Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Abentura-kirola: Segurtasun eta zerbitzu-kalitate aldetik, gaizki

Espainia osoko abentura-kiroleko ehun enpresak emaniko informazioa aztertu da. Horietako batetik bestera, prezioetan alde handiak

  Naturarekin tradizioz loturiko kirolei (mendian ibiltzea, eskia, hipika, bela) aspaldi honetan naturari ahalik eta zuku handiena ateratzea xede duten kirol-jarduera berriak erantsi zaizkio: praktika hauetako bereizgarria emozio handia eta estresa izaten dira. Parapentea, delta hegoa, raftinga, arroilen jaitsiera, puentinga, erorketa askea eta beste hamaika abentura-kirolek erabiltzaileari ohiz bestela ariketa egin eta gozatzeko aukera eskaintzen diote; hori bai, kasu gehienetan, eskarmentuaz gainera, erakusleak, instalazioak, ekipoak eta materialak eskaintzen dituzten enpresa espezializatuen eskutik.

Kirol berri horiek nolako baldintzetan praktikatzen diren aztertu du CONSUMER EROSKI-k; zehazkiago esateko, arrisku-faktoreak noraino kontrolatzen diren eta, sektore horretan, Espainian hogei urte baino gutxiago daramaten enpresa horiek eskaintzen duten zerbitzuaren kalitatea nolakoa den zehaztea zen kontua. Hamahiru espezialitatetan (delta hegoa, alpinismoa, erorketa askea, arroilen jaitsiera, eskalada, espeleologia, flysurf edo kitesurfa, hidrospeeda, parapentea, piraguismoa, raftinga, puentinga eta urpekaritza) diharduten ehun enpresaren zerbitzuak aztertu dira. Enpresa horien -turismo aktibokoak ere esaten zaie- egoitzak hurrengo hirietan daude: Huescan (aztertuetatik 14), Asturias (11), Madril (10), Girona (8), Kantabria (7), Nafarroa (5), Alacant (5), Lleida (4), Cadiz (4); hiruna Bizkaia, Tarragona, Sevilla, Málaga, Gipuzkoa eta Almerian; bina Teruel, Pontevedra, Murtzia eta Bartzelonan; bakarra Zaragoza, Valentzia, Granada, Castelló, Cáceres eta Araban.

Azterlanetik ondorioztatzen da Espainian abentura-kirola oraingoz ez dela inondik ere heldutasunera iritsitako eta finkaturiko enpresa-sektorea, komertzializatzen duten produktuari berez arriskua zor zaion arren, segurtasun-alorrean duen defizitari konponbiderik aurkitu ez zaiolako, funtsez: azterturiko enpresa guztien %27k ez dute proba gainditu; bestetik, %34 "onartzeko modu" apalean agertu dira. Zerbitzuaren kalitatea, gainera, urri-urria da: enpresen %54k ez dute CONSUMER EROSKI-ren azterketa gainditu. Prezioetan, aldiz, sekulako aldeak hauteman dira: kontratatzen den abentura-kiroleko enpresaren arabera, flysurf-en ikastaroa, laguneko, 200 eta 300 euro bitartean kosta dakioke erabiltzaileari; egun bakarreko eskalada-saioa 10etik 110 euroraino eta alpinismoa, eguneko, 12 eurotik 88raino.

Abentura-kiroleko enpresa horiek duten hutsune nagusia segurantzia da, batik bat, alderdi hori behar bezain ongi bermaturik ez baitago. Segurantzi kontuetan enpresen laurdenak ez du azterketa gainditu baina, horrez gainera, kalifikazio on bat merezi dutenak %39 baizik ez dira. Gabeziarik ohikoena, jarduerari ekin aurretik, beraiek egin beharreko kontrol meteorologikoa da: gehien-gehienek ez dute egiten edo, gehienez ere, telebistan zein irratian albisteak entzute hutsa izatera mugatzen da neurri hori. Arriskudun praktika horietan esku hartzeko baimena eman aurretik bezeroei eskatu behar dizkieten baldintza eta betebeharrei (tituluak edo osasun-egiaztagiriak) dagozkien probak ere gainditzeke utzi dituzte enpresa gehien-gehienek. Era berean, bezeroen prestakuntza fisiko eta psikologikoa ezagutzeko egitea komeniko litzatekeen proban ere azterketa gainditu gabe utzi dute ia denek. Segurtasun alorreko hoberena: erakusleek erabiltzaileekin batera joatea, erantzukizun zibileko asegurua egitea eta erakusle gehienek titulu egokia edukitzea da. Informazio hau guztia eta txosten honetan agertzen den gainerakoa azterturiko abentura-kiroletako enpresek emanikoa da.

Kontuan izan dezagun, segurtasun-eskaera dela eta, kirol-espezialitate horiek guztiak ez daudela maila berean: kalifikazio hoberena hidrospeed eta urpekaritzak jaso dute. Nota txarrenekoa, paradoxa bada ere, ikusi batera arrisku handienetako batentzat izan da: erorketa askea. Honakoa, kontrol meteorologikoan, bezeroei eskatu beharreko baldintzak eta erabiltzaileen egoera fisiko eta psikologikoaren balorazioan azterketa gainditzeke uzteaz gainera, erakusleen titulazioak ere akatsak agertu ditu: den-denek ez daukate behar bezalako titulua eta irteerak egoera prekarioan egiten dira: botikinik, komunikatzeko aparaturik, maparik, ipar-orratzik eta prismatikorik gabe, alegia.

Zerbitzuaren kalitatean eta bezeroarenganako arretaz, berriz, azterturiko enpresen erdiak baino gehiagok "gutxiegi" eraman du eta laurdenek ozta-ozta gainditu dute proba. Enpresa horien %15ek "ongi" kalifikazioa jaso dute eta %6k soil-soilik, "oso ongi". Hobekuntza gaitzena eskatzen duen alderdia aski jeneralizatua dagoen praktika bat da: erabiltzailearekin kontraturik hitzartzen ez denez, bezeroak defentsarik gabe egokitzen dira, gerora erreklamaziorik egin behar izatekotan. Beste aspektu akastun bat erabiltzaile ezinduarenganako arreta urri-urria da: instalazio gehien-gehienak eta ia jarduera guztiak -salbuespen gutxiz: delta hegoa eta flysurf edo kitesurfa- ez daude elbarri edo ezindu dauden bezeroentzat egokituak eta, era berean, horientzako berariazko ikastarorik ez da antolatzen. Beste aldetik, ostera, enpresa horiek badituzte azpimarratzeko moduko alderdi onak beren zerbitzuetan: horietako bat, praktikatu nahi den kirolean aritzeko beharrezkoa den ekipoa alokatu ahal izatea da. Beste bat, oraino: jarduera horiek praktikatzeko garaia aresti arte bakoitzaren goi-denboraldia baizik ez zelarik, orain urteko ia-ia zeinahi sasoitan praktika daitezke, kirol horien berri ezagutu nahi dutenen mesedetan. Aintzat hartzeko modukoa da, besteak beste, alor hauek dezente hobetu direlako (ikus CONSUMER 35 zk, 2000ko uztailekoa) ingurugiro alorreko arautegia betetzea eta instalazioak hobetu izana: egun, honelako gehientsuetan, bulegoa, aldagelak, material-biltegia eta parkingak izaten dira.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto