Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Hipotiroidismo azpiklinikoa: Ohartu gabe pasatzen diren sintoma zehaztugabeak

Hipotiroidismo azpiklinikoa medikuaren kontsultan gutxien nabarmentzen den patologietako bat da. Emakumezkoen biztanleriaren %8-10 inguru harrapatzera iritsi daiteke. Bere sintoma zehaztugabeek eta ematen zaion garrantzi urriak eragiten dute emakumezko asko -gaitz honek beraiei eragiten die, batez ere- neke egoera iraunkorrean, giharretako minez eta lokuma aldi errepikariak dituztela bizi behar izatea. Beste ohiko sintometako bat gizentzea izan ohi da, halere, menopausiaren hurbiltasunari egozten zaio aldaketa eta, ondorioz, gaixotasuna azpidiagnostikatuta egon ohi da. Horrenbestez, gaixotasuna pairatzen dutenek etsi egin behar dutela onartzen dute. Egokiena, aldiz, kasua endokrino batek aztertzea litzateke.

Sintoma ez oso espezifikoak

  Lepoaren aurreko aldean, laringearen azpian hain justu, tiroide guruina dago. Organismoaren funtzio ugari erregulatzen dituen hormona batzuk jariatzen ditu, horregatik hain zuzen ere, bere martxa ona funtsezkoa da. Tiroidearen giltza hormonak tiroxina (T4) eta triyodotironina (T3) dira. Horrenbestez, tiroidearen funtzionamendua hipofisiak sortzen duen TSH deituriko hormona estimulatzaile batek sortzen du. Hipofisia burmuinaren oinarrian dagoen guruin txiki bat da. Tiroidearen aktibitatea handitzen denean, hipertiroidismoaz hitz egiten ari gara eta normaletik behera jaisten denean, berriz, hipotiroidismoaz. Sintomatologian oinarrituz diagnostikoa egitea ahalbidetzen duten sintoma garbiak eta nabarmenak dituzte bi disfuntzioek, jarraian miaketa eta odol analisien bidez egiaztatzen direnak. Baina askotan tiroidearen aktibitatea txikiagoa izan arren, aldea hain da diskretu eta sotila, ezen sintomak ez baitira oso nabarmen eta espezifikoak. Baliteke sintomarik ere ez egotea. Horrek kontzeptu berri bat sorrarazi du, hipotiroidismo azpiklinikoa, hain zuzen ere.

Zer da hipotiroidismo azpiklinikoa?

TSH goitituta eta tiroidearen T3 eta T4 hormonak normal dauden alterazio gisa definitzen da. Kontzeptu biokimikoa da, beraz, eta horren baitan maila ezberdinak daude, TSHren handitzearen arabera. Alterazio hau biztanleriaren %5 eta %13,2ko portzentaje aldakorrean gertatzen da eginiko ikerketen arabera. Maizkoago izan ohi da emakumezkoen artean 40 urtetik aurrera; talde horretan %8-10eko prebalentzia antzeman izan da. 60 urtetik gorako emakumezkoen artean %12 gaineko portzentajeari eragiten dio, eta ikerketa batzuek %30era ere iritsi daitekeela adierazten dute. Gizonezkoen artean eragina txikiagoa da eta emakumezkoekin alderatuz proportzioa lautik batekoa da.

Emakumezkoengan eragin handiagoa zergatik duen ez dago argi baina badirudi estrogeno mailarekin eta hormona aldaketarekin zerikusia baduela eta litekeena da haurdunaldia bitartean fetuaren zelulak amarengana pasatzearen ondorioz gertatzea (erditze ondorengo aldian ere hipotiroidismoa azaltzeko joera dago). Zelula "arrotz" horiek antigorputzak sorrarazten dituzte tiroidearen aurka, alegia, gaixotasun autoimmune mota bat da. Egiatan, sistema immunologikoak eraso egin eta bere zelulak suntsitzen dituen patologia autoimmunea da Hashimoto tiroidearen hantura eta iodo eskasia ez dagoen guneetan, haur eta nerabeen artean, hipotiroidismoaren arrazoi maizkoena da. Izan ere, iodoa funtsezkoa da tiroidearen hormonak sortzeko; iodo eskasia da hipotiroidismo eta bozioaren arrazoi maizkoena munduan. Horregatik, organismoari iodo ekarpena egiten zaiola bermatzea komeni da.

Sintomak

Definizioz, azpikliniko hitzak sintomarik ez dagoela esan nahi du baina, egia esan, hori ez da kasu gehienetan horrela. Ikerketa ugarik agerian utzi dute gaixotasunak harrapatutako pertsonek estresari, nekeari, bitamina faltari edo gehiegizko lanari egozten zaizkion hainbat sintoma pairatzen dituztela. Hori dela eta, gutxitan jotzen dute medikuarengana.

Tiroidearen T3 eta T4 hormonek "bizia" ematen diote gorputzeko hainbat organori eta horien eskasiak, maila txikian bada ere, haiei dagozkien funtzioen mantsotzea ekartzen du. Horregatik, agertzen diren sintomak askotarikoak izan daitezke eta horietako asko hipotiroidismoari egotzi zaizkio. Baina hainbat ikerketa bat etorri dira tiroidearen funtzio mantsoagorekin egiaz lotuta dauden sintomak nabarmentzean: giharretako minak, nekea edo astenia, azalaren lehortasuna, pisu handitzea, lokuma, buru soiltasuna eta ile erortzea.

Oraindik ez da lotze adierazgarririk aurkitu ondorengo sintoma hauekin: oroimen galtzea, gorreria, idorreria, depresioa, hotz jasanezintasuna eta loaren apnea sindrome buxatzailea. Halere, azken adierazpen horiek sarriago agertzen dira hipotiroidismoa duten pertsonengan, diferentziak, estatistikari dagokionean, kontrol taldeekiko esanguratsuak ez izan arren.

Hipotiroidismo azpiklinikoarekin lotzen den alterazio argia metabolismo lipidikoa da. Gaixotasunak harrapatutako pertsonengan kolesterolaren eta triglizeridoen erabateko goititzea dago, eta antza denez, puntu hau oso argi ez badago ere, HDL-kolesterola (kolesterol ona) gutxitu egiten da eta LDL-kolesterola (kolesterol txarra), berriz, gehitu. Alterazio lipidiko horren ondorioz, arrisku kardiobaskularra areagotu egingo litzateke. Ikerketa batzuek adierazten dutenez, hipotiroidismo azpiklinikoa arrisku kardiobaskularraren adierazle nabarmena da, beste ikerketa batzuek, berriz, ez dute alderik aurkitu eta gaia gaur egun ikertzen eta eztabaidatzen ari dira.

Horrenbestez, hipotiroidismo azpikliniko kasuak detektatzeko beharrak tratamenduaren mesedegarritasunari eragiten dio, hala nola, tiroideetako alterazio batzuek tiroidearen gutxiegitasun argi eta nabarmenerantz jo dezakete azpikliniko izateari utzi eta kliniko bihurtuz.

Diagnostikoa

T3, T4 eta TSH hormonen zehaztapenean oinarritzen da eta ondorengo kasu hauetan egin behar da: 40 urte baino gehiago duten emakumezkoengan sintoma ez espezifikoak agertzen direnenean, tratamenduan dauden sortzetiko hipotiroidismo aurrekariak daudenean, tratatutako hipertiroidismoa izan denean, lepoan irradiazio, kirurgia edo hipofisiaren irradiazio kasuak egon eta amiodarona edo litio bidezko tratamendua jasotzen ari denean.

Tratamendua

Tratamendua ondorengo kasu hauetan jaso behar dela pentsatzen da:

  • TSH mailak 10-20 mU/L baino altuagoak direnean
  • Bozioa agertzen denean (puntu honi dagokionean ez dago guztien adostasunik)
  • Sintomatologia dagoenean (giharretako minak, nekea, buru soiltasuna...)
  • Antiperoxidasa antigorputzen agertzearekin lotzen da (kasu honetan hipotiroidismo argi eta nabarmeneranzko joera handia da)
  • Hiperkolesterolemia eta frakzio lipidikoen alterazioa dago, halere, puntu hau ere eztabaidagai da, nahiz eta dauden froga ziur eta argien arabera, arrazoizkoa ematen duen tratamenduaren erantzuna ikusi arte, behintzat, gaixotasuna tratatzea.

Lebotiroxina izeneko tiroidearen hormona bidezko tratamendua gaixo gehienen kasuan bizitza osorako da eta hormona profilaren kontrol zorrotzak eskatzen ditu, izan ere gehiegizko dosifikazioak zein dosi baxuek ondorioak ekar litzakete, hala nola hormona maila egokiak ez bermatzea. Dosia egokia bada, ez da bigarren mailako efektu esanguratsurik egongo.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto