Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Dermatitis edo ekzema hitza erabiltzen dugu larruazaleko erupzio arina lesio nagusi duen afekzioa adierazteko. Gorritze batekin hasten dira gaitz hauek, gero likido serosoa exudatzen duten papula eta besikula bihurtzen dira eta epe luzera kroniko bilakatzen dira, azala lodituz. Ekzemen arrazoia endogenoa izan daiteke, afekzioa abiarazten duen kanpo-eragilerik ez dagoenean (dermatitis atopiko eta seborreikoan gertatzen den bezala) eta exogenoa, afekzioa kanpo-eragileak sortarazi duenean, hala nola ukipen-dermatitis narritagarri eta alergikoa: hauexek dira populazioan eragin handiena izaten dutenak.
Larruazalean eragin toxikoa duen produktu narritagarri baten aurrean organismoak eragiten duen hanpatzezko erreakzioa da. Hau da ukipen-dermatitis ohikoena: pertsona gehienek berdin-berdin nozitzen dute eragilea (disolbagarria, detergentea, xaboia, azido eta alkaliak, etc.) ukituz gero. Honelako dermatitisa denean larruazalak hainbat eratako erantzunak agertzen ditu, produktuaren kontzentrazioaren, eraginiko azaleraren edota ukipen-denboraren arabera. Narritagarria larruazaletik kentzerakoan sendatzen da dermatitis hau. Prozesu honetan sistema inmunologikoak ez du esku hartzen, ez dago aurretiazko sentsibilizaziorik eta, areago, produktuarekiko lehen ukipenean agertzen da gaitza. Dermatitis narritagarria izan daiteke, batzuetan, dermatitis alergikoa garatzeko lehen pausoa.
Beste ukipen-dermatitis hau, berriz, atzeratutako hipersentsibilitatezko erreakzioaren ondorioz jazotzen da. Substantzia hori ukitzearen poderioz subjektua sentsibilizatuz doa eta, halako batean, indar handi edo txikiagoz, ekzema agertzen da. Alergia sor dezaketen produktuei alergeno derizte eta, makina bat diren arren, ohikoenen zerrenda labur bat baizik ez dugu hemen azalduko:
Dermatitis plegu berezi-berezia, larruazala ukitu eta argitan utzita bakarrik, alergia eragiten produktuena da. Areago, pertsona batzuek argiaren aurrean fortosentsibilitate izeneko erreakzio anomaloa agertzen dute, era akutuan batzuek eta kronikoan beste batzuek.
Fotosentsibilitate akutua ere mota askotakoa izan daiteke, hala nola eguzkitako urtikaria (larruazala eguzkitan jarri eta handik minutu batzuetara sentitzen den azkura bizia), fototoxia (larruazala eguzkitan jarri eta handik ordu edo egun batzuetara azaltzen diren eguzki-erredurak, egun, aste edo hilabete batzuk iraun dezaketenak), fotoalergia (eguzkitan jarritako zonetan ekzemak garatzen dira), argi-erupzio polimorfoa (eguzkitan jarri eta handik ordu edo egun batzuetara agertzen den erupzioa, bere papula eta besikulekin, 30 urtetik aurrerako emakumeetan batik bat), eritema-lupus subakutua (eritema-lupus nozitzen duten pertsonei eguzkitan jartzeak larruazalean lesioak sortarazten dizkie).
Ukipen-dermatitis alergikoaren diagnostikoa, eskuarki, zaila da eta espezialistak ia-ia detektibe lanetan jardun behar izaten du. Belarritako, lepoko, eraztun, erloju edo horrelakoak ipintzen diren zonetan ekzema agertzen bada ondorea argi dago: eragilea nikela edota kobaltoa izan daiteke. Batzuetan, ordea, peskiza-atazak nahasi egiten dira, larruazalean lesioak eragiten dituzten alergeno batzuk zerbait irentsi edo inhalatzean irits daitezke eta.
Diagnostikoa egitean historia klinikoa eta proba epikutaneoak ("partxearenak") hartzen dira kontuan, proba horiek baitira metodorik egokiena alergia zerk eragin duen atzemateko. Horretarako, produktu susmagarriak sorbaldaren, goi aldean multzotan biltzen dira, partxeekin estali eta horrela pare bat egun eduki behar dira. Hortik 48 orduetara lehen irakurketa egiten da eta bigarrena 72-96 orduetara, dermisak nola erreakzionatu duen ikusteko. Emaitzen interpretazio ona adituek bakarrik egiten dituzte.
Ukipen-dermatitisa tratatzeko, alergia hori eragiten duen substantziarekin ukiturik ez izatean datza. Erraza da hori, agente eragilea zein den atzeman ezkero, baina beti ez denez aise aurkitzen, tanteoak egin behar izaten dira maiz, pazientearen pazientziaren kaltetarako. Lan-munduan, larruazala eta dermatitisa eragiten duen produktuaren arteko defentsa gisa diharduten hesi-kremak erabiltzen dira maiz.
Fase akutuan potasio-permanganatoz edota kobre-sulfatoz blaituriko konpresak eta egun merkatuan dauden hamaika kortikoide topikoak aplikatzea metodo eraginkorra izaten da. Zenbaitetan lesioa infektatu egiten da eta zona horretan antibiotiko topikoak aplikatu behar izaten dira. Besikulak eta exudazioa bereizgarri dituelarik, fase akutuan ez da komeni izaten pomada eta kremak aplikatzea, fase kronikoan -lesio lehor eta geruzazkoak agertzen direnean- ez bezala: aldi laburretan esteroideak eta, lesionaturiko larruazala samurtzeko gurigarriak aplikatzeak emaitza onak izan ditzake. Azkura benetan gogaikarria denean antihistaminikorik hartzea da neurri egokia.
Ukipen-dermatitis alergikoari dagokion lesio kutaneo tipikoa ekzema da eta honen sorreran hainbat fase bereizten dira. Hasierako edo fase akutuan larruazala gorritu eta, lehertzean, likido serosoa exudatzen duten papula eta besikulak agertzen dira. Hurrengo fasean (subakutu edo tartekoa) zauriak lehortzen eta geruza bat osatzen hasten da. Fase kronikoan larruazala lehortu, gogortu eta loditu egiten da, beste zona batzuetara hedatu eta, areago, odoletan has daitezkeen arrakalak agertzen dira. Eragindako zonak itxura ezatsegina du. Azkura fase guztietako ezaugarria da. Ekzemak biziki gogaikarriak izan daitezke junturetatik gertuko zonetan agertzen direnean, mugimendu batzuk egitean larruazala luzatu eta ekzemak eraso duen zonan mina sentitzen da (hatzetan, adibidez).
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa