Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Haurrentzako poteko janaria: frutak eta oilaskoa arrozarekin: Baliagarriak eta ongi elaboratuak

Ume txikiari zapore berriak ezagutzen ez ezik, elikagaiak murtxikatzen eta irensten ikasten ere laguntzeko, etxeko purearen alternatiba.

  Haurraren lehendabiziko urteko elikadurak berealdiko garrantzia dauka bere garapenean, orduantxe ari baita sekula baino azkarrago hazten eta, beraz, nutrizio-premia handi-handiak ditu. Etapa horretantxe esnea edoskitzen ari den umea (12 hilabete baino gutxiagokoa) erasoen biktima erraza denez, funtsezkoa da bere nutrizio-premiak aseko, balizko patologiak prebenituko eta elikadura-aztura osasuntsuak sortzen lagunduko duen elikadura egokia ematea.

Hiru etapa bereizten dira haurtzaroko garai horretan: edoskitzaroan (4-6 hilabete arte) elikadurak esnea du oinarri: amarena (gehien aholkatzen dena), artifiziala (hastapeneko formulak) eta mistoa izan daiteke. Beikost, trantsizio edo titia kentzen den garaian (4 - 6 hilabetetik aurrera) bai dietako energia, bai nutrienteen kopurua areagotu egin behar zaizkio umeari. Horregatik sartzen zaizkio elikagai erdi-solidoak (etxean eginiko edota poteko pureak), amak edoskitzen segitzen badu ere (nahiz garai honetan esnea artifiziala den, gehienbat: jarraipenerako formulakoa). Pixkanaka eta pediatraren oniritziarekin, esneaz bestelako elikagaiak emango zaizkio haurrari, bere heltze eta garatze prozesuei egokituak, behar adina eta egokiro prestatuak. Era horretan, ume txikiak murtxikatzen eta irensten ikasiko du eta zapore berriak ezagutu ahal izango ditu. Heltze digestiboa iristean bestelako elikagaiak gehituko zaizkio bere dietari.

Esnea ez da aski

  Urte erdira gerturatzen ari den umeak hartu behar dituen energia eta nutrienteak ez dizkio esneak eskainiko. Pertsona horren digestio funtzioak heldu egin direnez elikadura osagarria eman behar zaio. Elikagai berriak lehenago sartzea komeni ez den bezala, horrelakoak ematea geroratzea ere ez zaie aholkatzen gurasoei, ordura arte ezagun ez zituen elikagai desberdinak ez hartzea apetituaren gabeziaren arrazoi nagusietako bat ohi delako eta, gainera, dastamena hezten eta elikadura orekatuan hasteko garai ezin hobea galduko litzateke.

Kristalezko txarro edo potetan ontziraturik merkaturatzen diren bi elikagai-barietate aztertu dira: lau, "frutak" dauzkana eta beste laurak, "oilaskoa eta arroza" osagai dituena, Hero, Hipp (ekologikotzat agertzen du bere burua), Nestlé eta Nutribén markakoak; prezioak 3,36 eurotik 7,82 euroraino doaz, kiloko. Zuzenena osagaiak (haragia, frutak, etc.) aukeratu eta purea etxean prestatzea bada ere, horrelako poteetara jotzea ere zuzena da, azterketa honek frogatu duen bezala.

Etiketa eta ontzia

Zeinahi elikagai ontziratuk derrigorrez adierazi behar dituen datuez gainera, poteko janari hauen etiketak informazio osagarria ere eman behar dute: osaketa nutrizionala, prestatzeko argibideak, glutenik badaukan eta kontsumitu ahal izateko umeak izan behar duen adina (4 hilabete, gutxienez). Irregulartasun bakarra atzeman da azterketan: Hipp markako bi laginek ez dituzte hainbat datu erakusten (salmentako izendapena, pisu garbia eta kontsumitzeko data egokiena, alegia) ikuspen-eremu berean, araua urratuz.

Zortzi ontziek dute itxidura hermetikoa: irekitzeko, estalkiaren erdialdean (beste kolore batean margotua) zanpatu beharra dago. Estalki hori mugitzen bada edo, irekitzean, "pop" soinutxo bat aditu ezean, elikagai hori ez da kontsumituko.

Zer daukaten frutadun poteek

Umeak lauzpabost hilabete betetzean, bere dietari frutak -zukua nahiz purea- gehitu behar zaizkio, bitaminen ekarpena ezinbestekoa baitu. Frutak, ostera, ez du esne hartzea ordezkatzen, haurtxo txiki horri behar adina kaltzio eta proteina hartzen duela bermatu behar baitzaio. Esnea eta fruta elkarren osagarri izango dira, beraz. Gogoan izan, fruta berez gozoa denez, ez dela beharrezkoa azukrez gozatzea. Pote hauek denek sagarra edo laranja daukate eta, laginen arabera, beste fruta batzuk ere hauteman ditugu: abrikota, melokotoia, anana, banana, udarea, etc.; Hipp laginak azenarioa ere dauka. Potetxo hauek badute bestelako osagairik ere, hala nola ura edo zukua, lodigarriak (irina, almidoia), C bitamina eta azukrea (Hipp markakoak izan ezik). Etiketen arabera, fruta gehien ematen duena Nutribén da (produktuaren %91) eta urrienekoa, Nestlé (%66). Hipp laginak produktuaren %76 fruta dauka eta Hero markakoak, %85. Kalorietan ere aldeak daude, lagin batetik bestera: ehun gramoko 55 kaloriatik (Hipp) 84 kaloriaraino (Nestlé). Nutriente nagusia karbohidratoa da: produktuaren %13 - %20 bitartean dabil. Karbohidratoak azukre soilek (hala nola fruktosa, frutak berez daukana) edota sakarosa (azukrea erantsi bazaio) osatzen dute, funtsez. Karbohidrato konplexuen ordezkaria, lagineko likidoa loditzeko gehitu zaion almidoia da.

Proteina (%0,5) zein gantzen (%0,1) edukia hutsaren hurrena da. Traktu gastrointestinalak arras mesedegarria duen zuntzaren edukia, berriz, handia da (%1). Frutadun lau laginei C bitamina erantsi zaie; 250 gramoko txarroa hartuta aise beteko ditu alor honetan ume txikiak dituen eguneko premiak.

Oilasko eta arroza daukatenak

  Osagaiak, etiketek diotenez, hauek dira: oilaskoa, arroza, oliba olioa (Hero laginak ekilore olioa baliatu du), gatza eta, laginetako batzuek, barazkiak. Hipp laginean ("barazkiak eta arroza oilaskoarekin" izendapena daukana) osagai ugariena barazkia da. Barazkirik ez daukan bakarra Nutribén da eta Nestlé, berriz, esnea erantsi duen bakarra (osagai nagusia esnea du, hain zuzen). Nutribén eta Hero markek almidoia baliatu dute, edukia loditzeko. Produktuak, ehun gramoko, 68 - 87 kaloriaz hornituko du umea, hau da, eguneko energi premien laurdena. Pote hauetan ere karbohidratoa da osagai ugariena, baina %7 - %8ra apenas iristen den. Bestetik, ehun gramok zuntz asko eskainiko diote umeari: 0,5 gramotik (Hero) 1,7 gramoraino (Nutribén). Proteina gehien daukatenak Nestlé (%4,8) eta Nutribén (%4,2) dira, Hipp %2,4an agertzen delarik. Gantza (olioak eta oilaskoak ekarritakoa) produktuaren %3 eta %4 artean dabil Almidoia lau laginetan atzeman zuten azterketek: %11etik (Nutribén) %6raino (Hipp), frutako poteetan baino ugariago. Baliteke almidoi hori produktua loditzeko erantsi zaion patatarena izatea.

Lau potetatik hirutako izendapenean oilaskoa aurrenik agertzen denez, osagai horrek produktuaren %10 izan behar du, gutxienez; proteinen edukiak, berriz, 4 gramo ehun kaloriako izan behar du; gantzena, 6 gramo ehun kaloriako, gehienez; hiru poteek zehazki betetzen dituzte baldintza hauek. Oilaskoa lehendabizi aipatzen ez denean (Hipp laginean bezala) produktuaren %8 gutxienez izan behar du, proteinen edukiak, berriz, 3 gramo ehun kaloriako; gantzenak, 4,5 gramo ehun kaloriako, gehienez ere. Hipp (4,7 gramo 100 kaloriako) gainditu du gantz kopurua. Potetxoak, bestetik, ehun gramoko, 200 mg sodio baino gutxiago eduki behar du, baina muga horretatik urrun agertzen dira lagin guztiak: frutadunek, ehun gramoko, 7 - 19 mg tartean daude eta oilaskodunak, aldiz, 46 - 158 mg tartean.

Alergenoak, pestizidak eta egoera sanitarioa

Ume txikien dietan elikagai berriak pixkanaka sartu behar dira, pediatraren aholkuen arabera. Adin horretan aldaketa bortitzak izugarri nozitzen ditu umeak; areago, elikagaien intolerantziak eta alergiak ager daitezke. Glutena (gari, olo, garagar, zekale eta antzeko laboreek berezkoa duten proteina) hartzea, adibidez, oraindik sei hilabeteak bete ez dituen umeari ez zaio aholkatzen, zeliakia nozitzeko arriskua uxatzeko. Glutena dietan zenbat eta geroago sartu, gaitzaren hasiera orduan eta arinagoa izango da (izatekotan). Beste hainbat elikagai (arrautza, arraina, esnea eta hainbat fruta) potentzialki alergeniko dira umeari goizegi, ugari eta maiz ematen bazaizkio. Oraingo zortzi laginek esnea, arrautza edo glutenik (kasu batzuetan arazo-iturri gertatzen baitira) ba ote daukaten aztertu da laborategian. Zortzien etiketan agertzen da "glutenik gabe" berariazko logotipoa (horrela legeztatua baitago). Eta zazpi laginetan ez zen atzeman gluten, arrautza zein esnerik; Nestlé markako "oilasko arrozarekin" laginak, berriz, esnea dauka (eta horrelaxe adierazten du osagai zerrendan).

Haurrentzako elikagaiek, beste aldetik, ez dute pestiziden arrastorik izan behar, kasik: kontsumitzeko edo berrosaturiko produktuaren kilo bakoitzeko 0,01 mg izan dezake, gehienez ere. Gehien aplikatzen diren pestizidak zortzi laginetan bilatu baziren ere, ez zen lorratzik agertu.

Elikagai hauen egoera mikrobiologikoak bikaina izan behar du, haurtxoak produktua dagoen bezala (frutak) edo pittin bat berotu ondoren (oilaskoa arrozarekin) kontsumituko du eta. Zortzi potetxoetan germenik ez zegoela egiaztatu zuten azterketek. Beraz, laginen kalitate higieniko-sanitarioa zuzena da.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto