozpenak ezabatzea, ikusten ez diren arren, pertsona ezinduei gizarte honetan eskubidedun sentitzea galarazten dieten oztopo horiek, alegia.

Zertaz ari zara, zehatz-mehatz?

  Hezkuntza Bereziko zentroak edo enplegu-zentro bereziak existitzea ezinbestekoa da baina horrek ez du mugatu behar bestelako egintza politikoak martxan jartzea. Zentro horiei esker, ezinduak diren arren, ongi prestaturik dauden pertsonek lanbide edo lan jarduera garatu ahal izaten dute; dena den, hori ez da nahikoa eta horrek ez du izan behar bidearen amaiera, bestelako irteerak eskaintzeko beste neurri batzuk ez sustatzeko aitzakia gisa baliatzen direlako. Fitxa sartu, espedientea tramitatu eta kito: antzeko zerbait da hori. Gizarteak orain dagoenarekin aski baldin badu, dagoen hori hobetzen bada ere, arazoa eta bere konponbidea baizik ikusten ez duen seinale da. Zentro berezira doa pertsona egoera berezia, desabantailaz, bizi duelako, konforme. Baina pertsona hori, ezindua izateaz gain, bada beste zerbait ere, eta bere premiak askozaz ere zabalagoak dira, ez da zertan murriztu ezintasunari dagozkionetara. Pertsona bere osotasunean ikusten ez badugu, berari eta bere familiari igortzen zaien mezua argi dago: "ezindua zara orain eta ezindu segituko duzu betiko". Ezaugarri hori gizakiak barneratu egiten duenez, horrela dinamika hori hautsi eta gizartearekin aurrez aurre topatzeko aukera harik eta urrunago gertatzen da. Horregatik jantzi behar dugu geure burua indarrez, landutako indarrez. Biziki ausart izate hutsa ez da aski, labankadak azkenean larrutik ordaintzen dira eta.

Neurri zehatz horiek beharrezkoak dira, ordea.

Ados, baina ez dira baliodun bakarrak. Badakit ene balioa frogatu egin beharko dudala, beste edonork bezala, baina zailtasunak ere denentzat berdinak izatea nahi dut. Ezin dakizkidake ene helmugak suntsitu. Neuk ipini eta kenduko ditut, neuk eta ez beste inortxok. Eskarmentu mingotsa dut nik, luzea, heltzen lagundu nauena. Nork ez du lanpostuan atsekaberik nozitu, nork ez du hartu behar izan erabaki zailik? Baina, garuneko paralisiak jota nagoelako horretatik babes nazaten nahi ez dudan bezala, hori munduan zehar mugitzea galaraz nazaten aitzakia bihurtzea ere ez dut gura. Pertsonari bere bizitza normaltzeko aukera eman behar zaio.

Seguruenik, gure irakurle bat baino gehiagok atleta izatea du amets edo, gutxienez, kirolean jardun nahi luke. Zein da zure aholkua?

Lehenik eta behin, norberak erabaki behar du: zein kiroletan aritu nahi duen, noraino ailegatu nahi duen, etc. Gizakiak batzuetan gurasoek nahi dutena egiten du: horiek, hoberena jomuga, beren asmo eta gogoak seme-alabengan proiektatzen dituzte eta, jakina, umearentzat aitak edo amak buruan daukana oso garrantzitsua da, ez du gurasoak defraudatu nahi. Zer gura dugun hautatuta, gure gaitasuna baliozta ditzakeen norbaiten aholkua entzutea komeni izaten da, ametsak errealista izan daitezen. Ni gurasoek sostengatu, entrenatzaileek bultzatu ninduten eta biziki harro nago ene ibilbideaz.

Xavi Torres, egokitutako kirolari handi hori, Madrid 2012-ko enbaxadore izendatu dute. Nola hartu duzu hori?

Xavi eredugarria da, alderdi askotatik. Gailurrean urte mordo bat egina duen kirolari handia izateaz gainera, lehen aipatu duguna egiten du berak: aurreiritziaren oztopoak hautsi eta, ezintasun alorrean ez ezik, beste askotan ere balentriak lorturiko kirolari gisa agertzen du bere burua.

Elkarrizketa hau argitaratzean hilabetea faltako da Madril hiri olinpiko izango den jakiteko. Txapeldun olinpiko zaren aldetik, trabesik egingo al zenuke?

Kandidaturetatik bat ere ez zait gustatu niri. Olinpiaden antolamendua bestela eratu beharko litzatekeelakoan nago. Baliabide urriak dauzkaten hirietan goi mailako kirol instalazioak ezartzeko, bertako bide-sareak hobetzeko eta antolaketa horrek herria eta herrialdea aberasteko eragile izan beharko luke izpiritu olinpikoak. Ez gaizki hartu, otoi, nik esandakoa, Madril zein Londres lehenesteaz. Areago, aurrenekoan egiten bada bertan izateko aukera izango nuke. Baina, dena den, egoitza bestela aukeratzeko ahaleginik egingo nuke nik.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto