Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Pilar Lacasa, Psikologia Ebolutiboko eta Hezkuntzaren Psikologiako katedraduna: "Ikasteko eragozpen nagusia gure konfiantzarik ezak sortzen du"

 Psikologia Ebolutiboko eta Hezkuntzaren Psikologiako katedraduna izaki, Alcalako Unibertsitateko Dokumentazio Fakultateko Dekanoa da Pilar Lacasa. Espezialitate nagusitzat Ikaskuntza eta bere komunikazio kodeak dauzkaten hamaika eskuliburu, saiakera eta azterlanen egile honek zuzendu zuen "Aprender en la familia y en la escuela" idazlanagatik, Espainiako Hezkuntza Ministerioak Hezkuntzako Ikerkuntza eta Berrikuntza Sari Nazionala eman zion. Lacasa andreak irakasle eta ikertzaile alderdiak hertsiki uztartzen ditu: "Ikasleengandik ikasten dut nik" dio, eta talde lanaren aldeko porrokatu gisa definitzen du bere burua: ikasten jardutea bezala, galdezka ibiltzea, aurkikuntzak egitea eta ikastea ez baititu hartzen bakarkako lan gisa, "ez haurretan, ezta helduetan ere". Nazioarteko foroetan erreferentziazko eredutzat hartuak direlarik, Lacasak bere ikerlan ospetsuetan eguneroko bizitza hartu izan du maisu: "Harengandik etengabe ikas dezakegu. Horretarako, ordea, ezinbestekoa dugu interesa piztea, geure burua aberastera joatea eta dakiguna transmititzeko premia sentitzea".

Ikaskuntza haurtzaro, nerabezaro eta gaztaroarekin lotu izan dugu; baita, inoiz, lanbiderako birziklatzearekin ere. Orain, ordea, ikasteari ez zaiola behin ere utzi behar esaten zaigu. Zer dela eta?

Hitzei gizakiok ematen diegun esanahia geure esperientzien baldintzapekoa izaten da maiz: horrelaxe gertatzen zaigu ikasketak egite hori eskola-urteekin bakarrik lotzen dugunean, haurtzaroan edo gaztaroan bakar-bakarrik egiteko lana dela uste dugu, alegia. Pittin bat pentsatzen hasita, ostera, aise konturatuko gara egunero-egunero ere zerbait ikasten dugula: hirian galtzen banaiz halako kalea nola aurkitu, gauzak merkeago nola erosi, kalitate hobeko produktuak nola aukeratu, etab. Horiek denak ikaskuntzazko eskarmentuak dira.

Hala eta guztiz, guk (baita gizarte osoak ere) hezkuntza akademikoari eta azterketak gainditzeari aitortzen diegu balio nagusia geure gaitasunak egiaztatzeko. Horrenbesteko garrantzia ote du jokaleku horrek?

Dudarik gabe, ikasketa eta eskolako egoerak lotzen ditugu, baina horiek ez dira bakarrak, ez haurrentzat ez helduentzat. Ikastegi asko da bizitzan. Bizi-egoera bezainbeste ikastegi dagoela esango nuke nik; areago, halakotzat jasotzen ez ditugunak ere "eskola" gisa funtzionatzen dute. Esate baterako, irakurtzen ez dugu eskolan bakarrik ikasten: idatzizko testuak nonahi dituen gizartean bizitzeak alfabetatu egiten gaitu, pixkanaka eta gu konturatzeke ere.

Ikastea ez al da kontzeptuak asimilatzean oinarritutako prozesua?

Zerbait ikasten ari garela jabetzeak, ene ustez, hori hobeki ikasten lagunduko digu eta, batez ere, ikasten duguna aplikatzeko gaitzen gaitu, baina konturatze hori ez da oroimenaren sinonimo. Eman dezagun halako batean lagunaren etxea joateko, kalea planoan bilatu behar izan dugula; bidean abiatutakoan zeharkatzen ditugun kaleekin edo, gerora orientatzeko, pistarik eman diezaguketen elementu zenbaitekin -denda bitxi bat, etxea, etab.- konturatzen saiatzen bagara, ikasten ari gara, zalantza izpirik gabe. Ikasteko eta eguneroko bizitzan arazo bihur daitezkeen egoera asko konturatzeko interes horrek "markak" gainditzen laguntzen digu, inondik ere.

Zertan da, hitz gutxitan, ikasten ikastea?

Hiru esalditan laburtuko nuke nik. Lehena: gauza berriei egokitzeko gai izatea. Bigarrena: arazo hori konpontzeko eraginkorra izan denaz jabetzea. Hirugarrena: oraindik arakatu gabe ditugun ekinbideak bilatzea.

Nola froga dezakegu eraginkortasunez ikasten ari garela?

Ikasten jakitea -bizitzako makina bat kontu bezala- ez ohi da ikasten behin betirako. Egunero egin dezakegu aurrera. Badakigu ikasten baldin eta egoeretara egokitzeko gai bagara eta zailtasunak gainditzen baditugu, antzeko egoeretan baliagarri gertatu izan zaizkigun estrategiak aplikatuz edo jarduerak praktikan jarriz.

Hezkuntza sistemek ikasten erakusten al dute?

Gai hori maiz aztertu izan dut eta, eskolan denbora gehiegi eman arren, behar adinakoa ikasi ez dugula sinestera ere heldu naiz inoiz. Baina Nazio Batuek ateratako txosten batzuk irakurritakoan iritziz aldatu nintzen. Argi ikusi nuen eskolarik ez dagoen eskualdeetan, munduko herrialde txiroenetan, estudiatzen ez duten pertsonen multzoa gizartearen osagai zigorgarriena dela. Analfabetismoa da, hain zuzen, sektore hori sekulako desabantailan jartzen duena, besteen aldean. Agian aurrera egin behar dugu, hezkuntza sistemak hobetuz baina, dudarik gabe, sistema horiek egokiak ditugu jakintza, ezaguera eta trebeziazko tresneriaz hornitzeko.

Zer egin dezakete guraso eta irakasleek ikasten erakusteko?

Neuk baneki! Nik ere, irakasle naizen honek, egunero ikasten dut zerbait gai horretaz. Ikuspegi horretatik, neu ikasten saiatzen naizenean, ikasleei egokitzen ahalegintzen naizenean bakarrik irakasten omen dut. Haiek ere badituzte gauza asko guri irakasteko, tarteka horretaz ahantzi egiten garen arren.

Mendebaldeko pertsona helduarentzat, zein dira gainditzea gehien kostatzen diren irakaskuntzako eragozpen eta oztopoak?

Berak bere buruari ezartzen dizkionak, nor bere buruarekiko konfiantzarik ezari hertsiki lotutakoak, maiz. Alde batetik "egia osoa" behin ere izango ez dugula, gauzak bestela ere ikusi eta egin daitezkeela jabetu behar dugu baina, hori bezain garrantzizkoa da bide horiek aurkitzeko geure burua motibatzea. Esate baterako, gure seme-alabek hamaikatxo gauza irakats diezagukete, askotan ahaztu egiten badugu ere. Gure testu liburuetan agertzen ez diren gauza asko azaltzen dira seme-alaben testuetan orain, geografian, historian, zientzietan... hainbat ikasgaitan. Zergatik ez baliatu aukera hori gure jakintza birziklatzeko?

Agian berriro aurkituko dugu aspaldikoa: matematikak ikasteko trebezia eskasa dugula, alegia. Egia da, ala topiko hutsa, gutariko bakoitzak ezagutza alor jakin batzuetarako sarrera galarazia duela?

Zortzi mila metroko mendia igotzea kontu zail-zaila da; seguruenik sekula ez gara ondo prestatuta egongo horrelakorik lortzeko. Ezagutzaren alor askotan berrikuntza zertan den jakitea, orain eta hemen, hagitz nekeza gerta dakiguke. Ikastea aurrera egitearen parekoa da, ordea, ulertu eta jakiteko entrenatzea, alegia. Non hasi garen eta noraino helduko garen zehaztea ez da kontu erraza. Oso litekeena da haurretan ulertzen ez genituen arazo asko, helduarora iritsitakoan, egunero eta erraz konpontzea.

Hizkuntzak ikastea, gidatzeko baimena eskuratzea, jende aurrean hobeki hitz egitea, eraginkor eta trebeago izatea... horiek dira helduen ikasgaietako batzuk. Ikaste-lantzat har al daitezke horiek eta horien antzekoak?

Egoera horiek, eskuarki, premia jakin batzuen ondorioz agertzen dira, guk konpondu beharreko arazoak izanagatik soluzioa ez dakigu aurkitzen. Kanpotik eztenkadak edo motibazioak bultzatzen gaitu eta horregatik esan dugu lehenago ikasten ikastea arakatu gabe ditugun bidea berriak bilatzea dela. Premia horietatik beste batzuk sortuko zaizkigu eta, horrela, gure ikaste alorrak infinituak izango dira bizitza osoan.

Bidean porrotak ere metatzen ditugu. Zer dira, aurretiazko jarrera txarraren ala teknika gabeziaren ondorioa?

Helburuak ez lortzean bi arrazoi horiek dute eragina baina, nik uste, porrot horien aurretik gauza berrien aurrean aurkakotasunezko jarrerak izan ohi du karga astunagoa. Ezagutza teknikoa beharrezkoa da eta, zenbaitetan, eguneroko bizitzako egoera askotan atakatik ateratzeko norbaitek trebezia erakutsi behar izaten digu, baina horren ikaskuntzaren arabera ere aldatuko da gure motibazioa, neurri handi batean.

Zer egin dezakegu motibazioa gure baitan eta gure seme-alabengan areagotzeko?

Gazteak eredutzat duen heldua motibatuta hautematen badu bera ere horrelaxe agertuko da. Helduok etsi-etsian sinetsi behar dugu egia osoa behin ere ez dugula izango, gauzak bestela ere ikusi eta egiteko moduak badaudela, eta hori aurkitzeak garrantzi handia duela.

Gauza berriak ikasi ahal izateko, ikasitakoa "desikasi" beharko ote dugu?

Zaila da galdera horri ondo erantzutea. Egoeraren arabera ikasten dugu eta, kontua ez bada ere dakigun zerbait ahanztea, berritasunak ezarritako aginduei egokitu behar gatzaizkie.

Ba al dago ikasteko "oinarrizko tresneriarik", aurrean jartzen zaizkigun erronka guztiak gainditzeko?

Berariazko lanabesak nagusiak baino garrantzitsuagoak direla esango nuke nik, baina seguruenik mundu guztia ez dator bat nirekin. Ikasten duguna egiten dugun egoera jakin horrekin oso lotuta ohi dago. Ezagutza egoera batzuetatik besteetara eroaten asmatzea da maiz topatzen dugun arazoa. "Nola ikasi?" galderaren konponketaren bila gabiltzanontzat horixe da itaun behinenetako bat.

Gizarte honetan zer da gehien huts egiten duena ikaskuntzaren gure kulturan?

Batzuetan informazio ugariegia jasotzen dugunez, hori bahitzea ez da kontu samurra. Kopurura ohitzeko, jakin-mina galtzeko eta ikastea "bilatzea" ea "arakatzea" dela ahanzteko arriskuan gaude. Dagoeneko "besterik jakin nahi ez dugula" edo gauzak bestela egitea behar ez dugula uste badugu, ikasten segitzea ez zaigu batere erraza izango.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto