Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Partikularrentzako eskaintza garestia eta mugatu-mugatua da
Urte honetako lehen bi hilabeteetan etxebizitzen alokairuak egin duen %4,2ko igoera motelak ez du atera Espainia etxeen alogerako europar herrialdeen zerrendaren buztanetik. Etxebizitza guztien %10 baizik ez dira alokatzen Espainian; Alemanian, berriz, %60 dira alogeran jartzen direnak eta Holandan %40. Alokairuen espainiar merkatu urri horren zergatia azaltzen duen arrazoietako bat, maizterrek ordainduko ez dioten eta, gainera, eraikina txikituko dioten beldurra omen da, etxejabeen arabera. Horri denari, etxebizitza egun inbertsio errentagarria izatea eta, maizterraren aurrean, etxejabeak duen defentsa eskasa badizkiogu, erraz ulertuko dugu zergatik dauden une honetan Espainian hiru milioi etxebizitza hutsik. Etxebizitzen errentamendua sustatzeko neurri asko aztertu direlarik, erakunde publikoek eta aseguru konpainiek eskaintzen duten alokairu aseguruak kontratatzea da horietako bat. Horrelako aseguruak enpresa gutxik eskaintzen dituzte eta, gainera, horien prezioa ez da oso-oso merkea.
Honako hau ez da ohiko etxebizitza asegurua, oraindik ere aseguru konpainia gutxik eskaintzen duten zerbitzu berria baizik, eta etxejabeak kontratatu beharko du errenta ez kobratzeari aurre egiteko, batik bat. Ordaindu beharreko urteko kuota, berriz, hileko errentaren %60ren parekoa da, hor nonbait: maizterrak hilean 600 euro ordaintzen baditu aseguru poliza, urtean, 360 euro inguru kostatuko zaio errentatzaileari.
Honelako asegurua kontratatua daukan etxejabeak maizterren datu guztiak jaso eta konpainiari ezagutarazi behar dizkio, aseguratzaileak errentadun horien kaudimena aurretiaz egiaztatu eta arriskua balora dezan. Horretarako, maizterrei aspaldi honetako nominak eta lan kontratua erakustea eskatzen zaie. Partikularrei bereziki begirako prozedura hori bi aseguratzaileetan betetzen da: berdin-berdina da Mutua de Propietarios eta La Estrella konpainietan. Maizterraren betebeharrekoak, berriz, kontratu alokairu bat eta NAN aurkeztea.
Baliteke alokairu kontratua formalizatzen den datan bertan indarrean sartzea, lehenagotik ordaindu gabeko errentarik ez baldin badago. Ez da lehenago ordaintzeke geratu ziren kuotak kobratzeko asegurua, etorkizuneko ez ordaintzeak bermatzeko baizik.
Espainiako Etxebizitza Ministerioaren Talka Plan izenekoan, administrazio eta erakunde publikoak hutsik dauden etxebizitzak alokatzeko programak sustatzen ari dira. Errentatzeko etxebizitzen eskaintza bideratzeko asmoz eta, horrekin batera, balizko ez ordaintzeak estaliko dituen asegurua (ACC Seguros konpainiak eskaintzen duen legez) etxejabeei eskaintzeko xedez, alokairuaren udal bulegoak sortu dira.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa