Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Dispepsia hitza erromatar eta grekoek "digestio txarra" adierazteko baliatzen zuten; egun, berriz, sabelaldean indigestioaren antzeko min eta molestiak sortzen dituen gaitza bataiatu dugu horrela. Baliteke inoiz berez azaldu eta desagertzea baina batzuetan luzatu egiten da gaitza eta molestia, iraun egiten du, maiz errepikatzen da eta, berez osasun arazo larria ez bada ere, bizi kalitate eta ongizatea eragotzi egiten digu, hein batean edo bestean. Sendagilearen ikuspegitik, gaitz horren definizio zehatzak dioenaren arabera, hainbat azterketa epidemiologikok erakusten dutenez, Mendebaldeko populazioaren %20k nozitzen duten gaixotasuna da (batez ere, 40 urtetik gorako gizonezko zein emakumeek).
Egun, Erroman 1999, urtean eginiko Gastroenterologiako Kongresuan finkaturiko irizpideen arabera, sabelaren goi eta erdi aldean hautematen den min edo molestiatzat definitzen da dispepsia. Jatorria kontuan izaki, bi motako dispepsiak daude: organikoa eta funtzionala. Organikoan, sintomak sortaraz ditzakeen dudagabeko klausula identifikatua dago: gastritisa, urdaileko ultzera, errefluxu gastroesofagikoa, botikak hartzea, kolon narritagarria, etc. Funtzionalean, berriz, sintomatologia justifika dezakeen gaixotasun organikorik ez da ageri, dena normala da, dispeptikoak agertzen dituen sintomak izan ezik. Dispepsia funtzionala lehen asistentziako kontsultetan arazo ohikoenetako bat da, bisita guztien %3 - %5en zergatia baita. Egun gutxi batzuk baizik irauten ez duen ustekabeko dispepsiarekin ez nahastearren, hainbat irizpide diagnostiko finkatu dira:
Dispepsia funtzionalaren zergatiak oraino ondo identifikatuak ez daudelarik, mekanismoak bat baino gehiago izan daitezkeela uste dute adituek:
Era kliniko askotakoak izan daitezke baina, dispepsiak duen bereizgarri nagusia sabelaren goialdeko edo esternoiaren atzeko min edo molestia da, eskuarki goizean goiz hasten dena, pazientea ohetik jaikitzen denean eta, batzuetan, inongo tratamendurekin arintzen ez dena. Asetasun eta sabelalde betearen sentsazioa ere sumatzen da janarien ondotik, harik eta larriago otordu gantzatsuen ostean. Dispeptikoak "bihotzerrea" sentitzen du maiz eta, horrekin batera, ez da kontu bakana goizean goragaleak nozitzea (txahala bota edo oka aritu arren, bat ere arintzen ez dena). Jateko gogoa bera ere galtzen dute paziente askok.
Dispeptiko guztiek, baina, ez dituzte sintoma berberak: batzuek gauez nozitzen duten mina zerbait janez suntsitu egiten da, urdaileko ultzeraren kasuetan bezalaxe; beste batzuek, ordea, sabel betearen sentsazioa, korrok edo aupatsak, eta degluzio-mugimendu errepikakorrak dituzte kezka, aerofagia nozitzen dutenen antzera. Beste zenbaitek oraino esternoiaren atzealdean izaten dituzte molestiak, bihoztzarrak, bularrean korapiloa izateko sentsazioa: errefluxu gastroesofagikoan gertatzen den modura, alegia.
Dispepsia funtzionala bestelako kausen eliminazioz diagnostikatzen da. Dispepsiaren sortarazle izan daitezkeen patologia organikoak (ultzera, gastritisa, errefluxu gastroesofagikoa, etc.) asko izan daitezkeen arren, fidagarritasun handiko diagnostikoa egin daiteke historia kliniko ona osatu ondoren, azterketa erradiologiko edo endoskopikoen bitartez, diagnostikatutakoa egiaztatuz.
Diagnostikoa finkaturik, kausa ezezagunak dituen gaitzari tratamendua xedatzeko unean zailtasunak agertzen dira. Argi dezagun bidenabar paziente askok ez dutela botikazko inolako tratamendurik egin behar eta, gainera, gaitz horren kontrako berariazko terapiarik ez dagoela. Errealitate hori, ordea, ez dute onartzen dispeptiko askok, "hor barruan zerbait egongo" delakoan baitaude. Terapia ona izaten da molestien jatorria luze-zabal eta xehekapen osoz pazienteari azaltzea eta gaixotasunaren pronostiko egokia egitea, adibidez. Zenbaitetan tratamenduak pazienteei pazientzia galarazteko modukoak izaten dira, oso litekeena baita, hartutako neurri guztiak eta agindutako botika denak hartuta ere, molestien arintzerik ia ez hautematea. Halaz ere, gaitza erabat sendatzea eragingo ez badute ere, eraginkorrak gerta daitezkeen hainbat aholku ematea komeni izaten da beti.
Dispepsia funtzionala duten paziententzako jarraibideren bat:
Botiken bidezko tratamenduak, berriz, norberaren araberakoa izan behar du, pazientearengan agertutako sintomatologia nagusia aintzat jota: kasu batzuetan aproposa izango da digestio-hodian zehar elikadura-boloaren trantsitua hobetzen duten botika prozinetikoak hartzea; beste hainbatetan, antiazidoak edo mukosa-babesleak.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa