Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

Irudiak eta dokumentuak digitalizatzea: Eskanerrari zukua atereaz

Eskanerra, prezioari eta erabiltzeko erraztasunari esker, erabiltzaile ororen eskura

  Profesionalek bakarrik erabilitako goi-teknologiako aparatu zelarik, etxeko PC baten periferiko arrunt bilakatu da: prezio apalari -60 eurotik hasita baditugu eskanerrak salgai- eta "denak bat" (inpresora, fotokopiagailua, faxa eta eskanerra) molde gisa merkaturatzeari esker, aparatua etxe askotan dago presente. Dena den, aurrerakuntza horrezaz baliatu ahal izateko ezagutza eta praktika ezinbestekoak direnez, aparatu horietako asko hor daude, ordenagailuaren alboan baztertuak, hautsak jaten, jatorrizko irudien kalitate handiko kopiak ez lortzearren, erabiltzaileak etsipenak emanik.

Beste aldetik, kamera digitalen oldeak eskaneatzeko premia dezente murriztu du, irudiak formatu digitalean erdiesten baitira orain. Nolanahi ere, olde horrek astinduta, erabiltzaile askok eskanerra eskuratu nahi izan dute argazkigintza tradizionalean erdietsitako irudiak eta oraingo digitalak elkarren ondoan antolatzeko.

Nornahiren eskura

Eskaner bat instalatzea zeregin erraza da: aski da entxufatu, haria ordenagailuaren USB portuan konektatu (etxeko PC gehienek konexio hori darabilte) eta berak dakarren CD diskoan adierazitako argibideak betetzea. Ohikoena eskanerrak "Twain" teknologia erabiltzea da, bertara zeinahi irudi-editoretatik iristea ahalbidetzen duena, nahiz batzuetan ekipoak berak dakarren berariazko programa baliatu behar den (arinagoa, prestazio eta baldintzei dagokienez).

Denek dakartzate eskaneatzeko eragiketa soilak eta kopia digitalak eskuratzeko doiketa automatikoak, saguari pare bat klik eginez. Kalitate handia (paperean tamaina handiko inprimatze lanak egiteko, adibidez) edo jatorrizko argazkitik kopia doi-doia (kolore, kontraste, saturazio eta gainerako parametroetan) lortu nahi denean, ordea, aukera automatiko horiekin bakarrik nahi ditugun emaitzak ez erdiestea ez da harritzekoa. Eskaneatu behar den euskailuaren eta aparatuaren garbitasunak berebiziko garrantzia du, argazkia errebelatzean bezala, negatiboan, paperean edo eskanerraren osagarri optikoetan legokeen ilea edo hauts izpia biderkaturik agertuko baita azken irudian.

Bereizmena eta pazientzia

Kontuan hartu beharreko kontzeptuetako bat bereizmena da (pixelak edo irudi-puntuak), erreferentziazko elementua baita hori erabiltzaile askorentzat. Eskaner bati dagokiola, argibideetan agertzen den (benetako) bereizmen optikoa ezagutzea komeni izaten da, hortik gorako bereizmenetan ez saiatzeko eskaneatzen. Aukera hori "bereizmen interpolatu" izenekoari esker lortu daitekeen arren, horrek ez du inondik ere hobetuko azken kalitatea (eskanerrak harrapatzen ez duena ordenagailuak "ondorioztatuko" baizik ez du egingo).

Irudi edo negatibo bat eskaneatzeko bereizmen egokiena zein den geroko erabilerak baldintzatuko du. Pantailan ikustekoa bada, alferrik da 72 ppp (irudiko puntuak hazbeteko) baino bereizmen hobea aukeratzea baina kontua baldin bada kalitate oneko inprimatze lana agertzea, berriz, 300 ppp edo hortik gora ere jo beharko da. Era berean, gehienekoaren bereizmen azpimultiplo batean eskaneatzea komeni izaten da, hots, gehienekoa 3.200 ppp baldin bada, horixe bera, 1.600, 800, 400 etc. erabiltzea da egokiena. Zenbat eta bereizmen handiagoa hainbat eta irudi kalitate hobea baina, hori bai, artxiboaren tamaina ere handitu egiten denez, ordenagailuan edo CDan espazio handiagoa beteko du eta mantsoago ibiliko gara emailez bidaltzeko edo Internetetik jaisteko unean.

Bereizmena doituz gero irudia aurre-eskaneatu egin daiteke, osorik hartu ordez haren parte bat bakarrik hautatzeko. Ondoren, badago aurretiaz zehazturiko aukerekin eskaneatzea, distira eta kontraste alorreko doiketa soilak egitea, "auto esposizioa" eta antzeko zuzenketa automatikoetan sinestea edo, nahi izanez gero, esposizio, kolore-sakontasun, ikuspegi, tonu eta gainerakoak aldatzeko aukera aurreratuetan sartzea. Nolanahi ere, doiketa gehienak a posteriori egin daitezke, zehaztapen berbera edo handiagoarekin, programa egokia erabiliz. Irudiari ukituak ematea deliberatu badugu, bere kalitatean eraginik izango ez duen formatuan gorde beharko da (TIFF, adibidez) konprimitu batean (JPEG edo GIF) sartu ordez.

Papera edo negatiboa, zuri-beltza edo koloretakoa

Badaude eskaner lauak (argazkiak, testuak eta bestelako objektuak eskaneatzeko), 35 mm-ko diapositiba eta negatiboentzakoak, eta mistoak, hau da, egokigailu baten bidez negatiboak onartzen dituzten eskaner lauak, baina ez dira egokienak izaten horrelako euskailuentzat.

Negatiboen eskanerretan gama dinamikoak garrantzi handia du (0 eta 4 bitartean neurtuta): horrek zuria eta beltzaren artean atzematen dituen tonuen kopurua adierazten du; beraz, zenbat eta gama dinamiko handiagoa orduan eta alderdi ilun eta argienak atzemateko gaitasun handiagoa izango du. Jatorrizko argazkia paperean eta negatiboan baldin badaukagu, hobe filma eskaneatzea, emaitza hobeak erakutsiko dituelako, horretarako prestaturiko ekipoa edukiz gero, noski. Papereko kopia hoberenak 300 ppp izango dituen bitartean, pelikulak aise izan ditzake 1.2000 ppp edo gehiago.

Laborategi gehienek argazkiak digitalizatu eta CD batean entregatzeko aukera eskaintzen dute, negatibotik hasita paperezko kopiak eskatzen direnean. Horrela bada, gerora bigarren kopiak eskatuko balira, CD hori utz lekioke profesionalari, negatiboak seguru gordeta.

Eskanerrek duten erabilera hau ez da bestea bezain ezaguna baina oso-oso baliagarria gerta daiteke: karaktereen ezagutze optikoa (KEO) da, hots, testu orri batetik (aldizkari, liburu, eskutitz bat) eskanerrak hartutako irudian teknologia honek karaktereak ezagutu eta zeinahi testu editoretatik (Word-etik, esate baterako) dokumentu eskuragarria sortzen du. Nolanahi ere, mekanografiatuak ez dauden dokumentuak digitalizatzea alferrikako lana izaten da.

KEO teknologiak sekulako aurrerapausoak egin dituen arren, digitalizaturiko testua berrikustea beharrezkoa da oraindik ere, eskanerrak "ongi ulertu" ez dituen hitzak edo ikurrak zuzentzeko. KEO horri esker, paperezko kopia bakarrik dugun dokumentua testu-artxibo bihurtu eta aldatu (zuzendu, eguneratu, egokitu...), PCan gorde edo posta elektronikoz bidal daiteke aurrerantzean, berridatzi egin gabe.

Eskaneatze ikastaroa

  www.hugorodriguez.com
Hugo Rodriguez argazkigintza-teknikako irakaslearen orriak "Eskaneatzeko ikastaro" osoa dauka; bertan dagoen bereizmen-kalkulagailua Excell programan formateatua dago eta deskargatu egin daiteke.

Programak

  www.download.com
Bilaketa soil baten bitartez, doaneko edo ebaluatu beharreko programak (hamarnaka), irudiak tratatzeko eta karaktereak ezagutzeko (OCR). Espainolez ere proba egin daiteke, emaitzak urriago izaki, in Softonic (www.softonic.com)edo entreBits (www.entrebits.com) deskargetako orrian.

Dena eskanerraz

  www.scanstore.com
Software, osagaiak eta dozena bat markatako 150 modelo eskaner, berriak eta bigarren eskukoak, bere ezaugarri teknikoak, prezioak eta dena.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto