Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Saski-naski

Λ

Fisika aireontzietan: Zergatik egiten dute hegan hegazkinek?

Aparatua airean eskegita doa, hegoetan aireak eragiten duen presio aldearen ondorioz

Airezko Garraioaren Nazioarteko Elkarteak emaniko azken datuek erakusten dutenez, urtean 1.700 milioi bidaiari dabil hegazkinetan nahiz eta, arestiko kalkuluen arabera, datorren bosturtekoan kopuru hori %6an handituko den. Hegazkina, bistan denez, geroz eta garraiobide egunerokoago bilakatzen ari da baina, beste ohiko egintza askotan legez (nork ote daki zehatz-mehatz zergatik gure ahotsa transmititzen den hari baten bidez?), airez bidaiatzen duten gehienek ez dakite, hein handi batean, 160 tonako aparatu hori nola askatzen den lurretik, nola mantentzen den airean eta, txangoaren bukaeran, nola itzultzen den ostera lurrera. Zientziaren mirari horrek, gainera, estatistikek abalaturiko segurantzia ematen du: Istripu Aeronautikoen Erregistroaren Nazioarteko Bulegoak plazaratutako azken datuek erakusten dutenez, 2003 urtean mundu osoan 162 airezko istripu gertatu ziren hegaldi zibiletan eta bertan 1.204 pertsona hil ziren. Urte hartan, Espainiako errepideetan bakarrik, trafiko istripuagatik hildakoak 4.084 gizaki izan ziren.

Hegazkina nola dabilen hegan

Wilbur eta Orville Wright anaiak izan ziren, 1903 urtean, motorrez propultsaturiko biplano batean hegan egin zuten aurrenak. Balentria hark hegazkintzaren historiari hasiera eman zion. Geroztik, zientzia aeroespazialean era guztietako berrikuntza teknologikoak asmatu eta aplikatu dira baina den-denak alferrikakoak izango ziren antzina-antzinatik gizakia bilatzen ari zen hura lehenago gauzatu ez balitz: Newtonek ezagutarazitako grabitazio unibertsalaren legeari pultsua irabaztea, beste lege fisiko bati esker. Bernoulliren teorema ezagunaz ari gara, horretantxe oinarritu baitzen hegazkinen euste-printzipioa. Uste zitekeenaz beste aldera, bi demostrazio horiek ia-ia garaikideak ditugu: teoria XVIII. mendean enuntziatu zelarik, praktikan jarri baizik ez zuen behar. Kontua zen Newtonek kalkulatutako objektuen (hegazkinen) aurkako indar hura baliogabetzea, Bernoullik zioena aplikatuz: horrela, airearen abiadura areagotu ahala, presioa apaldu egiten da.

Hortik aurrera, hegaldia baldintzatzen duten aldakiak askozaz ere gehiago badira ere, hegazkinek zergatik hegan egiten duten ulertu ahal izateko azalpenik soilena aparatu horien hegoen forman datza. Horien diseinuak aginduta, airea azkarrago dabil hegoaren gainaldetik eta mantsoago behealdetik; horri esker, hegoaren azpialdeko presioa gainaldekoa baino handiagoa da eta, horrela, hegazkinak gorako bultzada hartzen du, bi indarren artean eskegita gertatzen delarik. Hegazkina motorearen indarrak bultzatuta mugitzen denean, airea aparatuaren hegoetan barna dabil, berari hegan eginarazten dion bultzada eraginez.

Nolanahi ere, zeruetan zehar joan aurretik horraino igo behar du. Pista-buruan pilotuak motoreak potentzia handienean jartzen ditu, balaztak kalkatuta. Gehieneko potentzia aldatu egiten da hegazkinaren ezaugarrien, bidaiari kopuruaren eta ibili beharreko distantziaren arabera: alderdi horiek aginduko dute hegaldia egiteko behar den erregai kopurua. Hori dena oso kontuan hartzen dute diseinugileek, aparatuko motoreek guztirako pisuaren herenaren pareko indarra eduki behar dute eta. Esate baterako, 100 bidaiari eta 50 tonako karga daramatzan hegazkin komertzial bateko motore bakoitzak zortzi tonako indarra izan behar luke, hegazkina aireratzen lortzeko. Abiadura erdietsitakoan, aparatuak pista zeharkatzen du, pilotuak isatseko flap dispositiboak maneiatuz, hegazkinaren muturra altxatu arte: horrek hegazkinari birarazten dio eta, era horretan, hegoetako euste-indarra areagotu egiten da, aireratzea posible bihurtuz.

Hegaldiaren amaieran dator eragiketa zailena, lurrartzea, hain zuzen. Maniobra konplexu horretan hamaikatxo faktorek izaten dute eragina: haizearen norabidea, turbulentziak, alorraren aukeraketa, oztopoak, planeatzea eta zoru efektua, gutxienez. Dena flare izenekoarekin burutzen da, hots, flapak irekitzen dira hegoen azalera handiagotzeko; horrela, abiadura gutxitu bada ere, hegazkina airean eutsirik mantenduko da. Hegoak, hein batez bederen, paraxut edo jausgailu modukoak dira. Lurrartze-trenak lurra jotzean, motoreek turbinen hegalak bestela orientatu eta indarra aldatu egiten dutenez, hegazkina aurrera bultzatu ordez, geldiarazi egiten dute.

Aire trafikoa

Lehorrean errepideak eta ozeanoetan itsasbideak dauden bezala, zeruan autopistak daude antolatuak: horietan barrena mundu zabaleko aire-konpainietako bidaiariak eta kargak daramatzaten 18.000 hegazkin dabiltza egun, hara eta hona. Horiek aldi berean ez ibili arren, munduan dauden 40.000 aireportuen arteko airebideak pasabide aldaezin dira denentzat. Aurrerantzean ere dena arautua egongo bada, 1947 urtean NBE-k Nazioarteko Hegazkintza Zibilaren Erakundea (OACI) sortu zuen, mundu osoko abiazio zibilaren garapen segurua eta egokiro antolatua sustatzeko. Xede horrekin, airezko garraioaren segurtasuna, eraginkortasuna era erregulartasuna erdiesteko nazioarte mailako arau eta aginduak xedatzen ditu erakunde horrek. OACI erakundean, aireratze unetik bertatik aireportuan lurreratu arte, airebide zibiletan barrena doazen aireontzien kudeaketan diharduen aire-kontrol bakarraren arabera dabiltzan 180 herrialdek dute ordezkaritza.

Aireportu nagusietan aire-trafikoaren kontrolaren hasiera aireportuko dorrean dagoen kontrolatzailearen eskuetan dago, berak zuzentzen baititu hegazkinak zama-arrapalatik, kokatze pistan barrena, aireratze-pistaraino. Hegazkin mordoa eta bestelako zerbitzu-ibilgailuen trafikoa -ekipajeena, zama eta mantenukoena, denak behar-beharrezkoak baitira aireportuan - kontuan hartu beharko du lurreko kontrolatzaileak. Aireratzean, aginduak ematea, hegaldiari emaniko baimena berrestea eta, aurrera egiteko beharrezkoak diren datuak -haizearen norabide eta abiadura, eguraldiaren egoera eta beste hainbat- jakinaraztea dorrean dagoen kontrolatzailearen eginkizunak dira. Hegazkina bidean doala, komunikazioaz Air Route Traffic Control (airebideetako trafiko-kontrola) erakundea arduratzen da. Erakunde horretako kontrolatzaileak mantenduko du komunikazioa, harik eta helmugako kontrol dorreak aireportura gerturatzeko eta lurrartzeko kontrola bereganatu arte. Lurrarekiko komunikazioa ez du galtzen, beraz, hegazkinak.

Gauza bitxiak

Turbulentziak

Hegaldian, hegazkinari erasotzen dioten haize-bolada eskergak dira turbulentziak. Desatseginak dira, oso, baina ez dute ia garrantzirik. Aireontzien egiturak horrelako aire-zirimolei aurre egiteko diseinatuak daude eta pilotuek, beren aldetik, horien eragina arintzeko hainbat "amarru" baliatzen dituzte. Boladen indarra arintzeko spoilerrak (hegoan altxatzen diren elementu txikiak) darabiltzate, turbulentzi eskualdea inguratzen saiatzen dira eta, hori zabal-zabala baldin bada, abiadura mantsotu egiten dute, haizearen eragina ahalik eta txikiena izan dadin.

Aireportu gainean, jira-biraka

Ohiko kontua da, hegazkinak aireportura gerturatu eta lurrartzeko jaisten hastean, aire-trafikoan pilaketak egokitzea. Horrelakoak gertatzean, hegazkin iritsi berriak airean, aireportutik 50 kilometrora edo urrutiago dagoen segurtasun-eremu batera bidaltzen dituzte kontrolatzaileek. Lurrartzeko zain dauden hegazkinak eremu horretan baliza baten inguruan jira eta biraka dabiltza, elkarrengandik 305 metrora, bertikalean. Lurrartzeko pista erabilgarri dagoenean, lurretik gertueneko hegazkinari baimena ematen zaio zaldiko-maldiko hori uzteko; espazio hori libre utzita, gainerakoak hurrengo posiziora -beheagoko batera- igaroko dira.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto