Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Itsasoko energia eolikoa: Elektrizitatea itsas zabalean

Etorkizun polita du erakunde ekologisten oniritzia duen energi iturri geroz eta merkeago honek

  Itsasoko energia eolikoa, lehorreko eolikoa bezala, haizeak sortarazitako indarraren aplikazio pleguetako bat da. Lehorrean erdiesten denaren aldean, aire sorgailuen (haize erroten) kokagunean datza desberdintasuna, itsas zabalean. Instalatzeko kostua lehorrekoa baino askozaz ere handiagoa den arren, iraupena ere dezente luzeagoa dute itsasokoek. Gainera, ainguratze eta euskarrien kostuak aspaldi honetan ikaragarri merkatu direnez, megawat (Mw) baten prezioa beste hainbat energia berriztagarriren bidez lortutakoen parean jartzen ari da. Itsasoko energia eolikoari estreinakoz Danimarkak ekin zion, eta bertako itsasoetan daude egun errota parkerik zabalenak. Energia lortzeko modu honek, gainera, Greenpeace eta gainerako erakunde ekologisten oniritzia dauka, erakundeok energi mota horren aldeko baitaude, bi arrazoirengatik: berriztatzeko modukoak dira tresneriak eta, gainera, ekosisteman ia ez dute eraginik.

Zergatik itsasoan?

Itsasoko energia eolikoak, adituen arabera, etorkizun polita du aurrean, lehorrean ezarpen egokia aurkitzeko eragozpen asko dituzten populazio dentsitate handiko herrialdeetan, batik bat. Itsasoan zimurtasun aldakorreko azalera topatzen du haizeak, baina ez inolako oztoporik (uharteak, irloteak, etc.): horri esker, haizearen abiadurak ez du aldaketa handirik nozitzen eta, gainera, itsasoko dorreak lehorrekoak baino apalagoak izan daitezke. Beste aldetik, haizeak lehorrean baino turbulentzia gutxiago izaten dituenez erroten bizitza baliagarria dezente luzeagoa izan daiteke. Itsasoan turbulentzia gutxiago gertatzen dela esan dugu, bertan -atmosferako altuera desberdinetan- jazotzen diren tenperatura aldaketak lehorrekoak baino leunagoak direlako, batez ere.

Egun offshore parkeak (horixe baitute nazioarteko izendapena) sakonera gutxiko uretan ezarrita daude, itsasbide komertzialetatik, instalazio militarretatik eta interes natural edo ornitologikoko guneetatik urruti. Itsasertzetik gutxienez bi kilometrora ezarri behar dira, haize erregimenaz hobeki baliatzeko, itsastar hauek lehorrekoak ez bezalakoak direlako.

Nola iristen den energia lehorrera

Hastapenetan aire sorgailuen euskarriak hormigoizko oinarrietan finkatzen ziren, grabitatez; bestela esateko, estruktura handiez osaturiko dike lehor bat egiten zen lehendabizi, aukeratutako tokian egitura horiek finkatu eta, azkenean, legar eta hondarrez betetzen zen hutsunea. Geroztiko diseinua da monopilotea: itsas hondoa zulatuta (3,5 - 4,5 metroko diametro eta 10 - 20 metroko sakoneran), zulo horretan dorrearen euskailu izango den metalezko zilindroa sartu behar da. Parke eolikoa lehorrarekin lotzeko, hariak itsas hondoan lurperatzen dira, aingura, arrantza sare eta gainerakoek eragin ditzaketen arriskuetatik babesteko. Parkeko gune estrategikoetan hainbat zerbitzu instalazio kokatzen dira: horietako batzuk, tentsio apal edo ertaina goi tentsio bihurtzen duten transformazio zentroak dira (lehorrerainoko garraioa errazteko). Lehorrerakoan, elektrizitate haria eta sarea lotzea izango da atzeneko pausoa.

Hegaztiak eta itsasoko aire sorgailuak

Itsasoko errotek ez dute uretako hegaztien bizitzan eragin handiegirik, Danimarkan eginiko saiakuntzen ondorioek agertu duten moduan: bertan ikusi ahal izan zenez, hegaztiak turbinetatik seguru izateko bezain urrun geratzen dira eta, bestetik, biraka dabiltzan errotek ez dituzte hegaztiak elikaguneetatik uxatzen.

Danimarka, aitzindari

Estreinako itsas parke eolikoa, 11 errota zituena, Danimarkan eraiki zuten 1991. urtean, Baltikoan. Potentzia desberdinetako parkeak martxan jarri ondoren, 2002an Horns Rev parkea inauguratu zen. Munduko handiena hauxe delarik, 80 aire sorgailu ditu eta 160 Mw-eko potentzia.

Danimarkan energia eoliko itsastarra hainbat urtetan baliatuz gero, berebiziko inbertsio ekonomikoa egin behar izan den arren, elektrizitate produkzioa lehorreko energia eolikoak ekoizten duena baino egonkor eta handiagoa dela ondorioztatu behar da (%20). Parkearen bizitza baliagarria, mantenu ona eginez, lehorrekoaren halako bikoa izan daiteke, gainera. Egun Danimarkako etxeko energi kontsumoaren erdia itsasotik dator.

Europako gainerako herrialdeetan ere zenbait proiektu egin direlarik, Erresuma Batua aipatu behar da lehenik, bertako ekialde eta mendebaldeko kostaldeetan martxan jarri dituen 3.000 aire sorgailuek britainiar populazioaren premien %15 asetzen dituztelako. Alemanian, 2025 baino lehenago, 60.000 Mw instalatzea aurreikusi da, eta Irlandak izen bereko itsasoan munduko parke eolikorik handiena eraikitzea onetsi du: 520 Mw ekoiztuko dira bertan (populazioaren beharren %10, alegia).

Espainian, proiektua baizik ez

Espainia nazioartean nabarmentzen da lehorreko energia eolikoaz baliatzen delako. Aurrerabiderik handiena energia berriztagarri horretantxe egin duelarik, instalatutako potentziari dagokionez, bigarren herrialdea da Estatu espainiarra baina, hori bai, itsasoan aurreneko errota jartzeko dago oraindik. Greenpeace erakundearen arabera, Penintsula Iberikoan sistema horren bidez 25.000 Mw-eko potentzia sor liteke 2030. urtera arte eta, horri esker, atmosferara 25 milioi tona CO2 gutxiago igorriko litzateke, sistema martxan jarriz gero.

Espainian badira horretarako itsas gune aproposak, hala nola Gibraltar itsasartea, Creus lurmuturra, Ebroko Delta, Galiziako hainbat zona, etc., baina Espainiako kosta ez da egoki-egokia, itsaso hondoak oso sakonak direlako. Bada proiektu bat, 1.650 milioi eurokoa, Trafalgar lurmuturretik 18 kilometrora (Cadizko Barbate eta Conil herrien artean) errotak jartzeko, 1.000 Mw ekoitz ditzakeena (hori, dena den, Espainiako energia berriztagarriaren %0,1 baizik ez litzateke). Proiektu horren aurka doaz, alde batetik, Barbate eta Conil herrietako arrantzaleak, sistema horrek eskulangintzazko arrantza eta atunen itsasbidea arriskutan ipin lezakeelakoan; bestetik, tokiko agintariak, errotek eraginiko inpaktu estetikoak turistak uxatuko omen dituelakoan daude.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto