Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Haragi honen gantzaren ia erdia gantz azido mono-asegabeek osatzen dute
Oraindik orain nutrizio eta osasun alorretako adituek txerriki gutxi eta aldian behin bakarrik kontsumitzea aholkatzen zuten -arrautzari zegokionez, beste horrenbeste-, okela horrek gantz eta kolesterol ugari daukala argudiatuz. Arestiko ikerlanek, ordea, bestelakoa erakutsi dute: txerri haragia gainontzekoak bezain osasungarria da eta bere gantza azido mono-asegabeez osatua dago. Gantz horren kalitatea gorabehera, agertzen den kopuru aldetik ere aholkatzeko modukoa da txerrikia: atal gihar-gihartsuek (zinta edota azpizuna, adibidez) txahal xerrak baino gantz gutxiago daukate.
Txerrikiak daukan gantzaren %48 inguru, oliba olioak bereizgarri duen azido oleikoaren antzeko gantz azido mono-asegabeek osatzen dute. Honelako gantzaren kontsumoak odoletako kolesterol tasak murrizten laguntzen du, "kolesterol kaltegarri" (LDL kolesterol) izenekoaren kontura eta, aldi berean, "kolesterol mesedegarri" delakoaren (HDL kolesterol) onuraz. Kontuak kontu, txerrikiak gantz azido saturatu -gehiegi kontsumituz gero bihotzarentzat kaltegarri gertatzen diren horiek, alegia- gutxiago dauzka bestelako hainbat okelak baino: horregatik urdearen haragiak, azaletik gabeturiko hegaztiekin eta untxiarekin batera, okela kontsumitzeko alternatiba ona da: honela gantz askorik ez da kontsumitzen eta ez da odoletako gantz kaltegarria ugaltzen: pieza gihartsuenek, 100 gramoko, 60 eta 80 miligramo kolesterol daukate, hots, ardiki edo behikiak daukatena baino gutxiago.
Urdekiak, batez beste eta 100 gramoko, 18 - 20 gramo proteina dauka, kopuru hori aldatu egiten bada ere, espezieen (urde zuria izan edo iberikoa izan, bigarren hau gantzatsuagoa baita), adinaren eta pieza edo atalaren arabera. Animalia zenbat eta gazteago izan orduan eta zukutsuago eta samurragoa du haragia, baina animalia helduen okelak baino nutriente gutxiago ditu.
Animaliaren piezei goazkiela, aurreko atalak ehun konjuntibo gehiago daukate (larruazal, hezur, zurda, lotailu eta antzekoetan). Bertan, balio biologiko urriko (aminoazido esentzial gutxi dauzka eta) proteina bat, kolageno izenekoa, ugari dabil: hau, beroaren eraginez, jelatina bihurtzen denez, aurrealdeko piezei egospen luzeagoa eman behar ohi zaie atzekoei baino.
Txerrikiak hainbat mineral dauzka: absortzio errazeko burdina ("hemo burdina" deritzon hori gehien aprobetxatzen dena da eta odol beroko eta animalietan eta arrainetan datza), zinka, fosforoa, sodioa eta potasioa. B multzoko bitaminetan oparo dabil (B1 edo tiamina, batik bat: gainerako haragiek baina 8 - 10 aldiz gehiago dauka). Bitamina honek organismoan eginkizun nagusietako batzuk betetzen ditu: metabolismoa eragiteaz gain, nerbio sistemaren funtzionamendu ona zaintzen du. Urdekia, bestetik, bestelako okelek baino biotina, azido pantoteniko, riboflabina, piridoxina eta B12 bitamina gehiago dauzka.
| Pieza | Kaloriak | Proteinak (gramo) | Guztirako gantza (gramo) |
|---|---|---|---|
| Txerriki gihartsua | 155 | 20,0 | 8,3 |
| Txerriki erdi gihartsua | 273 | 16,6 | 23,0 |
| Txerriki gantzatsua | 327 | 15,4 | 29,5 |
| Hirugiharra | 469 | 12,5 | 46,6 |
| Urdaia | 673 | 8,4 | 71,0 |
| Pieza | Gantz azido aseak (gramo) | Gantz azido monoasegabeak (gramo) | Gantz azido poliasegabeak (gramo) |
|---|---|---|---|
| Txerriki gihartsua | 2,9 | 3,3 | 0,6 |
| Txerriki erdi gihartsua | 8,0 | 9,0 | 1,6 |
| Txerriki gantzatsua | 11,3 | 11,6 | 2,0 |
| Hirugiharra | 17,4 | 19,1 | 3,1 |
| Urdaia | 26,3 | 29,2 | 4,8 |
Kategoria komertzialak
Haragiak daukan gantzaren eta ehun konjuntiboaren arabera izendatzen dira kategoriok eta hainbat parametro mugatzen dituzte: erabilera (okela fresko edo txarkuteriakotzat), kuzinatzeko metodoa eta merkatuan hartuko duten prezioa, besteak beste.
Kategoria apalagoak
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa