Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Moldeko ogia: Pixka bat koipetsuago bai, baina ez ogi arrunta baino kaloria gehiagokoa

Marka jakin bateko bi laginak nutrizio-osaera onenekoak ziren, baina dastaketan txarrenak izan ziren

  CONSUMER EROSKIk moldeko ogi zurien lau lagin aztertu ditu eta moldeko osoko ogien beste lau. 475 g eta 600 g arteko ontzikiak ziren eta lau markak honako hauek: Bimbo, Panrico, La Bella Easo eta Brook's. Ogi zuri garestiena Brook´s zen (3,22 euro/kiloko) eta merkeena Panrico, (2,40 euro/kiloko); osokoak, bestalde, kiloko 2,64 eta 3,22 euro artean kostatzen ziren. Moldeko ogiek ogi arruntak baino koipe gehiago dute, baina ez kaloria gehiago. Bestalde, mastekatzen errazago dira eta euren kontserbazio-aldia ogi arruntarena baino askoz luzeagoa da.

Ogi arruntaren lehengaiak ogi-irina, gatza, legamia eta edateko ura dira eta ogiaren balio mantentzaileari eragiten ez dioten gehigarriak eta laguntzailekide teknologikoak erantsi dakizkioke. Moldeko ogia ogi berezien kategorian sartzen da eta honako osagai hauek erabiltzen dira: irin aberastua, gari-glutena, zahia, esnekiak (esnea, esne kondentsatua, esne-hautsa, erabat edo partzialki gaingabetua, serum-hautsa, esne-gazura...), arrautzak, lekadun-irina edo malta-irina, malta-aterakina, azukrea eta eztia, landare-koipea, zerealak, espeziak eta ongailuak.

Analisiak dioena

Brook's-en eta La Bella Easoren bi laginek (zuriak eta osokoak) Panricorenak eta Bimborenak baino xerra gutxiago dituzte ontziki bakoitzean: 14na unitate marka batekoek eta 22 bestekoek. Bestalde, lehenengo marketako unitate bakoitzak ia 40 g pisatzen du eta bigarren marketakoek 25 g inguru.

Hezetasuna da moldeko ogiarentzako espezifikoki araututako parametro bakarra: ezin du gainditu %40 ogi zurietan eta %42 osokoetan. Dena arauen barruan zegoen: lagin bakarrak ere ez zituen mugak gainditu.

Bestalde, moldeko ogiaren oinarrizko mantenugaiak karbono-hidratoak dira eta, horien artean, almidoia. Ogi zurian %45 eta %48 artean daude eta osokoan %40 inguru. Jatorria irinean duen almidoiaz gain (karbono-hidrato konplexua), ogia egitean gehitzen zaion azukrea (hidrato sinplea) ere badu. Bimboren bi ogien berezitasuna alde batera utzita (azukre gutxiago dute, bai batak eta bai besteak %3 inguru), zuriek azukre gehiago dute (%7 baino gehiago) osokoek baino (%4 eta %6,5 artean).

Moldeko ogiek kalitate ertaineko proteinak dituzte (%7 eta %10 artean) ez dutelako funtsezko aminoazidoa den lisinarik. Moldekoak ogi arruntak baino koipe gehiago du: koipe-balio ohikoenak (salbuespena Bimbo izan zen %2,3rekin) %5 ingurukoak izan ziren. Ogi arruntak, bestalde, %1,5 koipe du.

Gauza gehiago moldeko ogiaren koipeari buruz

Bimboren bi laginek bakarrik erabiltzen dute oliba-olioa, gainerakoek landare-olioa erabiltzen dute, jatorria espezifikatu gabe. Brook's-ek eta La Bella Easok onartzen dute erabiltzen duten olioa hidrogenatua edo partzialki hidrogenatua dela. Horregatik dute koipe-saturazio handiagoa. Janariak duen koipe-kantitatea bezain garrantzitsua da bere lipido-profila edo gantz-azido saturatuen eta insaturatuen arteko erlazioa: zenbat eta handiagoa saturatuen proportzioa, lipido-profila kaltegarriagoa da. Koipe insaturatuek odoleko kolesterol-maila jaisten eta odola jariakorrago egiten laguntzen dute. Horrela, tronboak eratzea galarazten dute eta bihotzari eta odol-hodiei mesede egiten dien koipetzat jotzen dira. Bestalde, landare-olioen hidrogenazio-prozesuan azaltzen diren trans koipeek koipe saturatuaren antzera jokatzen dute: maiz kontsumitzen badira, odoleko kolesterol-maila igotzen dute eta kalte egiten diote osasunari. Bimboren bi laginek (zuria eta osokoa) gainerako laginek baino koipe erdia izateaz gain, koipe osasungarrienetakoa ere badute: %25 eta %21,6 koipe saturatu, hurrenez hurren. Moldeko gainerako ogietan, bestalde, koipearen erdia saturatua da eta La Bella Easo eta Brook's-en osoko ogiek ere %50 inguru dute. Panricok, aldiz, %17 bakarrik du koipe saturatua eta hori txalogarria da. 

Kaloriak eta zuntza

Moldeko ogiaren balio energetikoa ogi arruntaren antzekoa da. Handiagoa izango da azukrea, olioa, koipea, esnea, gurina edo beste osagai batzuk gehitzen bazaizkio. Hemen aztertu ez diren moldeko ogi bereziak egiten dituzten zenbait fabrikatzailek gehitzen dizkie osagai horiek. Ogi arruntak 250 kaloria ditu ehun gramoko, moldeko ogi zuriak baino 20 bat kaloria gutxiago. Moldeko osoko ogiak, bestalde, 238 kaloria ditu ehun gramoko. Moldeko ogi zurien laginek euren markako osokoenek baino kaloria gehiago dituzte, baina Bimboren ogi zuriak kaloria gutxiago ditu beste marketako osokoek baino. Moldeko bi ogi-motetan energetikoena Brook's da: zurian 272 kaloria ehun gramoko eta osokoan 250.

Digestio-aparatuak ez du janari-zuntza digeritzen eta, horrek, heste-mugikortasunari laguntzen dio. Egunean 25-30 g kontsumitzea gomendatzen da. Moldeko ogiak ogi-irinarekin egiten dira, baina ogi zuria egitean azala eta hazia kendu egiten zaizkio, zuntz gehiena duten osagaiak, alegia. Osoko ogian, ordea, ehotako gari-ale osoa erabiltzen da. Laborategiak argi utzi zuen zenbat zuntz zuten moldeko ogiek. "Zurietan", La Bella Easoren %4,1etik hasi eta Bimboren %5,5eraino zeukaten eta, osokoek, aurreikusi zitekeen bezala, zuntz gehiago zuten: ia %8 Brook's-ek eta La Bella Easok eta %8,5 Panricok eta Bimbok. Brook's-en eta La Bella Easoren moldeko osoko ogiaren lau xerrak 13 gramo zuntz dituzte eta Bimborenak eta Panricorenak, txikiagoak direnez, 9 gramo osatzen dituzte lau xerrarekin.

Aztertutako moldeko ogien gatz-edukia La Bella Easoren ogi zuriaren 500 mg/100 g eta Panricoren osoko ogiaren 710 mg/100 g artekoa izan zen; azkenekoa gehiegizkotzat jo zen. Bestalde, Brook's-en bi ogi-motek B12 bitamina dutela adierazten dute. Azterketaren arabera, zuriak 0,68 µmg/100 g eta osokoak 0,94 µmg/100 g dituzte. Kantitate handiak dira (pertsona heldu batentzako 1 µmg gomendatzen da egunean) eta etiketan iragarritakoak baino lau bider handiagoak.

Azkenik, Panrico moldeko ogi zuriak esne-proteinak dituela adierazten du eta halaxe ditu (beste batzuek ere adierazten dute baina ez dute). Hori kontuan izan behar dute esnearekiko jasanezintasuna dutenek. Bestalde, zeliakoek (glutenarekiko, hau da, gariak, zekaleak, garagarrak, oloak, tritikaleak, gari-hibridoak eta zekale-hibridoak duten proteinarekiko jasanezintasuna dutenek) ere ezin dute kontsumitu moldeko ogia, baldin eta artirinez, arroz-irinez edo beste zereal baten irinez egindakoa ez bada.

Etiketatua eta ontzikia

Moldeko ogi horien etiketen irregulartasun bakarrak (derrigorrezko informazio guztia zeukaten) nutrizio-legendakoak soilik izan ziren.

Honako hau da nabarmenena: Bimboren bi laginak "%99 koiperik gabekoak" zirela adierazten zuten, baina azterketaren arabera %2,3 koipe dute biek (esan beharra dago azterketa egindakoen artean koipe gutxienekoak zirela).

Bestalde, ezaugarri horiek dituzten moldeko ogiek ez dute kolesterolik, kolesterola animalia-jatorriko koipeetan bakarrik egoten baita eta, horregatik, ez dirudi beharrezkoa "Kolesterolik gabekoa" dela adieraztea, La Bella Easoren laginetan izan ezik, gainerako guztietan adierazten den bezala. Gainera, kontsumitzaileak nahastu egiten dira: moldeko ogiek koipe saturatuak dituzte, kantitate txikiak badira ere, eta koipe saturatuek erantzukizun zuzena omen dute odoleko kolesterolaren gehikuntzan.

Azkenik, nutrizio-propietateak iragartzen dituzten markak, esaterako, "Kolesterolik gabekoa", "%99 koiperik gabekoa" edo "Zuntzarekin" (zortzi laginetatik seik hala egiten dute), nutrizio-informazioa jartzera behartzen dituzte. Zortzi etiketek dute kontsumitzaileentzat hain baliagarria den informazioa.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto