Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Mini zentral hidraulikoak: Alternatiba osagarri berriztagarria

Energi iturri garbiaren hedapena, ingurugiroan duen eraginaz iritziak bat ez etortzeak eta eragozpen administratiboek eragotzita

  Ikatz, petrolio eta antzeko erregai fosilak erabiltzearen alternatiba ekologikoa energia berriztagarriak baliatzea da, honakoak agortzen ez direlako, gure baliabideak murrizten ez dituztelako eta atmosfera kutsatzen ez dutelako. Panorama horretan mini zentral hidraulikoak aukera politak dira, betiko moduan, aldeko eta aurkako iritziak biltzen dituzten arren. Mini horiek zentral, energia ekoizteko erreka eta ibaietako ur-emaria baliatzen dutelako bereizten dira hidrauliko handietatik. Espainian mini zentral hidraulikoek gehienez ere bost megawatteko (5 MW) potentzia instalatua daukate; Europan, berriz, 10 megawattetik beherakoei deritze mini zentral. Eskaintzen duten gehieneko potentziaz gainera, badute beste bereizgarri garrantzitsu bat: energia ekoizteko ur-jauzi edo latsen maila-aldaketak darabiltzate; horien "ahizpa nagusiek", aldiz, ur-emari eskergak eta sekulako azpiegiturak eskatzen dituzte: presak, urtegiak, deribazio-kanalak, makineria erraldoia, etc.

Nola funtzionatzen duten

  Urak, turbinetan barrena abiadura bizian igarotzean, errotazio mugimendua sortarazten du, gerora, sorgailuei esker energia elektriko bihurtuko dena. Era askotako instalazioak dauden arren mini zentral hidroelektrikoak bi multzo handitan sailkatu ohi dira: erregulaziokoak eta jariokoak. Erregulazioko zentralak, urtegiei esker, sekulako ur-kopurua biltzeko gauza direnez, zentral handien tipologian sartzen dira egokiago. Horregatik jariokoak ohikoagoak dira txikietan: bertan ez urtegirik ez dela, ur-emariaren indarrak sortzen du energia, maila aldaketa txikia konpentsatuz.

Batzuk eta besteak, aurrez aurre

Zentral horiek kokatu ohi diren tokian -ibaien goialdeetan- eragiten duten ingurugiro alorreko kritika ere, horrelakoak oraingoz ez ugaltzeko motiboetako bat izan da. Espainiako Izokinen Ikerkuntza eta Hobekuntza Lortzeko Elkarteak ("AEMS - Ibai Bizidunak") hainbat autonomi erkidegotako biologo eta teknikariekin elkarlanean egin dituen txostenetan horrelakoen eragozpen zenbait agertzen dira, hala nola arrainari pasabidea galarazten zaiola eta emari batzuk ustiatzen direla. Elkarteak salatu izan duenez, presetan dauden eskala gehienek bere xedea betetzeko balio ez duten arren, "mini zentralen sustatzaileak ingurugiroko inpaktuengatik geroz eta kezka handiagoa agertzen ari dira".

Zentral horien aldekoek, aitzitik, balizko eragozpenak huskeria direla diote. Iberdrolako arduradunek adierazi dutenez, agintariek ingurugiro alorrean kontrol zorrotzak gaindiarazten dizkiete. Espainiako Energiaren Aurrezpen eta Dibertsifikaziorako Institutuaren (IDAE) aburuz teknologiaren egungo egoerari esker zentral horiek ingurunean duten eragina hutsaren hurrena da orain. Bestetik, energia berriztagarri horren egokitasuna bermatzen dute hainbat ikerlanek, hara: 2000 urtean IDAE Institutuak, Espainiako Ingurugiro eta Teknologia Alorretako Energi Ikerkuntza Zentroak (CIEMAT), Espainiako Energia Berriztagarrien Ekoizleen Elkarteak (APPA) eta estatu horretako bost autonomi erkidegotako - Katalunia, Galizia, Nafarroa, Aragoi eta EAE- gobernuek eginiko azterlanean, ingurugiroa zorrozkien errespetatzen duen energi ekoizpena mini zentral hidraulikoa dela ondorioztatu zen; era berean, mini zentral hidraulikoan ekoitzitako orduko kilowata (Kw/h) lignitoz erdietsitakoa baino hirurehun aldiz garbiago dela frogatu omen zen. Hidronorte-k -Espainian hamar mini zentraletik gora dauzkan enpresa-, Vigoko Unibertsitatearekin elkarlanean jardunez, aholkularitza-bulego independente bati, Santiago Compostelakoan Tambre ibaian enpresak daukan zentralak eragiten duen efektuaren ondorioak ezagutzeko Ingurugiroko Zaintza Programa egin zezan agindu zion. Lanak egiaztatu zuenez, zentralak eskualdeko arrainezko fauna eta landaredian inolako eragin kaltegarririk sortzen ez zuen eta, gainera, urak ez zuen kutsaduraren lorratzik agertzen.

Ekologisten kritikak ez ezik, zentral hidrauliko txiki bat martxan jartzeko gainditu beharreko prozedura administratibo luzeak eta ahalegin eskergek horrelako zentralen hedapena galarazten dute eta, sustatzaileek arazo horiek onartzen dituzten arren, Administrazioari energia mota hori susta dezan eskatzen diote behin eta berriz. Azpiegitura horietako asko, osorik edo partzialki, estatu espainiarraren jabetzakoak direnez, zentralak martxan jartzeko lehiaketa publikoaren bidezko kontzesio administratiboa egin beharra dago. Espainiako Energia Berriztagarrien Ekoizleen Elkarteak (APPA) eginiko kalkuluen arabera, ingurugiroan ia-ia eraginik izan gabe, mini zentral hidraulikoetan oraino 450 MW ekoitz litezke eta, beraiek adierazten dutenez, estatu espainiarrean eraikita dauden (beraz, ingurugiroan eragin kaltegarria egina dago) beste 173 presei aprobetxamendu energetikoa atera dakieke. Dena den, horiek ere ez dira lehiaketan azaldu." IDAE elkartearen iritziz, autonomi erkidegoen eta estatuko Administrazio Zentralaren ingurugiro alorreko irizpideak harmonizatu behar dira, aprobetxamendu hidroelektriko berriei martxan jartzeko baimena eman aurretik.

Energia hidraulikoaren aldeko eta aurkako alderdiak

Bestelako energi iturrien gainetiko abantailak:

  • Eskuragarritasuna: ur zikloari esker baliabide hau agortezina da.
  • Energia garbia: ez "negutegi gasik" dago, ez euri azidorik sortarazten du, ez igorpen toxikorik bidaltzen du.
  • Energia merkea: ustiapen kostu apalekoa izaki, teknologiaren hobekuntzari esker eskura dauden baliabide hidraulikoak eraginkortasunez ustia daitezke.
  • Giroko tenperaturan funtzionatzen du zentralak, ez da freskatze sistemarik edo kalefakziorik behar (horiek, beti, energia kontsumitu eta, askotan, kutsatu egiten dute).
  • Ura biltzeari esker soroak garastatu edo aisialdi jarduerak egin daitezke.
  • Emariaren erregulazioari esker, uholdeen arriskua arindu egiten da.

Eragozpenak:

  • Zentralak eraiki eta martxan jartzeko inbertsio eskergak egin behar izaten dira. Zentral hidroelektrikoak baldintza egokietan eraikitzeko kokaguneak, gainera, mugatuak dira.
  • Erruteko ibaiaz gora egin behar duten hainbat arrain espezierentzat -izokinentzat, adibidez- presak ezin gaindituzko oztopo dira. Urtegiek, bere aldetik, ibaien ibilguetan eragin kaltegarriak izaten dituzte, erosioa eragiten dute eta eskualdeko ekosisteman ondorio kaltegarriak izaten dituzte, oro har.
  • Ura txirotzen da: bilduriko urak ez dauzka ibaian behera doan uraren gazitasun, gas disolbatu, tenperatura, nutriente eta gainerakoak. Jalkinak urtegian metatzen direnez, hortik behera ibaiko ura nutrienteez txirotzen da. Beste aldetik, lehorteetan eta udaldietan ibaiaren azken tartea behar bezalako ur-emaririk gabe geratzen da.
  • Zentral hidraulikoak populazio-gune handietatik urruti kokatzen direnez, bertan ekoitzitako energia biziki garestiak diren banaketa-sareen bidez ekarri behar izaten da


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto