Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Produktu toxikoak: Erabilera masiboa, arrisku nabarmenak

Produktu ugari fabrikatzen baliatzen diren gai arriskutsuak gutxiago erabil daitezen sustatzen ari dira EB eta beste hainbat erakunde

  Indiako Bhopalen orain dela hogei urte gertatu zen hondamendiaren ondorez, Union Carbide enpresan izaniko gai kimikoen ihesak 15.000 lagun hil zituen, zifra ofizialen arabera, eta egun ere ezbehar haren ondorioak nozitzen dituzten 120.000 gizakiren baitan izan bide zuen eragina. Istripuaren eragilea, nahi gabe jalgiriko metilo-isozianatoa izan zen. Gai hori intsektuentzat hilgarri den arren, gainerako animaliei kalterik egiten ez dien sevin pestizida merkea fabrikatzeko baliatzen zen. Mirarizkoa eta merkea bai, baina ekoizte prozesuan hagitz substantzia arriskutsuak erabili behar ziren.

Horrelako pestizidak ohiz baliatzen ditugun kontsumo-produktuen adibide ugarietako bat baizik ez dira: substantzia horietako gehienek dauzkaten aditibo kimikoek, produktua fabrikatu, merkaturatu, erabili eta desegin ahal izateko, ingurunean eta osasunean sekulako eragin kaltegarria izaten dute, behar bezalako neurriak hartu ezean. Produktu horien zerrenda amaigabea da: bertan agertzen dira ftalatozko estereekin ekoitzitako finkatzaileak baliatzen dituzten kosmetikoak, sugarrak ez hedatzeko edo geroratzeko su-geroratzaile bromatuak dauzkaten arropak, akaroei aurka egiteko konposatu organoestannikoak dauzkaten alfonbrak, etc.

Ehun mila produktu kimiko

  Batasun Europarraren datuen arabera, Europan ehun bat mila produktu kimiko aurki daitezke orain eta, gainera, substantzia naturalak imitatzen dituzten edo, bestela, erabat substantzia artifizialez osaturik dauden berrehun bat konposatu fabrikatzen ditu industriak urtero. Praktika horrek, bistan denez, arriskua eragiten duen arren, horrelako produktuen erabilera masibo bihurtzearekin batera ez da egin produktu horiek planeta osoko populazioaren bizitzan eta -batez ere- ingurugiroan izan ditzaketen eraginei buruzko ikerketa eta azterketa lanik.

Substantzia arriskutsuak sortu, erabili eta botatzeari saihets egiteko lanean dabiltza Espainia eta nazioarteko erakunde asko baina, produktu horiek kontsumo-merkatutik erabat desagertuko badira, neurri politiko eta industrial zorrotzak hartu beharko dira, era guztietako substantzia kimiko toxikoen erabilera murrizteko. Elementu horiek suharberak, lehergarriak, kantzerigenoak izan daitezke edo, era berean, gizakien ernaltze-sistemak kaltetu egin ditzakete.

Substantzia kimikoen gaineko informazioa etiketetan

  Egun, substantzia arriskutsuenak erabili ordez, naturalago eta naturaren aurreko errespetu handiagoa agertzen duten beste gai batzuk baliatzeko politikak garatzearen alde dihardu Europak: Batasun Europarrak 1992az geroztik, gizakiaren bizitza eta ingurugiroarentzat arriskutsuak diren gaien sailkatze, enbalatze eta etiketatzea arautzen du. Era horretan, fabrikatzaileek eta banatzaileek enbalaje eta etiketetan, era guztietako substantzia toxikoen erabilera arduratsu eta kontrolatua bermatzeko, gai horien eragin kaltegarriez, segurtasun-neurriez eta gainerakoez informazio teknikoa eman behar dute.

Jostailu industriak, adibidez, ftalato (PVC-zko plastifikatzaile gisa baliatzen diren substantzia kimiko toxiko hauek giltzurrunetan lesioak, hormona sisteman desorekak eta, areago, minbizi motaren bat probokatzen dutela frogatua omen dago) multzo bat daukaten PVCzko jostailu batzuk ekoizteari utzi eta, horien ordez, toxiko ez diren materialez egin behar izan dituzte. Neurria, 2000 urteko ekainean Europar Batasunak argitara eman zuen PVCren Liburu Berdean adierazitakoaren ondorioz hartu da. Idazlanean, izan ere, PVCzko hondakinen tratamenduarekin loturiko osasun eta ingurugiro alorreko hainbat alderdi jorratzeaz gainera, inpaktu horiek moteltzeko hainbat aukera ere ematen ziren.

Alternatibak

Produktu kimikoen alternatiba jarduera-irizpide batzuen jarraipenean aurki daiteke, hala nola: PVC edo klorotik eratorritako beste produktu zenbait ez baliatzea, egurra naturaren aurreko errespetua agertzen duten kudeaketa-sistemen bitartez ekoitzi eta ingurugiroa kutsatzen ez duten produktuekin tratatzea, pestizidarik gabe hazitako fruta eta barazkiak kontsumitzea, urez disolbatzen diren edo osagai toxikoak ez dauzkaten pinturak erabiltzea, ingurugiroan eragin apala duten lehengaiez osaturiko garbiketa-produktuak baliatzea, etc.

Substantzia kimikoak sailkatzeko irizpideak

Propietate toxikologikoen arabera, produktu kimikoak honela sailkatzen dira:

Oso toxikoak: arrisku larri-larrikoak dira; gaitz akutu, kroniko eta, areago, heriotza ere proboka dezakete.

Toxikoak: arrisku larrikoak dira; gaitz akutu, kroniko eta, areago, heriotza ere proboka dezakete.

Kaltegariak: larritasun mugatuko arriskua dutenak.

Korrosiboak: izaki bizidunen ehunekin kontaktuan sartuz gero, ehun horien suntsipena eragin dezakete.

Narritagarriak: korrosibo ez diren substantzia eta produktu hauek, larruazal edo mukosekin kontaktu labur zein luzearen ondorioz, edo maiz kontaktuan egotearren, hanturazko erreakzioak eragin ditzakete.

Sentsibilizagarri edo alergikoak: inhalatzean edo larruazalean barrena sartzean substantzia eta produktu hauek alergiazko erreakzioa proboka dezakete; horrela, substantzia edo gai horiekiko geroagoko kontaktuak berezko eragin kaltegarriak sor ditzake.

Substantzia kimiko toxiko ohikoenak gure eguneroko bizitzan

PVC
Polibinilo-kloruro izeneko material honen aldaberatasun, prezio egoki, garbitasun, erresistentzia eta higiene-propietateei esker izugarri ugaldu da eraikuntzan eta plastikozko objektuen ekoizpenean. Nolanahi ere, gai hau erabiltzea arriskutsua da, bai bera sortzean, bai suntsitzean ere. Dioxina (ezagutzen diren substantzia sintetikorik toxikoenetako bat) ugari sortarazten da substantzia hori eratzean baina erabiltzea ere kontu handiz egin beharreko eragiketa da, osasunarentzat eta ingurugiroarentzat kaltegarriak diren aditiboak libera ditzakete eta. Arrisku biziena, dena den, PVC suntsitzean datza: zabortegian uzten bada, ingurugiroan kalte larriak eragingo ditu; erre eginez gero, berriz, airea, ura eta zorua kutsatuko duten dioxina eta bestelako substantzia kloratu asko sortaraziko ditu. Dena den, PVCen ekoizleek argudiatzen dutenez, substantzia horren produkzio, erabilera eta suntsiketari aplikatzen ari zaizkien ezagutza teknologikoak balizko eragin kaltegarriak kontrolatzean lagungarriak dira.

Eraikinetako leiho, hodi eta kableetan, ur botiletan eta ohiko kontsumo-produktuen ontzietan, etxebizitzetako lurzoru, paper margotu eta gortinetan, kreditu txarteletan, automobiletan eta, areago, sendagileen tresna batzuetan ere aurkituko dugu PVC.

KOI substantziak
KOI (Kutsatzaile Organiko Iraunkorrak) horiek osasunarentzat arrisku biziko substantzia kimiko organikoak dira, endekatze prozesu naturaletan berealdiko erresistentzia agertzen dutenak. KOI ugarietako batzuk nabarmentzearren, aipa ditzagun gutxienez aldrina, klordanoa, DDT (pestizida), dieldrina, endrina, dioxina, furanoa, heptakloroa, hexaklorobentzenoa, mirex-a, PCB-a eta toxafenoa. Ingurunera liberatuz gero, horietako askok urteetan irauten dute eta batzuek hamarkada luzeak ere. Izaki bizidunen ehunetan ere (biometagarriak dira, gainera) izugarri irauten dute: gizaki eta animalien gantz-ehunetan metatu eta, azkenean, gure elikadura-katearen osagai bihurtzen dira.

Nekazaritzan baliatzen diren pestizidetan, kosmetikoetan, etxetresna elektrikoetan, prozesu industrialetan (hondakinen errausketan) liberatutako dioxinetan, kloroaren industrian eta itsasontzientzako pinturetan aurkituko ditugu KOI horiek.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto