Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

Sagua nola aukeratu: Funtsezko periferikoa

Ekipo informatikoa erostean opari ematen zaigun sagua agian ez da egokiena izango guretzat

  Informatika dendara geroz eta hobeki prestaturik doa erabiltzailea: prozesagailuaren abiaduraz, disko gogorren edukieraz, txartel grafikoaren potentziaz, RAM memoriaren erabilgarritasunaz eta beste hainbat alderdiz dagoen informazio guztia dauka baina, halaz ere, ia inortxok ez du galdetzen saguaren marka, tamaina, botoi kopurua, optikoa den, hari-gabekoa den, etc. Gerora etorriko dira damuak, saguak ondo erantzuten ez duelako, zehatza ez delako, erabiltzaileak uste baino askoz ere funtzio gutxi betetzen dituelako...

Teklatuarekin batera, sagua da periferikorik garrantzizkoena, bera baita konputagailuarekin komunikatzeko baliabide nagusia. Saguari eskatzen zaizkion prestazio gehienak egin nahi den berariazko lanarekin loturik badaude ere -argazkigintzan, diseinu eta ukitu-lanetan doitasun handiko lanabesa izan behar du saguak- erabiltzaile gehientsuenek sagu on baten aukerak eta merkatuan salgai dauden aparatu ugariak ezagutu behar dituzte. PC-aren maneiuaren egokitasuna ez ezik, erabiltzailearen osasuna ere jokoan dago: ordenagailuaren aurrean postura txarrean jarduteak lepoaren edo bizkarraren protestak harrotuko dituen modu berean, sagua oker maneiatu eta heltzeak, ergonomia eskaseko modeloak edo okerreko mugimenduek ere ukalondoan eta eskuturrean lesioak eragin ditzakete.

Sagu "arrazak"

Oso litekeena da kontsumitzaileak opari entregatu zaion sagu horrekin aski izatea; horrek ez du zertan txarra izan, baina baliteke sagu horixe egokiena ez gertatzea. Baliteke, era berean, erabiltzaileak bere premien eta zaletasunen arabera egokituriko sagua erabiltzea zer den sekula ere ez jakitea. Halaz ere, ordenagailua erostean ekipoak nolako sagua daukan eta, horren ordez, beste bat, hobea, hartzea posible ote den galdetzeak ez dio kalterik ekarriko, diru pixka bat gehixeago utzi behar badu ere. Bestela, geroago joan beharko du beste baten bila, "oparian" eman zaiona kaxoi batean abandonatuta, beste hainbat zaborren artean.

"Arraza" askotako sagu informatikoak dabiltza munduan: azpialdean bola eta bizkarrean bi botoi dauzkan espezimen primitiboenetik hasita, diseinu futurista, hamaika botoi eta laser teknologiaz osaturiko hari-gabeko punta-puntakoeneraino. Aurrerakuntza horiek, dena den, ez dira ezinbestekoak erabiltzaile guztientzat: batzuetan saguaren sofistikazioak arazo ugari baizik ez du ekarriko. Horregatik erabiltzaile askok oinarrizko prestazioak eskaintzen dituen sagua dute nahiena, ahal den guztietan teklatuan arituko dira eta. Dena den, sagua periferiko eroso eta eraginkorrago teknologia berriek bihurtu dute. Hasteko eta prezioan urrutiegi jo gabe, haririk eta azpiko bolarik gabekoa ekar daiteke.

Esfera baten bidezko irristatze horren aurrean, sentsore optikoa daukaten sagua ia zeinahi azaleratan dabil ongi eta, gainera, aldian behin sagua desmuntatu eta bolak barrenean sartutako hautsa eta bestelako zikinkeriak kentzeko (saguaren doitasuna eta bizitza eskastuko duen) molestia hori, behintzat, ez dugu nozituko. Orain sagu gehienak USB portuan konektatzen dira (lehenago serie portura zihoazen) baina idazmahai txikiak direnean edo saturatuak daudenean egokiena da haririk ez duen edo mugitzeko toki handirik behar ez duen sagua instalatzea. Track Ball (adierazlea mugitzeko bola baten gainean hatz potoloa eragiten duen periferikoa, alegia) soil batek eskuaren higidura minimizatu egiten du eta sagu optikoak mahai gainean haririk gabe aritzea bideratzen du.

Super Sagua

Hari gabe funtzionatzen duten saguek bi teknologiaren bidez dihardute -infragorriak aspaldiko iraganaldikoak dira-: irrati frekuentziaz eta Bluetooth izenekoaz. Bigarren hau sagu garestietan agertzen da, baina beste ekipo hari-gabekoekiko interferentziak eragozten ditu eta PC-tik distantzia handiagoz funtziona dezake. Zertarako, ordea, distantzia handiagorik? Bada, esate baterako, sagua bizikleta estatikoaren aldamenean daukanak, ariketa egiten duen bitartean nabigatu ahal izan dezan. Hari-gabeko teknologia eta optika konbinatzen direnean, jakina, "super saguen" munduan sartzen gara.

Ondo osaturiko saguak hiru botoi eduki behar ditu, gutxienez. Maiz gurpil itxura daukan erdialdeko botoia (leihoen barnean mugitzeko baliatu ohi da) biziki baliagarria gertatzen da tamaina hartuz gero, hainbat funtzio bete ditzan programa daiteke eta. Alboetako gainerako botoiak darabiltzate teklatua baino sagua nahiago dutenek era guztietako atazak egiteko. Egungo sistema operatiboek sagua entxufatzean automatikoki ezagutzen dute eta oinarrizko elementuak pertsonalizatu eta sagua funtzionarazteko driver edo programak dauzkate: klikaren abiadura eta lekualdatzea, adierazlearen itxura eta tamaina, etc. Dena den, ia-ia ataza guztiak egiteko programa daitezkeen botoi anitzeko saguetan CD-a bere berariazko programa eta guzti instalatzea komeni izaten da.

Amaitzeko, kontuan izan saguaren okerreko erabilera intentsiboak tendinitisa edo tunel karpianoaren sindromea (esku-ahur, eskutur edota hatzen inurritze edo sorgortzea eta mina) agerraraz dezakeela. Saguarekin egunean ordu askotan ibili behar duenak, erosi aurretik aparatua bere eskuari nola egokitzen zaion probatzeaz gainera -badira ergonomia hobe eta eskasagoko saguak, baita ezkertiar eta eskuindarrentzat diseinatuak ere-, eskuturra deskantsatzeko kuxin berezia baliatzeko aukera ere aintzat hartu beharko du.

Neurri-neurriko nabigazioa

 Denak bat
www.mice.com
Hitza da garrantzizkoena: behar duzun informazio guzti guztia sagu iletsuez, sagu elektronikoez, maskota-saguez, sagu-izurriteez, etab.

  Ergonomia www.ergonomia.deamerica.net
Hemen, deamerica.net-eko direktorioan ergonomiaz ehunka lotura dauden arren, nabarmen dezagun "Ergonomía de un puesto de trabajo informático" idazlan soil baina baliagarria (www.docum.com/tekno).

  Idazmahaia pertsonalizatzeaz www.superarchivos.com
Idazmahaiaren itxura aldatzeko programak, ikonoak, kurtsoreak, sagu-adierazleak, etab.

Piztitxo informatiko honen bilakaera

Interfaza (gizakia eta ordenagailua komunikatzeko forma, alegia) izugarri eboluzionatu da aspaldi honetan. Hastapenetako konputagailu erraldoi mantso haiek zulaturiko txartelen bidez jasotzen zituzten aginduak. Ondoren, joan den mendearen seigarren hamarkadan, testua idazten eta pantailan zehar mugitzeko kurtsoreak erabiltzen hasi ziren, interfaz berriak agertu arte (tableta grafikoak, adierazleak edota joystick-ak).

Sagua zahar samarra da: Douglas Engelbart eta Bill English-ek 1968 urtean diseinatu eta perfekzionatu zuten eta Xerox-ek Palo Alto-n zeuzkan laborategietan baliatu zen estreinakoz 1973an. Apple-ko Mac aitzindariak, berriz, 1984an hasi ziren sagua "herritartzen" eta, handik urte gutxitara, ezinbesteko periferiko bilakatu zen, Windows 3.1 modeloaren interfaz grafikoari esker (1992). Hasierako sagu haiek botoi bakarra zeukaten -Apple-k oraino botoi bakarreko sagua mantentzen du, nortasun-adierazle gisa- baina egun bi eta gehiago dauzkate, denak programatzeko modukoak, eta teklatua bezain maiz edo sarriago baliatzen dira, baita teleaginte gisa ere, PC-an musika edo bideoa grabatzeko. Era guztietako diseinuak eta tamainakoak daude gaur, baita mini bertsiokoak ere, mugikorren touch pad ordezko.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto