Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Zartagin itsasgaitzak: Materiala, funtsezkoa

Garestienak hobeak diren arren, badira merke bikainak ere

  Zortzi zartagin itsasgaitz -elikagaiak itsasten edo heltzen ez diren horietakoak- aztertu dira oraingoan (horietatik hiru altzairu ez-aleatuzkoak, bi altzairu herdoilezinezkoak eta beste hiru aluminiozkoak); horien prezioak doaz 9,27 eurotik (Magefesa Danubio) 29,39 euroraino (Tefal Induction, denetan hoberena: osoko kalitatean 10 puntu lortu dituena). Kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio egokiena Tefal Ambience laginak eskaintzen du (aluminiozkoa, 13,74 euro kostatzen da), proba guztiak gainditu dituztenetan bera baita merkeena. Prezioen arteko aldeak, oro har, zuzenak dira: emaitza onenak agertu dituztenak garestienak dira.

Zartaginak hamaika materialez egindakoak izan daitezkeenez, ale bat aukeratzea kontu zaila izaten da. Analisi honetan hiru mota desberdinetako paderak aztertu dira, egoera berberetan horietako bakoitzak nola erantzuten duen baloratzeko eta, bide batez, erabiltzaileak zein komeni zaion ikus dezan, garestienen prezioa merkeenenaren hiru halako dela kontuan izaki.

Altzairu ez-aleatuzko paderak era guztietako sutegietan jartzeko balio du. Altzairu herdoilezinezkoak, berriz, ez dira beti eraginkorrak indukziozko bero iturrietan baina, nola antzeman, ordea, benetan eraginkor direnei? Proba egin dezagun: imana itsasten bazaio ipurdiari era guztietako sukaldeetan erabiltzeko balio du.

Aluminiozkoek proba hori ezin gaindi dezaketenez, indukziozko sutegietan aritzeko balio ez duten arren, gainerakoetan ederki jardun dezakete; txanponaren beste aldean, altzairuzkoak baino arinagoak dira eta beroa era uniformeagoan zabaltzen dute.

Bukaera ona

Zortzi laginek bukaera egokia agertzen dute, inolako bizar, printza edo ertz zorrotzik gabea, erraz garbitzen dira, egonkor mantentzen dira, are bost graduko plano inklinatuan, eta kirtena grabitate zentroz gainetik dute erantsia.

Zartagina baten kalitatea egiaztatzeko probetako bat, beroa hondo osoan zehar era uniformean zabaltzen duen begiratzea da. Laborategiko probetan, paderak hutsik plantxa elektriko baten gainean berotu ziren eta termografia infragorria gaindiarazi zitzaien, paderaren hainbat gunetako tenperatura termograman "ikusi" ahal izateko. Ondorio nabarmenena: material berarekin eginiko lagin batetik bestera ia alderik ez dago.

Bero kantitate berdina aplikatuz, altzairu ez-aleatuzko zartaginek altzairu herdoilezinezkoek baino tenperatura handixeagoak hartzen dituzte, aluminiozkoek baino handiagoak, inondik ere. Altzairu ez-aleatuzkoak dira gune batetik bestera tenperatura alderik handienak agertzen dituztenak (32ºC da handiena); altzairu herdoilezinezkoetan (13ºC, gehienez) eta, batez ere aluminiozkoetan (10ºC, gehienez) uniformeagoa da beroaren zabalkuntza.

Ahur eta ganbil

Funtsezkoa da paderaren hondoa ahur edo ganbil ez izatea (laua izatea da egokiena, alegia): bestela beroa ez litzateke uniformeki zabalduko eta sukalde mota jakin batzuetan (indukziozkoetan, adibidez) oso litekeena da zartaginaren zati batzuk ez berotzea ere. Espainiako Legeak ahurtasuna onartzen du, baina ez ganbiltasuna. Frantziak, aldiz, bata zein bestea, biak debekatuta dituenez, bigarren hau hartu da erreferentzia gisa analisi honetan.

  Azterketari ekin aurretik zortzi zartaginen hondoa laua zen baina, bertan ezer jarri gabe 25 aldiz 220º C-tara berotu eta giroko tenperaturako uretan hoztu ondoren, Tefal markako biak eta Ballarini markako lagina izan ziren deformaziorik agertu ez zuten bakarrak. Taurus eta Magefesa Excalibur ahur bihurtu ziren eta Perfecto Gourmet, Fasga eta Magefesa Danubio, aldiz, ganbil edo konbexu. Magefesa enpresak CONSUMER-i esan zionez, arazo hori hautemana zuten Danubio modeloan, baina konponduta zuten.

Kirtenaren iraunkortasunaren eta erosotasunaren arabera izango da, hein handi batean, paderaren erabilera eroso edo aldrebesagoa. Azterturiko kasu guztietan heldulekua gai plastiko termoegonkorrez egina dago (kanpo aldean lakarxeagoa, heltzea errazteko), tenperatura altuak ongi pairatzen ditu eta erresistentzia handia agertzen du. Kirtenak isolatzaileak direla egiaztatzeko, zartaginean olioa jarri eta 200º C-tara berotu zen ordu erdiz: hori eginik, kirten muturretik distantzia jakin baterako tenperatura ezin izan daiteke 70º C baino beroagoa. Heldulekuak ere pairatu behar du zuzeneko beroa: ordubetez padera labean berotu da 150ºC-tara, zartadura edo babarik agertzen den ikusteko. Nekearen aurreko erresistentziari dagokiola, deformaziorik edo laxatzerik izan gabe, padera dezente kargaturik eta kirtenik helduta, 15.000 altxaldi eta jaitsaldiko zikloa ondo pairatu behar dute. Suhartze proba egiten da zuzeneko garraren aurrean kirtenak nola erreakzionatzen duen hautemateko. Kirtenari eginiko proba zorrotz guztiak ongi gainditu zituzten paderek, Taurus laginak izan ezik: honek okerdura proban huts egin zuen (hau da, erabilera luzearen ondotik heldulekua okertu egin daiteke).

Itsasgaiztasuna

Padera hauen izaera itsasgaitza, barnealdea estaltzeko baliatu den materialak ematen die. Tefal markako biek eta Magefesa Excalibur laginak ez dute erabilitako gaia jakinarazten, Magefesa Danubio laginak Skandia dauka eta gainerakoek teflon (politetrafluoretilenozko erretxina bat, alegia) dute. Material horien abantailak asko dira: ez dira herdoiltzen, ez diote elikagaiei tekorik kutsatzen eta zartaginen erresistentzia termikoa, kimikoa eta mekanikoa areagotu egiten dute. Proba nagusia beren izaera itsasgaitza delarik, 25 mililitro esne oso ikaztuz egin da lagin denetan froga. Ondoren zorrotada bat ur hotz aplikatzen zaio: honek, osaturiko ikatza eraman egin beharko luke, Tefal Induction, Ballarini Mediterránea eta Magefesa markako bi laginek egiten duten bezala. Tefal Ambience, Perfecto Gourmet, Taurus eta Fasga paderetan landarezko belaki bat baliatu behar izan zen zikintasuna kentzeko.

Estaldura itsasgaitzaren gogortasunak zartaginaren iraunkortasuna iragartzen du, hein batean. Hori probatzeko hainbat arkatz mina pasatzen dira presio berdina eraginez, bakarren batek estalduran marka utzi arte. Estaldura itsasgaitza paderaren hondoari nola dagoen lotua ez ezik, toxikatzeko ba ote dagoen ere neurtzen da laborategian arriskurik (paderatik elikagaietara materialak migratu egin daitezke eta). Hiru probetan ere emaitza zuzena eta berdintsua izan zen zortzi laginetan.

Mikroskopioan

Estaldurek duten alde nabarmenena lodiera da. Padera bakoitzaren estalduraren laginak hartu eta mikroskopioan aztertu ziren. Material itsasgaitzeko estaldura (hondoan eta alboetan) lodiena daukan lagina Tefal Induction bada ere, gehientsuenek oso emaitza antzekoak erakutsi dituzte. Magefesa Danubio eta Ballarini Mediterránea dira neurketa honetan emaitza apalena lortu dutenak.

Osoko kalitatea

Zartagin guztien osoko kalitatea asebetetzekoa bada ere, bada alderik lagin batetik bestera: Tefal Induction laginak 10 puntu eraman zituen; bigarren tokian Tefal Ambience, Ballarini eta Magefesa Excalibur datoz, 9,2na punturekin (hau da, proba guztiak gaindituta). Atzetik Perfecto Gourmet eta Fasga Multicolor agertzen dira (8,1 eta 8,5 puntuz) eta atzenean Taurus Activa eta Magefesa Danubio daude (7,7na punturekin: kalifikazio ona den arren, baina analisiko apalena da).

Padera bakar batek eskaintzen ez badu ere berme agiririk (beraz, zortzietatik bakar batek ez du gainditu proba hau), Perfecto Gourmet, Fasga eta Magefesa Danubio laginek beren produktuek urtebeteko bermea dutela adierazten dute etiketan (nahiz legez exiji daitekeen gutxienekoa horren bikoa den). Tefal markako biek ez dute agertzen bermearen iraupena, baina horrelakorik badela diote. Ballarini, Taurus eta Magefesa Excalibur laginek, azkenik, betebeharreko hori aipatu ere ez dute egiten.

Nola zaindu zartaginak

Mantentzeko arauak betetzeak zartagin itsasgaitz horien bizitza baliagarria luzatu egingo du.

  • Estreinakoz erabili aurretik, hobe izaten da paderak ur eta xaboiez ikuzi, lehortu eta, ondoren, barnealdea olioz igurztea.
  • Tenperatura aldaketa bortitzek (bero daudela, kanila azpian jartzea, hutsik daudela gehiegi berotzea, etc.) kalte handia egiten diete, hondoa desitxura dezaketelako: horrela berotasuna ez da uniformeki zabalduko aurrerantzean.
  • Kirtena edo estaldura ez kaltetzeko eta, era berean, berotasunaren hedapen hobezina erdiesteko, zartagina suaren gainean ondo erdiratu beharra dago.
  • Estaldura itsasgaitza ez urratzeko, hobe da zurezko edo plastikozko tresnak erabiltzea (inola ere ez metalezkoak). Arrazoi beragatik, ez da komei elikagaiak paderan ebakitzea.
  • Zartaginok garbitzeko belaki leuna, ur beroa eta detergentea baliatu behar dira. Gai erasogarriak eta metalezko espartzuek barnealdea hondatu egin dezakete.
  • Zerbait frijitzen ari denean kirtena sutondoaren barru aldera eramateak olio irakinarekin gerta litezkeen ezbeharrei saihesteko balio izaten du.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto