Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Etxeko ekonomia

Λ

Leasing-a eta renting-a: Interesgarriak oso kasu zehatzetan

  Leasing eta renting gero eta gehiago erabiltzen diren epe luzerako autoak alokatze modalitate bi dira. Aipaturiko aukerak enpresa handi eta ertainez gain, langile autonomo eta famili negozio txikiei zuzenduta daude. Horiek nahiago izaten dituzte, abantaila fiskalak eta ordaintzeko erraztasunak erakarrita, enpresako ibilgailuen berrikuntza azkarragoa ahalbidetzen duten bi konponbide horiek. Halere, leasin moduan alokatzen duten bezero asko banketxeek eta aurrezki kutxek atzera bota dituzten pertsonak dira, interesak altuagoak izan arren, leasing egitera behartuta daudenak. Renting-a, aldiz, enpresa munduan hasten ari diren eta gehiegi arriskatu nahi ez duten bezero txikientzat aukera erakargarriagoa da.

Leasing-a

Leasing ibilgailuak alokatzeko modalitate bat da, baina aldi berean finantzaketa bide baten gisan funtzionatzen du, izan ere, alokatutako ibilgailua, azkenean, erosi egin daiteke. Leasing ez zaio ibilgailuen kontzeptuari lotutako alokatzeari soilik esaten, baita higiezin eta ekipamendu ondareak alokatzeari ere. Finantzaketa bidearen eskaintza da formula honen erakargarritasun nagusia, 26/1988 Legearen bidez araututa dagoena, alegia: inbertsioaren azken xedea ibilgailuaren jabetza eskuratzea da. Bezeroak, langile autonomo zein enpresari txiki izan, ibilgailua erabiltzeagatik hilero ordainduko ditu errentamendu kuotak. Kuota horien erregulazioari buruz araudirik ez dagoenez, alde bien artean zehazten dira baldintzak: enpresa zerbitzu emailearen eta furgoneta ontzidi berri bat gehitu edo zaharra ordezkatu nahi duen famili enpresa edo norbanakoaren artean; banatzaile gisa lan egiten duen enpresa bat, esate baterako.

Leasing kontratuak bi urteko iraupena gutxienez izatea eskatzen du normalean, baimena ezeztatzeko aukerarik gabe. Kontratuak alokatze aldia amaitu ondoren, ibilgailua erosteko aukera ematen du, beti ere errentan hartzen duenak alokatutako ondasun horrekin lotutako enpresa jarduera bat gauzatzeko erabiliko duela frogatzen badu. Beraz, kontratua amaitzeko puntuan dagoenean, bezeroak hiru aukera ditu: bat "hondar balioa" duen azken kuota ordainduz autoa erostea bi, errentamendu kontratua berritzea eta hiru, erosketa aukeraz ez baliatzea eta alokatutako ibilgailua itzultzea. Enpresari txikiak zer egingo duen kontuan hartu gabe, leasing kontratuak xedatzen du errentatzaileak ibilgailuaren jabetzatik eratorritako arrisku, eskubide eta betebehar guztiak bezeroari transmititzen dizkiola, beraz, bezeroak bere gain hartu beharko ditu alokatze aldi osoan zehar autoari dagozkion gastu guztiak, baita ibilgailuari dagozkion zergen ordainketa ere, hala nola autoaren asegurua eta mantentze gastuak.

Eragozpen horien gainetik, enpresa txiki eta ertainek gehien eskatzen duten aukeretako bat da leasing-a, finantzaketa ohiko banku kreditua baino modu eskuragarriagoan eskaintzen duelako, batez ere (alokatze mailegua emateko baldintzak ez dira horren zorrotzak). Zergei dagokienez ere abantaila gehiago ditu: leasing gabe, trailer bat erosten duen kamioilari autonomoak bere diru sarreretatik kostuak eta horren portzentaje bat (%10 inguru) desgrabatu ahal izango ditu soilik trailerraren amortizazio gisa. Baina erosketa leasing bidez finantzatuz gero, alokatzea gastutzat hartzen da, eta era horretan etekinak aurreko kasuan baino murritzagoak dira eta, ondorioz, etekinak txikiagoak izanik, zerga gutxiago ordaindu beharko du. Ordainezintasun kasuan, leasing-aren ezaugarriak dituen kontratu baten titularrak bere ondasunaz libratu daiteke errentan eman dion enpresari itzuliz, eta harekin "mailegua" indargabetuz. Eragiketa horiek guztiak banketxe komertzialen bitartez egin daitezke: inbertsio bankuak, finantza konpainiak edo leasing konpainiak.

Renting-a

Epe luzerako beste alokatze modalitate bat da, baina hasiera batean, behintzat, alokatze aldiaren amaieran ez da erosketa aukerarik aurreikusten. Kasu honetan bezeroak inbertsioa baino gehiago, funtzionaltasuna bilatzen du. Errentan ematen duen enpresaren eta langile autonomoaren artean egiten den kontratua ez da zertan banketxe komertzial batean sinatu behar; beste edozein merkataritza eragiketa moduan egin daiteke, bakoitzaren baldintzak argi eta garbi zehaztuta, izan ere leasing-a ez bezala, renting-a ez dago legez araututa.

Modalitate honen kontratuak xedatzen du lan egiteko ibilgailuak alokatzen dituen enpresari txikia arrisku orotako eta errepideko asistentzia aseguru, zerga, autoaren mantentze eta edozein matxura ordaintzetik salbuetsita dagoela eta, gainera, istripu edo ibilgailuaren higatze kasuan beste ibilgailu bat ematera derrigortzen du errentan ematen duen zerbitzu enpresa. Errentamendu aldia behin bukatu ondoren, normalean, beste bi urterako berritu ohi da ibilgailuen beraien edo berriago batzuen kontratua, erosteko aukerarik gabe. Langile autonomoak baldin eta ibilgailuak erosi nahi baditu, renting enpresaren borondate onaren arabera izango da, izan ere kontratuak berak ez baitu aukera hori ematen.

Zerga alorrari dagokionean, errentamendu sistema baten trataera bera du eta ez finantzaketa sistema batena; arrazoi horrengatik modalitate hau aukeratzen duten enpresek bere abantaila guztietaz baliatzen dira: ordaindu beharreko kuotak, BEZ barne, gastutzat hartzen dira eta, beraz, osorik deduzitu daitezke. Horrenbestez, langile autonomo batek bere PFEZ aitorpenean renting kuoten %100 deduzitu ahal izango du, beti ere ibilgailua enpresa jarduera aurrera eramateko erabiltzen duela frogatuta gelditzen bada. Gainera, renting eragiketengatik jasandako BEZaren %50 deduzitzeko eskubidea du. Horretarako, langile autonomoak bere lan jardueran ibilgailua erabiltzen duela egiaztatzea beharrezkoa da.

Zein aukera da interesgarriago?

  • Epe luzerako inbertsioa egin nahi izanez gero, banku kreditu bat ordaintzeko ezintasunak eta ibilgailuen bahitzeak suposatzen duen arriskurik izan gabe, leasing-a aukeratu behar duzu. Desabantaila nagusia interes altuagoetan datza, beti ere alokatzen den ondasun zehatzaren eta leasing sozietatearen arabera. Gainera, ibilgailuaren mantentze gastu guztiak ordaintzera behartuta zaude. Errentan hartutako ondasunez baliatuz lan eginez gero, alokatzea gastutzat hartuko da, era horretan agertuko da zure zerga aitorpenean, beraz, zerga alorrari dagokionean, merezi diezazuke.
  • Langile autonomo edo enpresa baten helburua ibilgailuekin beraiekin bakarrik lan egitea bada, hobe da renting kontratua, izan ere ordaindu beharreko kuotak baxuagoak izango dira, ez baita produktu finantzariotzat hartzen. Bestalde, renting enpresa edo sozietateak ibilgailuen eta horien gidarien gastu guztiei erantzuten die eta hori ere lasaitasun handia da enpresari txikiarentzat, izan ere haren etekin kontua negatiboa bada, errentamendu kontratuaren amaiera itxarotea besterik ez zaio bezeroari geratzen eta orduan ibilgailu guztiak itzuli ditzake, balizko bahitzeen beldurrik gabe.
  • Kontratu bietan hizki txikia arreta handiz irakurtzea komeni da, kontratuaren iraupen denbora zehatzari, ezarritako aldia baino lehen baja eman nahi duen bezeroaren kasuan ezarritako aparteko baldintzei eta ibilgailuen egoerari buruz hitz egiten duena, batez ere. Leasing kontratuetan, esate baterako, leasing-aren titularra edozein hondatze ordaintzera behartuta dago.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto