Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Inma Shara, orkestra zuzendaria: "Kontzertuaz gozatzeko ez da ezinbestekoa musikan aditu izatea"

 Bere janzkera beltzari begiratu azkarra eman, batutari gogor heldu, hasperen egin eta podiorainoko tartea sendo ibili du Inma Sharak. Aurrean, orkestra; gibelean, jendea; eskuetan, ororentzat obra berdingabekoa sortzeko ardura, horixe baita orkestra handi baten zuzendariaren eginkizun eta erantzukizuna. "Gure irudiaren inguruko glamourrezko halo hori guztia literatura hutsa da, hitzak baino ez", aitortu du, irribarretsu. Amurrion duela 32 urte jaio zen emakume honek eskarmentu eta bizibide duen bizipen hori munduan beste sei emakumek bakarrik goza dezakete. Zubin Mehta txalotuaren ikasle, agintea ezinbestekoa du zuzentzeko, baina hori "lanetik bakarrik etor daiteke". Horixe da Inma Saratxagak (horrela baitu benetako abizena) bere karrera laburrean izan duen arau behinena. Abizenaz, berriz, "nazkatuta nengoen jendeak hitza ebakitzeko zituen zailtasunekin eta, halako batean, "Shara" aukeratu nuen, aldaki soilagoa baita". Biola ikasi zuen Inmak "hari instrumentuetan baitatza orkestraren arkitektura"; ondoren pianoan aritu zen, "horrekin zeinahi sinfoniaren laburpena erdiets daitekeelako", eta konposizio eta instrumentazio karrera burutu zuen "partitura arakatu" eta bere ikuspegitik berriro osatu ahal izateko.

Nola azalduko zenuke konpositorearen pareko figura den orkestra zuzendariaren eginkizuna?

Orkestra zuzendari ona hizlari ona da eta idatzita dagoenaz egiten duen irakurketa bere talentuaren arabera aldatzen da. Partitura artistak, konpositoreak, sortutako elkarrizketa da baina, bizia izan dadin, eszenatokian gorpuztu beharra dago: horixe da zuzendariaren eginkizuna. Bakoitzak bere sentsibilitatea eta interpretatzeko modua du, denek desberdina; horregatik dauka pieza bakoitzak bere soinua, zuzendari bakoitzak bere bertsioa kontatzen duelako, arte-sortzaile bihurtzen den une horren peskizan. Une magiko batean, zuzentzen ari den musika horretan ezagutzen du bere burua zuzendariak eta emozio hori musikariengan txertatzen du, azkenean sortze lanaren apartekotasuna entzuleak ere hautematen duelarik. Hori da orkestra zuzentzea.

Musikariak, beraz, instrumentu hutsak baizik ez dira?

Inondik ere ez. Orkestraren premia du zuzendariak partituraren semantika arakatzeko, hor idatzita dagoenaren aurrean sekulako errespetua erakutsiz. Entzulea ere biziki errespetatzen du, berari zuzentzen baitzaio mezua. Bestela esateko, entzulea eta obraren arteko zubia da zuzendaria eta obra hori berdingabeko pieza bihurtzen du bere batutaren aginpidez, musikariek interpretatu eta jendeak aditzen duenean.

Hori lortzea entzutegiko jendearen esku ote dago?

Jendeak gauza apartak ezagutuko baditu horrelakoak eskaini behar zaizkio, edo eskaintzeko ahaleginak egin behar dira, gutxienez. Geroz eta hobeki dakigu zer den ona eta zer den txarra bereizten eta, dudarik gabe, emozioa hautematen dugu denok, horrelakorik sortzen denean. Kontzertuaz gozatzeko musikan, korronte edo autore jakin baten obran aditua izan behar dela eta antzeko iritziak bazterrean utzi behar ditugu. Emozioen hizkeraz mintzatzen da musika. Egiari zor, ñabarduraren bat batzuek atzematen dute eta beste batzuek ez, baina beste horrenbeste gertatzen da pintura edo poesiarekin ere, hots, nor bere bidetik abiatuta gozatuko da musikarekin. Musikaren helburua emozioa kutsatzea da, ez lezioak ematea.

Musika klasikoak bere baitan nolabaiteko zentzu kultua daukala onartuko duzu, behintzat...

Kulturaz baino zehazkiago dotoreziaz ariko nintzateke hemen, hau da, rock kontzertua ere dotore izan daiteke, nola ez. Baina kontzertu klasikoan formak zaintzea ere komunikazio elementu da, ezinbestez. Horrek ez du adierazten, ez du adierazi behar, musika eskaintzen duena eta jasotzen duena elkarrengandik urrun izan behar direnik, elkar errespetatu behar dutela baizik.

Batuta eskuan planeta osoa zeharkatu duzu: Alemania, Austria, Txekia... herrialde bereziki melomanoak. Handik itzultzean herrialde honetan biziki salatua izan den musikarako prestakuntzarik eza nozitu al duzu?

Ez dut uste jendeak partitura irakurtzen jakitea nahitaezkoa denik baina, beste aldetik, musika gizakia -banan-banan eta kolektiboki- laguntzen duen tresna dela uste dut. Eskola umeak, musika azterketa, beste zeinahi ikasgai bezala, gainditu beharrari ez deritzot ongi, hobe da ene aburuz eguneroko bizitzan musikaz baliatzea. Nolanahi ere, Espainian musika mundura berandu iriste horri egotz diezaiokegun alderdi mesedegarria, musikari eskainitako espazio ugarien kalitate handia da. Ez dago musikari eskainitako berariazko antzoki txikirik baina, horren ordez, kategoria duineko entzutegiak biderkatu egin dira.

"Musika ez dut lanbide sentitzen, bizitzari begiratzeko ikuspegi baizik". Musikariak zergatik agertzen dira horren hotsandiko?

Nire kasuan musika absolutua da, pasioa dut eta; honetan jardun ahal izatea sakrifizio handia eskatzen didan atsegina da, batez ere. Inongo orkestrako titularrik ez izatearen ondorioz, errepertorio landu-landua eskaini behar dut eta horrek ikasten ordu asko ematera behartzen nau, egunean hamabi bat ordu eman behar ditut partitura bat ateratzeko. Oso esker oneko lana da, baina horixe, lana: eta lan izate horrek irmotasunez aritzea agintzen du. Oraingoz, urtean beste sei proiektu berri garatzea onartu dut, horietako bakoitza ongi prestatzeko gutxienez bi hilabete behar baititut. Eginkizun horiek konpromiso pertsonal handia eskatzen dizute eta dituzunak eta ez dituzunak eman behar dituzu bertan. Gehienetan musika hori gustatu egiten zaizu eta berarekin identifikatzen zara eta bestetan zure izpiritu artistikoa ez dator bat obra jakinen batekin, baina obligazioz ezagutu -eta, erantsiko nuke nik, "maitatu"- behar duzu.

Nola hartzen dituzu kritikak?

Beste edonork bezala, uste dut: kritika mesedegarria gustukoagoa dut kaltegarria baino. Honelakoen aurrean, eraikitzaile ez badira eta profesional gisa heltzen laguntzen ez banaute, behintzat, amore ez ematen ahalegintzen naiz, askotan horien gibelean dagoen interesa ez baita musika bera. Gogoan dut aspaldiko kritika bat ene ilearen koloreaz aritzetik hasi zela. Gainerako guztia hura bezain zorrotza izango zelakoan, ez nuen gehiago irakurri.

Zein autore dira gehien eskatzen zaizkizunak?

Segun eta: zein forotan, zein aurrekontu dagoen, instrumentu familiak, ahotsak eta solistak zenbat diren... Seguru joan nahi duen antolatzaileak badaki Bach, Brahms edota Stravinski arrakastaren berme direla. Jendeari, ezagun dituen eta, etxean grabatuak dauzkanez, berriro entzungo dituen piezekin gozatzea gustatzen zaio zuzeneko kontzertuan.

Ez al zara ausartzen berrikuntzarik sartzen?

Horixe baietz baina, gure lanbide hau oso xarmanta den arren, lana da azkenean. Literatura sinfonikoan dezente nabigatzen dut nik eta nire errepertorioari erantsi beharreko obra berriak maiz aurkezten ditut baina, luzera, Beethovenen Bederatzigarrenak jendea liluratu egiten du eta, izan gogoan, jendearentzat jotzen dugu guk. Musika garaikidea -soinu bandak izan ezik, agian- zeinahi obra barroko, errenazentista edo erromaniko baino ulergaitzagoa da, dudarik gabe, eta gainera, abangoardiako obra eta pieza guztiak ez dira luze irauteko sortuak izan, aurrekoarekiko haustura baten eraginekoa, iraganaldikoa balekoa izan ez balitz bezala... Gauzak horrela izateak, benetako arrakasta lortzera heltzen ez diren sormen-obra askotxo erakusten dizkigu, sortze-lan horiek bestelako zerbaiten bilaketa eroaren fruitu -original baina ez artistiko- direlako, baina hori ez da musika. Gizakia, eta ez sortzailea, asebetetzeko sortzen da artea; sortzaileak, bere aldetik, gainerakoei zoriontasuna entregatzea izan behar du helmuga.

Autore garaikideek zein espazio betetzen dute egun?

Horretarako berariaz eratu eta sortuak diren foroetan -jaialdiak, sinposioak, etc.- izan ezik, espezialisten artean ere polemika eta eztabaida ugari dabil. Normala da hori, musika izaki biziduna da eta, sortzen ari den bitartean ere, aldekoak eta kontrakoak izaten ditu. Azkenean onenak iraungo du eta, kritikoek baino areago, jendeak erabakiko du zer zaindu behar den, garai bateko testigu izatea den misio hori betetzeko. Konpositorearen sentsibilitatea eta gaitasun artistikoa erakusteaz gainera, testuinguru, zaletasun eta premia batzuen berri ere adierazten du.

Zure hitzen arabera, zuzenean aritzeak ere obra sortzen duela atzeman dugu Ba al duzu zeure diskografiarik?

Hainbat grabazio zuzendu ditudan arren, ez naiz sentitzen interpretazio bat sinatzeko bezain ongi prestaturik. Eskarmentu luzeagoa eta heldutasun handiagoa behar dut, musika gehiago bizitzea, hitz batez. Obra baten ene bertsioa eskaini nahi izenez gero, hori argi-argi ikusi behar dut baina oraingoz, aitor dut, ene aldarteak musikarentzako pasioak arras kutsatuak daude... Musikak asko ematen dizu, dudarik gabe, baina lana eskaini behar diozu; eta alderantziz, zu lanean gogotik jardunik, hark egunero ekarriko dizu zerbait berria: halako batean zer hori harrapatzeko aukera izango dudala espero dut.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto