Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Hidrogenoa, etorkizuneko energi iturria: Egiazko alternatibatzat, oraino, urruti

  Hidrogeno eta oxigenoaren arteko erreakzio elektrokimiko bati esker korronte elektrikoa sortaraz zitekeela frogatu zuen William Grove juristak 1839 urtean. Artean Grovek ezin imajina zezakeen bere aurkikuntzaren mamiaz 200 urte geroago alor horretako ikerlari eta zientzialariek energi iturri masiboa bihurtzeko hidrogenoa baliatzen segituko zutela, petrolioa, ikatza eta gainerako energi baliabide tradizionalen gehiegizko erabilera orekatzeko ez ezik, horri amaiera emateko ere, gure gizartearen eskakizun energetikoak aseko baziren.

Azterketa eta ikerkuntzan bi mende eman ondoren, unibertsoan ugarien dabilen elementua bildu eta erregai pila edo zelula baten baitan metatzeko modua aurkitu dute adituek: pila horrek, izan ere, ibilgailu prototipoak, garraio urbanoko autobusak, lantegi industrial edota telefono mugikorren bateriak funtzionarazteko behar bezainbesteko energia sortarazten du, hondakin bakarrak ura eta berotasuna izaki. Nolanahi ere, oraindik aurkitzeko dagoen klabea beste bat da: hidrogenoa modu garbian erdiestea, gure habitat hau kalte dezakeen kutsadurarik sortarazi gabe.

Hidrogenoa erdiesteko bestelako energiak, premiazko

Hidrogenoa da unibertso osoan elementurik ugarien, sinpleen eta arinena baina, halaz ere, huts-hutsik kasu bakanetan bakarrik hautematen denez, bera lortzeko hainbat teknika baliatu behar izaten dira. Ingurugiro alorreko ikerkuntzan diharduen World Watch Institute erakunde itzaltsu independenteak bataiatu duenez, XXI. mendeko energia bilakatzeko "hidrogenoaren hustasunera" iritsi nahi bada, era garbian eta ezin agortuzkoan sortu behar da hidrogenoa. Aipatutako erakunde horrek eginiko txostenaren arabera, egun munduan produzitzen den hidrogenoaren %99 bestelako errekin fosilen (ikatza, petrolioa, gasa, etab) kontsumoaren bidez erdiesten da. Hidrogenoa lortzeko prozesuan horrelako elementuak baliatzeak airearen poluzioa areagotu eta, gainera, biziki izutzen gaituen klimaren aldaketa probokatzen du.

Hidrogenoa hainbat metodoren bidez erdiets daiteke. Industri alorrean uraren elektrolisiz (konposatu bat osatzen duten elementuak bereizteko sistema, elektrizitatea aplikatuz) lortzen da. Iturri gisa gas naturala erabiltzen bada, gas hori konprimitu egiten da hidrokarburo arinak bereizteko; ondoren, lehortze prozesua noziarazten zaio, ura suntsitzeko, eta bertatik sufrea eta nitrogenoa banandu behar dira. Horrela gertatzen den nahasketa nitrogeno likidoz hozten da eta, azkenean, karbono monoxidoa eta hidrogenoa bereiziko dira.

Epe luzean -horretan dihardute egun alor honetako ikerlan berriek- hidrogenoa energi iturri berriztagarrien bidez -eguzkia, haizea- erdietsiko da, horiek ura hidrogeno eta oxigenotan bereizten lagunduko dutelarik.

Hidrogenoa modu garbi eta masiboan lortzeko zailtasuna eragozpen handienetako bat da automobilgintza alorreko korporazio handien ahalegin ekonomiko itzelak ez ezik, I + G alorreko inbertsio ugari xurgatzen ari den lasterketa eskerga horretan. Sektoreko hainbat industriak dihardute lanean, hidrogenoz ibili behar luketen prototipoentzako errekin zelulen garapenean, tarteka arrakasta, tarteka porrota bilduz.

Energi iraultza berria

Hitz batez, baliteke ikusten ari garen horiek, behinola lurrun makinak edo ikatzak eragin zuenaren antzeko iraultza baterako lehen urratsak izatea. Batzuek, hala nola Energiaren Nazioarteko Agentzia, hondakin gisa ura eta berotasuna bakarrik ekoizten dituen industri iraultza berri bat ikusi dute hor. Dena den, adituen arabera, hidrogenoan eta errekin piletan oinarrituriko ekonomia oso bat eraikitzeko ehunka mila milioi euroko inbertsioa egin beharra dago. Adibide bakar bat, froga modura: Europako zerbitzu estazioen %30etan hidrogeno-hornigailuak instalatzea bakarrik 100.000 eta 200.000 milioi euro artean kostatuko litzateke. Gaiari buruz eginiko ikerlan batek dioenez, ahaleginak ahalegin, proiektuen finantzaketari dagokiola, Europar Batasuna Estatu Batuen atzetik dator: Amerikan, izan ere, sektore horretako gastua EBak bere Ikerkuntza Programari bideratua duen kopurua baino bospasei bider handiagoa da. Japonia ere majo ari da jokatzen energi iturri berri horren garapenaren aldeko apustuan: herrialde honek aurreikusia du, 2010 urterako, 50.000 erregai-pila komertzializatzea.

Non datza hidrogenoa?

Hidrogenoa, Lurrean ugarien dagoen elementua bada ere, besteren batekin nahasi edo bat eginik agertzen da gehienetan; halaz ere, sumendietako gasen tartean hutsik dago zenbaitetan eta atmosferako goi-goiko geruzetan hidrogeno hutsaren aztarnak kausitu dira. Ohikoena, dena den, beste hainbat elementurekin konbinazioan egotea da: uretan, oxigenoarekin konbinatua, ikatz eta petrolioan hidrokarburo moduan, etab; mineraletan ere hidrogeno kopuru handiak hautematen dira, eskuarki oxigenoarekin konbinatua. Animalia eta landarezko materia guzti-guztia, azkenik, hidrogenoa eta bestelako elementuak (oxigenoa, karbonoa, nitrogenoa, sufrea, etc.) dauzkaten konposatu kimikoez osatua dago.

Hidrogenoaren egungo erabilera ohikoenak

  Industria espazialean kausitzen dira hidrogenoaren hainbat aplikazio: hidrogeno likidoa, oxigenoarekin batera, koheteen propultsioan baliatzen da. Automobilak ibilarazteko ez ezik, industri lantegientzako energia sortzeko gai delarik, beste elektrizitate iturri guzti-guztiak ordezka ditzake, telefono mugikorrentzako baterietatik hasita, autobusen motoreetaraino. XX. mendearen hasieran, bere arintasun handia dela medio, baloi gidatu eta aerostatikoak betetzeko baliatu zen baina, aldi berean hidrogenoa oso-oso suharbera denez, hamaika ezbehar eragin zituenez, azkenean alboan utzi behar izan zen erabilera hori.

Erregai-pila zer den eta nola dabilen

 

Bateria bezala, erregai pila ere erreakzio kimiko batean hidrogenoa eta oxigenoa konbinatuz energia ekoizten duen dispositiboa da. Honen abantaila nagusiak dagoeneko ezagunak ditugu: isila da pila eta, elektrizitatea eta berotasuna ez ezik, ura bakarrik sortzen du hondakin gisa. Erregai-gela batzuek hiri handietako elektrizitate-sorrerako lantegi handiak energiaz hornitzeko adinako potentzia dute eta beste batzuk, aldiz, eskuturreko erlojua funtzionarazteko bezain txikiak dira.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto