Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Galtza bakeroak: Garestiena bat, hoberena beste bat

Badira on-onak oso prezio modukoan, denetan bi merkeenek ez dute proba gainditu eta goi-gamakoa ez da nabarmentzen bere kalitateagatik

  Oraingoan gizonezkoentzako bederatzi galtza bakero urdin aztertu dira; prezio batetik bestera alde handiak daude: 18 eurotik (Carranza) hasita, 120 euroraino (Polo Ralph Lauren) doaz, gehienak 60 euro inguruan dabiltzan arren. Galtza bakero bat aukeratzean irizpide subjektiboek eragin handia (politak izatea, gorpuzkerari graziaz egokitzea edo markaren irudia, adibidez) duten arren, CONSUMER-ek eginiko azterketako datuak bakarrik kontuan izaki, kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Solido lagina da, hots, kalitate hobereneko hiruetatik merkeena. Erabiltzaileak bakero zaharkitua nahi badu, berriz, aukera polita Lee Cooper da, hots, prezio merkeeneko hiruretako bat, osoko kalitate onekoa.

Galtza bakeroak 131 urte beteak ditu dagoeneko. Hastapenetan meategi eta laborantza lanetarako sortuak, benetan iraunkor eta gogorrak diren galtza hauek aspaldiko partez toki polita betetzen dute armairu gehienetan.

Bakeroak sarga sistemaz lantzen den kotoizko denim izeneko ehun gogorrez egiten dira: bertan, luzerako hariak (irazkia) indigo urdinez tindatuak daude eta zeharkako hariak (bilbea) zuriak dira. Horregatik dute galtza bakeroek kolore bat kanpoaldean eta beste bat barrualdean.

Indigo landarea (indigofera) urria denez (mundu zabalean dauden aleak ez dira aski egun fabrikatzen diren mila milioi galtza bakeroak tindatzeko) ohiko kontua da koloratzaile artifizialak baliatzea (indigo sintetikoa). Bakero guztiak modu berean tindatzen dira; hurrengo prozesuan (entzimen bidez, harrien kontra igurtziz, laserra edo bestelakoak aplikatuz), berriz, galtza bakoitzari emango zaio zaharkitze tonua edo nahi dena.

Osaketa

Azterturiko bederatzi bakeroetan baliatu den ehun bakarra kotoi hutsa den arren, kotoi guztiak ez dira berdinak: badira kardatuak (eskasagoak) eta orraztuak (hobeak, zikinkeriak suntsitzeko berariazko prozesua aplikatu zaielako). Aztertutako laginetatik bakar batek (Liberto) baliatu du ehun orraztua. Haria erdiesteko erabili den sistemari (irutea) dagokiola, uztaiena (Liberto, Solido, Bonaventure eta Polo Ralph Lauren laginek baliatutakoa) omen da sistema hoberena. Metro karratuko zenbat eta kotoi gehiago eduki orduan eta erresistentzia handiagoa agertuko du galtzak. Araua bederatzi laginek betetzen dute (denen gramajea 440 eta 510g/m2 artean baitago). Harrigarria bada ere, zaharkitua izan ez den bat da denetan txarrena (Bonaventure, 418 g/m2) eta hoberena, aldiz, higatuena (Lee Cooper, 470 g/m2), logikoena alderantzizkoa litzatekeen arren (zaharkitze prozesuan gramajetik galdu egiten baita). Ehunaren trinkotasuna (dentsitatea) kalkulatzeko, ehunak zentimetro karratuko dituen luzerako eta zeharkako harien kopuruak zenbatu behar dira. Proba hau ere bederatzi galtzek gainditu dute, emaitza guztiak antzekoak izaki. Bukatzeko, hariak gurutzatzeko sarga sistema (arruntena) darabilte denek.

Bakero baten funtsezko ezaugarrietako bat, erabilera egoera onean luzaro irautea da. Hori kasuz kasu egiaztatzeko, galtzei ekarpen-indar bat noziarazi zitzaien, ehuna hautsi arte. Proba gainditzeko luzeran 736 Newton gutxienez jasan behar izan zituzten, eta zabaleran 589 Newton. Solido izan zen hoberena, Carranza, Lee Cooper, Bandolli Jeans, Polo Ralph Lauren eta Levi's laginak behar baino lehenago urratu zirelarik. Proba gainditzeke geratu direnak zaharkitutakoak dira; dena den, zaharkitze prozesu horrek ez du aitzakia izan behar: arauak bakero guztientzat xedatua duen gutxieneko iraunkortasuna bermatu behar du fabrikatzaileak nolanahi ere. Urratzearen aurreko erresistentzia proban ere Solido izan ere onena Bonaventure ondo-ondotik zetorkiola. Carranza, Lee Cooper, Bandolli Jeans eta Levi's laginek proba hau ere gainditzeke utzi zuten. Batean eta bestean Levi´s galtzak ia-ia gainditu zuen, baina horretan gelditu zen. Josturen erresistentzia proba ere ez zuten gainditu Carranza eta Bandolli Jeans laginek.

Ikuztean

Bakero guztiek erabat kotoiz eginak daudela adierazi arren, uretan ikuzteko aholkuak aldatu egiten dira lagin batetik bestera. Gauza bitan bakarrik datoz denak bat: garbitzeko lixibarik ez dela erabili behar eta, lehorrik, perkloroetilenoz ere ikuz daitezkeela galtzak. Aholkaturiko tenperaturak 30ºC-tatik (Liberto) 60ºC-tara arte doaz (Solido, Lee Cooper eta Lee), 40ºC-tan barrena (Levi's, Carranza, Bandolli Jeans, Bonaventure eta Polo Ralph Lauren). Lisatzeko tenperaturari goazkiola, Liberto eta Carranza laginek 110ºC aholkatzen dute, Solido eta Lee Brooklyn-entzat egokiena 210ºC da eta gainerakoen iritziz, galtzak 150ºC -180ºC tartean lisatu behar dira.

Lehorgailuaren erabileraz ere aholku desberdinak ematen dituzte: Liberto eta Bandolli Jeans-ek lehortzeko aparatuan ez sartzea nahiago dutelarik, Solido, Levi's 501, Lee Cooper eta Polo Ralph Lauren laginek bidezkotzat jotzen dute, marka bakoitzak potentzia desberdin bat aholkatzen badu ere. Carranza eta Bonaventure laginek ez dute informazio garrantzitsu hori ematen; Lee Brooklyn-ek informazioa eman bai, baina ikur desegokiaren bidez egin du. Liberto, Carranza eta Bonaventure-k ez dute galtza barrukoz kanpora ikuztea aholkatzen; Levi´s, Lee Cooper, Lee eta Polo Ralph Lauren laginek, aldiz, beren produktuak banan-banan ikuzi eta lehortzea gomendatzen dute.

Nolanahi ere, galtza hauek ikuzi, lehortu eta lisatzeaz hainbeste aholku ematen direnez, bakero bakoitzari dagozkionak bereziki eta arreta handiz irakurtzea komeni da, arazorik ez izateko.

Laborategian eginiko proba guztiak aintzat hartuta, kalitate hobereneko galtzak Liberto, Bonaventure eta Solido dira. Ondotik Lee Brooklyn, Lee Cooper, Levi's 501 eta Polo Ralph Lauren datozkie ("ongi"). Carranza eta Bandolli Jeans, merkeenak izaki, "onargari" baizik ez dira. Hiru lagin hoberenek hariak fabrikatzeko uztaien sistema baliatzen dute baina, jakina denez, sistema horrek bakarrik ez du bermatzen emaitza on-onik: gogoan izan Polo Ralph Lauren laginaren hariak fabrikatzeko sistema hori erabili dela eta, halaz ere, "ongi" apal batean gelditu dela, prezioa gorabehera (merkeena baino sei aldiz garestiagoa).

Igurztearen aurrean

Abrasioaren aurreko erresistentzia, galtza ehun abrasibo baten kontra igurtziz frogatzen da, kontua baita ehun horretako bi hari gutxienez hausteko beharrezkoak diren igurzte-zikloen kopurua zehaztea. Bakeroak osatzeko baliatzen den denim ehunak 30.000 ziklo jasan behar ditu, bederen. Proba hau lagin guztiek gainditu zuten arren, Bonaventure izan zen denetan hoberena eta Polo Ralph Lauren eskasena (baimendutako gutxieneko kopurutik gertu ibili zen), ondotik Levi's, Lee Cooper eta Lee zetozkiola (emaitza apalekin denak ere).

Ikuzi ondoren bakeroak ez du %2 baino gehiago bildu, txikitu, behar. Liberto eta Solido (%3,6 eta %2,4) behar baino gehiago bildu ziren luzeran eta Bandolli Jeans (%2,6), berriz, zabaleran: kasu hau larriagoa da, oso litekeena baita, galtza ikuzi ondoren, gerrira ere ez egokitzea. Dena den, hobe da galtza ikuztea behealdea moztu edo hartu aurretik. Azterturiko lagin bakar batek ez du ohikoa baino kolore gehiago galdu ez lehorrean (igurtzika) ezta uretan ere (ikuztean, alegia).

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto