Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Haurtzaroan eta famili giroan bizi izaniko eskarmentuek eragina dute gure nortasun eta jokaeran
Bizitzako episodioak gogoratzeak ahalkea edo lotsa sentiaraz diezaguke ("Orain egingo ez nituzkeen gauzak egin nituen"), amorru edo tristezia ("Bizipen hark kalte egin zidan") edo malenkonia eta mina ("Haiek urteak, betiko joanak!"). Oroimenaren ariketa horietan esker ona edo arbuioa sentitzen dugu, aspaldiko eskarmentuak xehekapen osoz bizitzen ditugu edo, zeharo beste aldera, oroitzapenik ez dugu, kasik. Nolanahi ere, giza psikologiaren inguruko teoriak bat datoz: aldez edo moldez, iraganak eragina du gure izaeran eta jokaeran.
Kontu horien gaineko teoriarik ospetsuenetako bat, Eric Bernek sustaturiko transakzioaren analisia da. Itzal handiko psikiatra horrek, edonork erraz ulertu ez ezik, bizitza osoan eroso erabili ahal izango duen erreferentzi markoa eratu zuen. Berneren arabera, gizaki orok "dagozkien jokamolde-patroiek azaleratzen dituzten pentsamendu eta sentimendu-sistema koherente" defini daitezkeen niaren hiru egokiera agertzen ditu. Zientifikoak dioenez, kontua ez da ideia baliagarri xamarrak edo ulertzeko moduko neologismo interesgarriak formulatzea, egiazko errealitateetan oinarrituriko fenomenoei dagozkien aldarte edo egokiera horiek aintzat hartzea baizik.
Denok haur izan ginenez, inguruko helduek guregan eragina izan dutenez eta errealitatearen sena izateko gauza garenez, gure baitan hiru egokierak -gurasoa, haurra eta heldua- elkarrizketan ari direla esan dezakegu. Barne prozesu horiek beti jardueran diharduten arren, gutariko asko batzuetan ez gara horretaz jabetzen; areago, batzuk ez dira behin ere konturatu horretaz.
Gizakiak egoera edo aldarte bakoitzean agertzen duen jokamoldea eta ematen dituen erantzunen mota gogoan izanik, bera zein egokieratan dagoen antzematea ez da kontu zaila izaten. Geure buruari une batean so eginez, pertsonaren bat (seme-alabak, ikasleak, etc) geure ardurapean ditugunean gurekin gure gurasoek jardun zuten bezalatsu dihardugula konturatuko gara berehala; era berean, dibertitzen ari garenean, emozioak izaten ditugunean edo, era afektiboan babes gaitzaten, ahul sentitzen garenean, haurtzaroan egin genezakeen modu bertsuan jokatzen ari garela. Are gehiago, edonor (biziki endekatua dagoen pertsona izan ezik) errealitatea bereizteko eta erantzun zuhur eta zentzumenezkoak emateko gauza izaten da.
Errealitate hori zertan den jakinik, norberak azter dezake noiz diharduen guraso, noiz haur eta noiz heldu. Auto-azterketako ariketa aberasgarri horretan hurrengo aholkuak baliagarri gerta daitezke:
Hartu orain zeure burua adibidetzat eta azter ezazu:
Heltzeko prozesuetan haurtzaroarekin kontaktatu behar izaten da, aldez edo moldez. Iragana alferrik arakatzeko ez ezik, haurtzaroko inpaktu eta eragin kaltegarri eta mesedegarriak gure egungo izaeran integratzeko ere balio du atzera so egiteak. Gure alderdi "inkontzienteak" geroz eta modu zehatzagoan ezagutzeak eta onartzeak bakarrik jarriko gaitu garapen pertsonal orekatuago bat lortzeko bide egokian.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa