Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Zukugailu elektrikoa: Soil eta eraginkorrak

Batzuk eta besteen arteko alde nabarmenenak, mamia zanpatu eta iragazteko ahalmena eta, nola ez, prezioa

  Zitrikoentzako zortzi zukugailu elektriko aztertu dira oraingoan; horien prezioak 17,22 eurotatik (Ufesa "Citraris EX7233") 25,37 eurotaraino doaz (Taurus "Turbo Centrifugo 6"). Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Philips "Cucina HR 2744" lagina da: 19,55 euro kostatzen delarik, osoko kalitate on-ona ematen du eta erabilera proban kalifikazio hoberena eran zaio. Ufesa ere aukera polita da: denetan merkeena izaki, proban nota ona atera du, mamia kentzeko sistemarik ez daukan arren; prestazio hori ezinbestekoa da kontsumitzaile batzuen arabera.

Hainbat zitrikori -laranja, limoi, pomeloari- zukua erauztea errazten du zukugailu elektrikoak, eskuzkoak eskatzen duen esfortzua egin gabe. Zukua lortzeko ez da zertan zanpatu, aski da fruta alea erditik ebakita konoaren gainean utzi eta pittin bat kalkatzea mekanismo elektrikoa biraka hasi eta zukua igurztearen bidez erauz diezaion. Zortzi zukugailuen prestazioak eta erresistentzia egiaztatzeko, CONSUMER EROSKI-k hainbat proba ezarri zizkien laborategian.

Zukugailu hauek hainbat osagai dauzkate: estalki babeslea, zukua jasotzen duen ontzi ateragarria eta haria biltzen duen sistema, aparatua gordetzeko unean molestiak arintzen dituena. Motore guztiak bi norabideetan ("errotazio bikoitza" sistemari esker) ibiltze horrek frutari zukua erauztea errazten du.

Aldeak tamainan

Honelako etxetresna elektrikoek bolumen gutxi okupatzea ezinbestekoa dute. Luze-zabal, zortzi aparatuak txiki eta arinak dira, batetik bestera aldeak nabaritzen badira ere: denetan txikiena Kenwood "Je270" da (17,4x20x13,9 cm) eta handiena Braun "Citromatic MPZ9" (25,7x20,7x17,6 cm, hots, ia aurrekoaren bikoa). Gainerako seiek Kenewod laginak baino %25 eta %50 gehiago okupatzen dute. Pisuari dagokiola, Taurus laginak bakarrik du kilotik gora (1.050 gramo); Ufesa, berriz, 771 gramo baizik ez dela, denetan arinena da.

Etiketen arabera, zukugailu hauen potentzia 20 wattetatik (Braun) 30 wattetara (Taurus eta Tefal) doa. Baina egiazko kontsumoa ez da beti adierazita dagoena: adierazitakoa baino gutxiago kontsumitzen dute Tefal, Ufesa eta Philips laginek (9 W, 6 W eta 7 W, hurrenez hurren), alderdi hori arauak zigortzen ez duelarik. Premia energetikoetan zurrunenak Russell Hobbs "Classic citrus press" (17,3 W) eta Philips (17,5 W) dira; Taurus, aldiz, beste muturrean dago (31 W). Hari luzeak aparatua entxufetik urrun ipintzeko askatasun handiagoa ematen du. Denetan luzeena Taurus laginarena da (133 zentimetro), ondotik Ufesa (128 cm) eta Tefal (127 cm) datozkiola. Haririk laburrena, aldiz, Moulinex zukugailuarena da (94 cm). Gainerakoak 110 zentimetro inguruan dabiltza.

Zukua jasotzen duen ontziak aparatutik ateratzeko modukoa denez, zukua zerbitzatzeko eta, ondoren, ikuzteko erosoago gertatzen da. Edukiera handienekoa Braun da (litroa), hots, atal honetako txikienaren bikoa (Russell Hobbs).

Konoa, funtsezkoa

  Zukugailu elektriko baten kalitatea neurtzeko unean funtsezko irizpideetako bat, fruta alearen erdia kokatzen den konoa da: kono horren tamainak, formak eta bera erabiltzeko egin beharreko presioak erdietsiko den zuku kopuruan eragin zuzena izango dute. Tefal eta Ufesa laginek bina kono ematen dituzte (gainerakoek, bana baizik ez), tamaina desberdinekoak; horri esker, zukua fruta txikienei errazkiago erauzten zaie.

Mamia zanpatzeko sistema soila da: konoari atxikitako bi belarri edo hegaltxok, hura biratzen hastean, zabaldu eta mamia zanpatu egiten dute, oraino izan dezaken zukua erauzteko (bide batez, mami horren parte bat zukua daukan ontzira doa). Taurus laginaren mekanismoari "modu zentrifugatzaile" deritzo eta aurrekoak baino konplexuagoa da: martxan jartzeko aski da zukugailua itxi eta estalkia zanpatzea: horrela mamia "zentrifugatu" egiten da, honek eduki dezakeen zukua ere erauziz. Kenwood da mamitik zukua erauzteko sistemarik ez daukan bakarra.

Laranjen zuntzaren parte handi bat mamian dagoen arren, kontsumitzaile askok zukua ahalik eta likidoen hartzea nahiago izaten dute. Braun, Russell Hobbs, Moulinex eta Philips laginek edariak izango duen mami kopurua hautatzeko aukera ematen dute. Lau horietan, Moulinexen iragazki fin-fina da eraginkorrena mamirik iragaten ez uzteko. Tefal laginak -likidoan mami arrastorik izan ez dadin, elementu hori ez daukaten aparatuetako bat- argibideetan ohartarazten du kono handiak mami gehiago pasatzen uzten duenez, eginkizun hori partzialki beteko luke. Mami-iragazki guztiak plastikozkoak dira, Kenwood laginean izan ezik (altzairu herdoilezinezkoa du honek). Zortzi aparatuak dira teknikoki antzekoak, batetik bestera alderik ere hauteman bada ere: Braun, Russell Hobbs, Moulinex eta Philips osatuenak dira eta Kenwood, aldiz, funtzio gutxien dituena.

Erabilera proba

Honelako aparatuak baliatu ohi dituzten sei erabiltzailek probatu zituzten zukugailuak, laborategitik kanpo eta benetako erabilera-baldintzetan nolako jokaera agertzen zuten ikusteko. Horretarako, hainbat aspektu 1etik 10eraino balioztatu zituzten. Kalifikazio hobereneko diseinuak Braun eta Ufesa laginenak izan ziren eta Kenwood laginaren heldulekua deserosotzat jo zen. Aspektu funtzionaletan, hurrengo parametroak baloratu ziren: iragaten uzten duten mami kopurua, garbitzeko erraztasuna, erabiltzeko erraztasuna eta muntatzeko eta desmuntatzeko erraztasuna. Mami kopurua balioztatzeko, iragaztea erregulatzeko ekipoek dituzten aukerak baliatu direnez, horretarako sistemarik ez duten ekipoek puntuazio kaskaragoa eraman dute atal honetan. Horrez gainera, mamia hautatzeko sistema eta iragazkien eraginkortasuna ere probatu da: aparatuek eginkizuna eraginkortasun osoz betetzen dutela, hau da, erdietsitako zukuak mami arrastorik ez daukala egiaztatu da. Atal honetan lorturiko batez besteko puntuazioak "ongi" eta "oso ongi" dira. Moulinex, Braun eta Philips bakarrik iritsi dira funtzionaltasunean "oso ongi"-ra, gainerako bostak "ongi" hutsean geratuta. Garbitzeko errazenak Braun eta Kenwood dira eta eragozpen gehien agertzen dituena, berriz, Taurus. Erabilera errazenekoa Philips da eta Kenwood, aitzitik, alor honetan puntuazio eskasenekoa.

Osoko kalitateari goazkiola, zukugailuak etxetresna soil-soilak dira, erabilera ezin errazekoak; beraz, azterturiko guztiek aise gainditu dute gure proba, batetik bestera alde handirik hauteman gabe. Azterturikoetan, hoberenak Philips, Braun, Russell Hobbs eta Moulinex dira: denak "oso ongi" kalifikazioa irabazi dute; ondotik Ufesa, Tefal eta Taurus datozkie ("ongi"). Kenwood da "onargarri" hutsean geratu dena, bere prestazioak eskasak baitira.

Lagin denetan segurtasunari buruzko informazioa eta argibide-liburuak zuzen daude. Baina berme-agiriak, berriz, ez daude zuzen Taurus eta Kenwood laginetan, erabateko bermea urtebetez ematen baitute, arauak xedatuak dituen bi urteen ordez. Hala eta guztiz, kontsumitzaileak erreklamazioa jartzeko eskubidea du eta, berme-agiria zuzen ez dagoen arren, legearen babesa izango du erostunak. Kenwood laginak bermeen inguruko legea urratzen du, testu osoa ingelesez baizik idatzita ez dagoelako (espainieraz ere beharko luke) eta berme hori Erresuma Batuan bakarrik dela baliagarria adieraztearren.

Segurtasun proba zorrotz-zorrotzak gainditu behar izan dituzte zukugailuek: beroaren, suaren, korronte elektrikoen, motorraren blokeoaren aurreko erresistentziak neurtu ziren eta, gainera, behatzekin atal arriskutsuetara iristerik ez zegoela egiaztatu zen. Proba horiek guztiak zortziek gaindituta, ondoren martxan normaltasunez segitu zuten.

Laranjak gosaritarako

Laranja eta bere zukua C bitaminaren, flabonoideen eta beta-karotenoaren iturri hobezinak direnez, osasun kardiobaskularra zaintzea dela eta, fruta horixe dugu egokiena. Laranjan dautzan substantziek "kolesterol txar" (LDL-c) izenekoaren oxidazioa eragozten dute, zainen paretetan metatzea galarazten dute eta arterosklerosia prebenitzen dute. Horiez gainera, erradikal asken eragin kaltegarriari aurre egiten diote.

Pertsona helduak egunean hartu behar duen C bitamina kopurua (60 mg) laranja ertain batek edo zuku baso batek betetzen dute. Pertsona batzuek laranja zukua barau hartzerik ezin dute, laranjak -laranja zukuak, bereziki- behazun-xixkua bat-batean hustea proboka dezake eta, ondorioz, goragalea edota sabeleko pisua. Gaitz horiek ez dira larriak eta, gainera, konponbidea aurretiaz beste elikagaien bat hartzea izaten da.

Zitrikoen zukuak daukan C bitaminak burdinaren bioerabilgarritasuna (absorbitzen den portzentajea) bikoiztu egiten duenez, anemia nozitzen duenari komeni zaio zuku hori hartzea, burdina ugari duten elikagaiekin batera. Horregatik aholkatzen da haurtxo txikien labore-ahia laranja zukuaz laguntzea.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto