Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Anana eta mahatsen zukuak: Hidratatzaile eta nutritiboak

Egarria suntsitzeaz gainera, azukre soilen (frutak berak dauzkanak eta, salbuespen gisa, erantsitakoak) energiaz, bitaminez, mineralez eta zuntz pittin batez hornitzen gaituzte fruta zukuek. Organismoa hidratatu eta frutak nutrizio alorrean dauzkan propietate onez elikatu egiten dute, baina ez dute fruta osorik ordezkatu behar gure eguneroko elikabidean, fruta elikagai osasuntsua baita.

Kontzentratuan oinarrituriko sei anana eta mahats zuku aztertu dira: litro bateko (laginetako bat, bi litroko) tetra-brick ontzian merkaturatzen dira eta litroko 0,58 eurotik (Cofrutos) 0,74 euro (Zumosol) arteko prezioa dute.

"Kontzentratuaren bidez osaturiko fruta zukua" da produktu horren izena: fruta kontzentratuari kontzentratze prozesuan erauzitako ur kopuru bera, aromak eta, hala egokitzen denean, zukuaren mamia eta galdutako gelaxkak erantsiko zaizkio. Gehitzen zaizkion aromak, berriz, zukuaren ekoizpen prozesuan berreskuratutako horiek berak edo fruta espezie beretik erauzitako zukuak izan behar dira. Zuku kontzentratua hainbat herrialdetako eta hainbat fruta motaren nahasketako gaia izan daitekeen arren, arautegiak xedatua duenaren araberako ezaugarriak agertuko dituen produktua lortzearen ardura fabrikatzailearena da.

Kasfruit laginak bi fruta zukuak ia erdibana nahasi ditu, Cofrutos laginak bezalatsu (%51 mahats eta %49 anana). Don Simón eta Juver markakoek anana zuku gehiago daukate (%55) eta Zumosol, aldiz, besteak ez bezalakoa da: %75 anana eta %25 mahats zukua du. La Molinera laginak, arauak behartuta badago ere, fruta bakoitzaren proportzioa ez du adierazten; horregatik ere arauz kanpo dagoela, etiketan izendapen desegokia agertzen du: "%100 anana eta mahats zukua", alegia.

Honelako zukuen prestakuntza industrialean lau iruzur egin dakizkioke kontsumitzaileari: behar baino ur gehiago eranstea, etiketan jakinarazi gabe azukrea gehitzea (15 gramo litroko, gehienez), natural ez diren aromak ipintzea eta azukrea eta azido zitrikoa batera eranstea. Iruzur horiek atzemateko asmoz egin diren analisiek irregulartasun bakarra topatu dute: Cofrutos eta Molinera laginetan aroma sintetikoak (naturalen berdin-berdinak, baina laborategian fabrikatutakoak) azaldu dira.

Dastatze proban epai mahaikideei gehien gustatu zaiena Zumosol da (anana zuku gehien daukana da), beste muturrean Juver eta Molinera agertzen direlarik, kalifikazio txarrenekin.

Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Kasfruit laginak eskaintzen du: prezio ertainekoa izaki (0,65 euro litroko) dastaketan erdi parean agertu zen. Beste aukera polit bat Zumosol da: dastaketan hoberena baina denetan garestiena (0,74 euro litroko).

Nola egiten diren

  Aurreneko urratsa fruta hautatzea delarik, hurrengoan garbitu, zanpatu edo birrindu eta zukua iragazi beharra dago, azal, mami eta haziak baztertzeko. Zuku hori pasteurizatu egingo dute mikroorganismoak suntsitzeko eta produktuaren ezaugarri organoleptikoak (kolorea, usaina, zaporea, etc.) eralda litzaketen entzimak deuseztatzeko. Ondoren, zukuaren aromak berreskuratu eta azken produktuari erantsiko zaizkio. Zuku pasteurizatu eta aromagabetu horrek uhertzeko joera ahulduko dion tratamendu entzimatikoa nozituko du eta, azkenean, urik gehiena erauzi egingo zaio, zuku kontzentratua erdiesteko (horrela errazago gertatzen baita bere kontserbazioa eta garraioa). Prozesu horretan produktuak uretan disolbagarri diren mineralen eta bitaminen erdia galtzen du. Zuku kontzentratua ontziratzeko lantegian dagoela gehituko zaizkio ostera ura, aromak, bitaminak, mineralak, azidoak eta beharrezkoak dituen gai guztiak, zukua berriro osatu arte. Produktu hau pasteurizatu (80ºC-90ºC-ko tenperaturan 15-150 segundotan) eta berehala hoztuko da, ontzian sartu aurretik.

Osasungarri bai baina kaloria ugarikoak

Zukuaren osagai nagusia ura denez, organismoa hidratatzeko aproposa da, oso. Balio energetiko handia du zukuak, oro har: 40 - 50 kaloria 100 mililitroko. Balio hori zukuaren %10 osatzen duten karbohidrato soilen (glukosa, fruktosa eta sakarosa) edukiaren arabera aldatzen da. Hidratoak, absortzio erraz eta azkarrekoak, frutan bertan edo elaborazioan gehituriko azukrean zeutzan. Proteina eta gantzen edukia hutsaren hurrena da. Anana eta mahatsen zukuetan fruta hauen bitaminak biltzen dira. Mahatsak azido folikoa -ananak ere horrelakoa du- eta B& bitamina dauka, beste fruta askok ez bezala. Ananak C bitamina, azido zitriko eta maliko ugari dauka. Azido zitrikoak, dakigunez, C bitaminaren egintza indartzen du. Potasioa da bi frutek ugarien duten minerala, baina magnesioa, fosforoa eta kaltzioa ere badaukate. Dena den, gure organismoak ez du zukuetako kaltzioa baliatzen esnekietan edo bestelako elikagaietan dagoenean bezain eraginkorki. Kontzentratua disolbatzeko baliatu den ur kopuruaren arabera, mineralen edukia aldatu egin daiteke zuku batetik bestera. Eta, espero bezala, mamidun zukuek ez daukatenek baino zuntz gehiago eskaintzen digute.

Haurren kasuan, zukua litxarrerien, snacken eta opil industrialen alternatiba polita da baina, janarietan uraren ordez hartuz gero, gosea suntsitzen dute eta, areago, zuku asko hartzen badute, kaloria ugari horiek umearen pisu handiegiaren eragile gerta daitezke. Fabrikatzaile askok etiketan "erantsitako azukrerik gabe" esakunea ezartzen dute: nahasgarria gerta dakioke hori kontsumitzaileari, natural zein ontziratutakoa izan, zukuak berez azukre asko baitauka.

Zukuaren aromak

  Zuku hauek, zukuen kontzentratuak berrosatuz moldatzen dira, erauzi zaien ur kopuru bera gehituz eta fruta horien zukuaren aromak edo espezie berekoenak gaineratuz. Zukuari aromak eransteko unean, ordea, fabrikatzaileak hiru aukera ditu: dagokion fruta horren aroma naturalak gehitzea (arauak horixe du xedatua), naturalen berdin-berdinak diren aroma sintetikoak baliatzea eta, hirugarren, aroma artifizialak erabiltzea. Azken bi kasu hauek iruzurrak dira eta, hortaz, arauz kontrakoak. Substantzia aromatiko naturalak bezalako molekulez osatuak dauden arren, laborategian moldatu direnak aroma sintetikotzat jotzen dira. Azterketako sei laginen aromen berrosatzea arauak xedatu bezala egin den egiaztatzeko, lehendabizi ananaren eta mahatsaren substantzia aromatikoak identifikatu behar izan ziren. Ondoren, laborategiko berariazko teknikak baliatuz, sei zuku hauen aromak aztertu ziren. Ondorioa argi eta garbi agertu da: Cofrutos eta Molinera laginek naturalen berdin-berdinak izanik, laborategian egindakoak diren aroma sintetikoak dauzkatenez, araua urratzen dute eta hortaz,, arauz kanpoko dira. Kontsumitzailearentzat osasun eraginik ez duen irregulartasun hori iruzur ekonomikotzat har dezakegu: aroma sintetikoen kostu txikiagoak zukuen ekoizpena merkatu egiten du. Gainerako zukuek aroma naturalak zeuzkaten.

Kalitatearen ebaluazioa

Fruta zukuei aplikatzen zaien araua kalitatearen ikuspuntutik oso zorrotza ez denez, azterketako sei laginen kalitatea ebaluatzeko orduan Europar Batasuneko Fruta eta Landarezkoen Zuku eta Nektarren Elkarte Industrialak (ZNEI) eginiko aholkuak hartu dira erreferentzia gisa. Laborategian bidezkoak diren analisiak eginik, Elkarte horrek xedatuak dituen parametro gehienak sei laginetan betetzen direla egiaztaturik, xehekapenez aztertzea merezi dute datu batzuek: brix graduak, sodio kopurua, sorbitola, erantsitako azukreak eta baliaturiko aromak, alegia (azken hauek berariaz eskaini zaien kapituluan jorratu dira)

Brix graduek (likidoan disolbaturik dagoen solidoen portzentajea adierazten dutenak) edariak daukan zuku kopurua agertzen dute: brix gradua zenbat eta handiago izan orduan eta zuku kontzentratu gehiago eta ur gutxiago dauka. Fruta zukuentzat gutxieneko brix gradua zein den ez du inongo araurik xedatzen, ez Espainian, ez Europan. Erreferentziako balioak ZNEI elkarteak emandakoak dira: anana zuku kontzentratua denean 12,8 gradu; mahats zukua denean, 15,9. Balio horietara gehien gerturatu direnak Kasfruit eta Zumosol dira; bertatik urrutikoenak, aldiz, Juver eta Cofrutos. Don Simón erdi parean agertzen da. Molinera laginean ezin da graduazio hori zehaztu, produktuak nolako proportzioan dauzkan zukuak ez baitu adierazten.

Zuku kontzentratuetatik ateratako zukuek gehienez ere, litroko, 50 miligramo sodio eduki dezakete. Zumosol laginak (77 mg) bakarrik gainditu du muga hori, baina gehiegizko hori ez da adierazgarria.

Sorbitol gaiaren (fruta batzuek berez daukaten azukrea) presentzia anana eta mahats zukuetan ohiko kontua inondik ere ez da, zuku horien koloratzaile gisa erabil daiteke. Azterturiko sei laginetan atzeman zen sorbitola baina kopuruak hutsaren hurrengo zirenez, oso litekeena da substantzia horren agerpena, produktua pasteurizatu baino lehenago eragindako jarduera mikrobiologikoaren edo, bestela, prozesuan zehar erabilitako prestaketa entzimatikoen ondorio izatea.

Horrelako zukuen elaborazioak fruta horien azukreen galera eragin ohi duenez, legeak onartzen du produktuari azukrerik gehitzea (litroko 15 gramo, gehienez ere): horren bidez zapore garratza goxatu eta zuku naturalaren osaketa imitatu nahi dute ekoizleek. Bestetan, aldiz, iruzurra egiteko asmoz eransten zaie: zukuaren garraztasun nabarmenegia leuntzea, bestelako fruten eransketa ezkutatzea edo frutaren urritasuna mozorrotzea, adibidez. Azukrearen eransketa artifiziala atzemateko xedez, azukreen (glukosa, sakarosa, fruktosa, etc.) eta oligosakaridoen (inulina, isomaltosa, maltosa eta azukre alderanztua) profil eta analisi isotopikoak hartu ziren aintzat. Emaitzak, berriro ere, argi daude: Cofrutos laginak azukrea erantsi dio bere produktuari. Esan bezala, azukrea eranstea legezkoa da, zukuari gehienez ere litroko 15 gramo gehitzen bazaio eta etiketan horrela adierazten bada. Cofrutos laginak ongi betetzen ditu baldintza horiek.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto