Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

"Backup"-ak: Informazioa, salbu

Disko gogorraren kopia aldiro-aldiro egiten duten sistemak baliatzeari esker ez dugu galduko informazio garrantzitsua

  Disko gogorreko informazioa bi egokieran egon daiteke: galdurik eta oraino galdu gaberik. Galdu aurretik, datu inportanteenak gutxienez babesteko neurriak hartu behar izaten dira. Kontua da jatorrizkoaz bestelako kokapen batean segurtasun kopiak (backup-ak) sortzea; horrela, artxiborik galdu edo endekatzekotan, berreskuratu egin ahal izango ditugu.

Uste ohi dugunaz beste aldera, programak babestea baino garrantzitsuago da informazioa zaintzea: programak noiznahi instala daitezke ostera baina dokumentuak, argazkiak, mezu elektronikoak, etab., gehien-gehienetan bakarrak dira eta horien galerak ez du konponbiderik. Enpresek segurtasun kopia sortzeak nolako garrantzia duen ondo baino hobeto ezagutzen dutenez, modu erregular eta automatikoan sistemen backup-ak berariaz egiten dituzten aparatuak baliatzen dituzte. Horien antzera, erabiltzaile xumeak etxeko ordenagailuan ere kontuan hartu beharko du hori, galtzerik nahi ez duen informazioa disko gogorrean ondo bermatua nahi badu, behintzat.

Ez da oso gertakizun bakana artxiborik desagertzea, dela gainetik idatzi edo nahi izan gabe ezabatzearren, dela ekipoak edo programaren batek huts egiteagatik, behar bezala itzali ez izanaren ondorioz edo, nola ez, birusen batek eraso diolako. Aste osoko lanak edo ezkontzako argazki digitalak inoiz galdu dituen erabiltzaileak ederki daki nolako garrantzia duen segurtasun kopia edukitzeak. Orain arte suerte ona izan duenak, berriz, sendatu baino hobe luke prebentzio lanean hastea.

Jatorrizkotik urruti

Segurtasun kopiak ordenagailu barruan egin daitezke: hori baliozkoa izango da ezbeharrez ezabaturiko artxibo endekatuak berreskuratzeko baina alferrikakoa, berriz, disko gogorrak huts egiten badu edo ekipoa osten badigute, adibidez. Hortaz, bikoizturiko artxiboak beste nonbait egotea da egokiena. Gorde nahi den lanaren tamainaren arabera, segurtasun kopiak kanpoko disko gogor batean egin daitezke, CD-ROM, DVD edo antzekoren batean.

Biziki baliagarria da, era berean, Interneteko helbideren batean artxibo garrantzitsuak (beti ere, neurriz) gorde ahal izatea, horretara zeinahi ordenagailutatik irits gaitezke eta. Interneten espazioa erosteko dirurik xahutu gabe ere, egun doaneko posta-kontuen titular izan gaitezke: kontu horiek 100 MB eta gigabyte bateko (1.000 MB) edukiera eskaintzen digute, gure mezuetarako. Aski dugu, era horretan, gure web postara babestu edo eskura eduki nahi ditugun artxiboak (faboritoak edo helbide zerrenda, adibidez) igortzea.

Kopia gehigarria

Internetetik segurtasun kopiak egiteko dozenaka programa doan jaits ditzakegu, hala nola Cobian Backup, FreeBackup edo Back4Win. Aukeratutakoa instalatu ondoren, zein artxibo edo direktorio kopiatu nahi dituen hautatu, aldian behin kopia eskuz edo automatikoki egitea nahiago duen erabaki eta artxiboen konpresio gradua adierazi behar du erabiltzaileak. Lehendabiziko segurtasun kopia osorik eginez gero, hurrengoak gehigarriak edo osagarriak izan daitezke: elkarren antzekoak diren bi sistema horiei esker segurtasun kopiari eraldaturiko artxiboak bakarrik gehitzen zaizkionez, ez dugu zertan dena gorde aldiro-aldiro.

Segurtasun kopia egiten duten programa berberek balio dute kopia horiek deskonprimitu eta artxiboak (ostera erabili ahal izateko) birkokatzeko eta, gainera, kopiak hainbat euskailutara esportatzen laguntzen dute. Esate baterako, CD grabagarrietan (CD-R) gordetzen badira, kopia 700 MB-ko multzotan bana dezakegu, hainbat diskotan gordetzeko. CD-ak grabatu baizik egiten ez duen programa bat (Nero edo EasyCD, adibidez) baliatzeak backup-ak egiteko balio duten berariazko zerbitzu horietara iristea galaraziko digu, beraz.

Gehien baliatzen den sistema operatiboaren azken bertsioak (Windows XP) segurtasun kopia "Sistemaren lanabesak" horren barruan egiteko aukera ematen digu. Era berean, beste programarik instalatu gabe ere, postako mezu eta helbideen segurtasun kopia egin daiteke (Artxibo menuko "esportatzea" aukeran sakatuz gero), baita mahaiaren konfigurazioarena, erregistroko artxiboen ikono, soinu eta kurtsoreena ere.

Diskoaren "argazkia"

Birus gaizto-gaiztoaren erasopean edo konputagailuaren berezko endekapenaren ondorioz -gogoan izan PC-aren ezinbesteko osagai batzuen (disko gogorra bera edo zirkuitu integratuak, adibidez) batez besteko iraupena bost urtekoa dela-, aparatuaren erabateko hutsegitea gerta litekeena denez, disko gogorraren imajina egin dezakegu, hau da, artxibo konprimitu bat, bere eduki, konfigurazio eta guzti daukana. Era horretan, ezbeharra gertatzekotan, segurtasun kopia horrek balioko du, galdutako artxibo guztiak berreskuratzeko ez ezik, aparatua istripua gertatu aurreko egoerara ekartzeko ere: Interneterako konexioa behar bezala instalaturik, inpresora eta gainerako kontrolatzaileak bere tokian, etc.

Imajina hori, jakina, oraingo disko gogorretik informazio guztia sartzen den beste disko gogor edo biltzeko sistemaren batera (hainbat CD-R edo DVD-R) esportatu beharra dago. Sistema ostera bere onera ekartzeko, aurretiaz sortua dugun abiatze diskoa baliatu beharko dugu.

Egungo disko gogorrek sekulako edukiera daukatenez, ez da beharrezkoa aldian behin hustu eta datuak beste gordailu batzuetan sartzea. Dena den, sistemak huts ere egin dezakeenez, ohiko kontua da garrantzizko dokumentu edo argazki ahantzezin horiek CD-etan kopiatzea. Marka askok ematen duten informazioaren arabera, CD bat endekatu aurretik soildu egingo omen gara denok, datuek ehun urtetik gora iraungo dutela dioskute eta.

Nolanahi ere, maiztasun finko batez datuak (musika, argazkiak, dokumentuak, etc.) CD-R-an grabatzen dituen erabiltzaileak behin baino gehiagotan egiaztatuko zuenez, PC-ak ez ditu diskoak irakurtzen; beraz, haiek kopia bakarrean baldin bazeuden, galdutzat eman ditzake betirako. Izan ere, PC Active alemaniar aldizkariak eginiko ikerlanaren arabera, giro-egokierek (hezetasuna eta eguzki argia kaltegarriak dira, adibidez) eta urradurek CD baten babez besteko iraupena pare bat urtera murrizten dute. Hortaz, hobe izaten da ez aukeratzea CD-rik merkeenak, hauen kopia ere aldian behin egitea edo DVD-en grabagailua eskuratzea: diskoek arazo berbera dutela norbaitek berresten badu ere, iraupen luze-luze horien egiazkotasuna ezagutzeko astirik izan ez dugu eta, oraingoz.

 Diskoaren imajina
www.drive-image.com

Disko gogorraren imajina egin eta, erabateko ezbeharra nozitzekotan, aurreko egoeran berreskuratzeko erabilerarik ezagunenetako bat.

  Argazkiak
www.picasa.com

Argazkiak CD edo DVD batera kopiatu aurretik hobe da ondo antolatuak edukitzea: doaneko programa honek erraztuko dizkizu horrelako lanak.

Malgua
http://flexbackup.sourceforge.net

  Amanda (www.amanda.org) handiegi gertatuz gero, makina bat edo gehiagotako segurtasun kopiak egiteko tresna egokia da Flexbackup, erabiltzaile aurreratuenentzat.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto