Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Elikadura eta immigrazioa: Truke gastronomiko eta kulturala egiteko aukera

  Eurostat-ek egin berri duen txostenaren arabera, espainiarra da, 2003 urtean immigrante gehien jaso dituen Europako Batasuneko estatua. Egun ia 2,7 milioi pertsona atzerritar bizi dira Espainian, hots, 1998an baino lau aldiz gehiago. Leku askotatik iritsi diren arren, Maroko, Ekuador, Kolonbia, Errumania eta Txinakoak dira ugarienak. Migrazio horiek beraiekin daukaten aberaste eta mestizaia ez da alderdi sozial edo kulturalera bakarrik mugatzen: panorama gastronomikoan ere ateak zabaltzen zaizkio orain arte ezezagun izan diren zapore, usain eta bestelako onurei.

Elikadura alorreko azturak eta osasuna

Pertsona immigrante horiek jatorrizko herrialdeetan kontsumitzen dituzten elikagaien osotasunezko azterketa eginez gero, beren dieta eredu gomendagarritik gertu dabilela egiaztatuko dugu: karbohidrato konplexuak euskarri duten elikagaiak (arroza, patata eta juka bezalako tuberkuluak, eta artozko tortak, Amerika Erdialde eta Hegoaldean, kus-kusa, arroza eta arto txikia Afrikan, arroza eta soia Asia Hego-Ekialdeko herrialdeetan). Otordu tipoa soila da: animali proteinez osaturiko anoa txiki bat, eta beste bat, ugariagoa, sasoian sasoiko barazki eta frutez osatua. Saltsak barazkiekin moldatzen dira eta proteina ugariko landarezko elikagaiak elkarren artean konbinatzen dira (arroza eta frijola -indaba- Amerikan, arroza eta kakahuetea Afrikan, arroza eta soia Asian). Labore eta lekaleak nahastuz gero, animaliazko elikagaien (arraina, haragia, arrautza) antzeko oreka proteinikoa duten jakiak erdiesten dira, funtsezko aminoazidoen konbinazioa egoki-egokia osatzen baita horrela.

Nolanahi ere, herritar berri horiek ere, Espainiako portaera eta elikatzeko azturen eragina pairatzen ari dira. Dena den, egoitza duten herrialde berriko jaki tipikoak prestatzen ez jakiteak, osagaiak elkarrekin konbinatzen eskarmenturik ez izateak eta pertsonaren egoera ekonomikoak eragin hori arindu egiten dutenez, aurretiaz kuzinaturiko jangaiak erostera jo behar izaten dute maiz, horrelako jakiak merkeago ere gerta dakizkiekeelako. Bestetik, gozokiak, freskagarriak eta bestelako produktu azukredunak erraz eskuratu ahal izaten dituzte Espainian, jatorrizko herrialdeetan ez bezala. Alderdi horiek guztiek eragina izan dezakete epe ertain eta luzera immigranteen nutrizioaren egoeran, aspaldi honetan espainiar populazioarekin gertatzen ari den legez; ondorioz, gaitz kardiobaskularrak, gizentasuna, diabetesa, idorreria eta antzeko gaixotasunak sarriago nozitzen dituzte.

Beste kulturetako elikagaiak

Orain arte exotikotzat jo izan ditugun elikagai batzuk merkatu estatalean sartzen ari zaizkigu eta, hemendik urte batzuetara, hamaika errezeta daudenez eta formula horiek eskarmentudunak direnez, espainiarren eguneroko dietako osagai bihurtuko dira, "beste kulturetako" produktu askorekin jazo izan den bezala; hortxe ditugu, adibidez, patata eta tomatea, Espainiako ortuetan duela ehunka urte landutakoak, edo anana eta kiwia, berriagoak.

Erdialdeko eta Hego Amerikakoak

Erdialde eta Hego Amerikako eguneroko dietan ezinbestekoak diren elikagaiak geroz eta aiseago agertzen dira merkatu espainolean, hala nola juka, mandioka, banana arra, etc., eta fruta tropikal asko: aguakatea, mangoa, papaia, kokoa edota bananatxoak.

Asiakoak

  Asiar merkatuan ohikoak izaki, elikadura espainiarren txertatzen ari dira hamaika fruta (rambutana, litxia, pitahaia, mangostana, kumkwat edo laranja txinatarra...); horietako asko Amerika eta Afrikako herrialde tropikaletan ere egiten dira; ongailu edo gozagarriak: currya, soia eta soiaren eratorriak (tamaria, misoa, tofua...).

Ipar Afrikakoak

Kus-kusa berez gari semola delarik, kultura musulmaneko jaki tipiko bat bataiatzeko erabili da: bertan sartzen dira semola hori egosita, garbantzu eta barazki egoskia, salda, eta arkume edo oilaskoa, batez ere. Osagaiak banan-banan zerbitzatzen dira. Konparaziorik egin nahi izanez gero, betiko eltzekariaren kidea dela esan dezakegu, osagaiei eta aurkezteko moduari dagokienez; kus-kusa zopa osatzeko orea litzateke eta gainerako jangaiak hemengo eltzekariak berezkoak dituenen antzekoak dira.

Europa Ekialdekoak

Turkiatik etorri zaizkigun kebab izenekoak arkume edo oilaskoki zerrenda erreak izaki, pita ogi berezian zerbitzatzen dira, Turkiako saltsa eta barazkiak lagundurik. Horrelakoak mukuru kontsumitzen dira Europa Ekialdean ez ezik herrialde arabiarretan ere, eta Espainian jaki azkar bilakatu dira.

Herrialde bakoitzetik hoberena

Atzerriko herrialdeetan elikadurari buruz eginiko azterketetatik ateratako emaitza onuragarriek eragina izan dute zientzialariek elikatzeko aholkatzen dituzten azturak aldatzeko unean, elikagai horietako batzuk edo elikagai konbinazio batzuk populazioaren osasunarentzat biziki mesedegarri gertatzen dira eta.

Herrian herriko ohituren alderdi on eta osasuntsuak bilatzea merezi du, gure ohiko elikaduran sartzeko: hortxe dugu, adibidez, omega-3 gantz azido ugari dituelako, arrain urdina, soia, etc.

Non egiten den ... Zergatik gomendatzen den
Erdialde Eta Hegoamerika Jakia: frijolak arrozarekin Landare proteinen konbinazioa. Landare proteina ugari dauzkaten elikagai batzuk (lekaleak, laboreak eta fruitu lehorrak) elkarrekin nahastearen emaitzaz kalitate handiko proteinadun jakia da, haragi, arrain eta arrautzen parekoa.
Magrebeko herrialdeak (Aljeria, Libia, Maroko, Mauritania, Tunisia) Jakia: kus-kusa Oreka handiz osatua. Nutriente guztietatik ugari duten elikagaiekin konbinatzen da: kus-kus eta garbantzuen karbohidratoak, haragiaren proteina eta gantzak, landarezkoen bitamina, mineral eta zuntza.
Europa Ekialdekoa Kebab Nutrizio alorretik orekaz osatua. Aukera polita, etxeko ogitartekoa bezala, inoiz edo behin kontsumitzekoa. Bertan nutriente guztiak agertzen dira: ogiaren karbohidratoak, haragiaren proteina eta gantzak, landarezkoen bitamina, mineral eta zuntza..
Saharaz beherako Afrika Arto txikia, arroza, kakahuete- saltsarekin Landare proteinen konbinazioa.Landare proteina ugaridun elikagai batzuk konbinatzearen ondorioz (lekaleak, laboreak eta fruitu lehorrak), kalitatedun proteinaz osaturiko jakia erdiesten da, haragi, arrain edo arrautzen parekoa
Asia Ekialdekoa Osasunarentzat biziki mesedegarria

Ikerlan zientifikoek frogatu dutenez, soia eta soiaren eratorriak kontsumitzeko ohitura, nutriente asko dauzkanez, populazioaren osasunarentzat arras mesedegarria da:

  • Menopausiarekin batera agertzen diren sintomak arintzen laguntzen du,
  • Trastorno kardiobaskularrak nozitzeko arriskua urruntzen du,
  • Hezurrak hausteko eta antzekoak gertatzeko arriskua arintzen du.

Espainian eginiko azterlana

Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak "Hábitos alimentarios de los inmigrantes en España" txostena egin du; bertan egiaztatzen denez, Espainian bizi diren immigranteen %64ri "janari espainiarra" asko edo dezente gustatzen zaie. Beste aldetik, Espainiako sukaldaritza tipikoa geroz eta errazkiago onartzen dutela ere frogatu da, hainbat motibo medio: erosoagoa izatearren, beren burua integratzeko, immigrante horietako batzuek neskame edo etxeko lanetan diharduelarik, jaki tradizionalak egiten ikasi behar dutelako, umeak eskolara joan eta bertan jaten dutelako, etc. Horri beste zerbait erantsi behar zaio: immigrante horien jatorrizko herrialdeetako elikagaiak edo jakiak erostea eta prestatzea ez zaie batere erraza gertatzen, ohiko establezimenduetan ez daudelako salgai (dena den, geroz eta komertzio atzerritar gehiago sortzen ari dira: harategi musulmanak, Hego Amerikako janari dendak, etc), edo jaki horietako batzuen prezio altua delako.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto