Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
EROSKI CONSUMEReko kanalak
Itsasoko ura gezatzeak itxaropen handiak sortu ditu Mediterraneo aldean baina, aldi berean, eztabaida iturri bilakatu da gai hau. Ur eskasia historikoki nozitu duten eskualde zabaletan kalitatedun ur-baliabideak eskuratzeko, maiz auzitan jarri izan den ura ibai edo erreka batetik bestera eroate horren alternatiba gisa proposatu da.
Ebro ibaiko ura beste norabait eroatean oinarrituta zegoela, Espainiako Plan Hidrologiko Nazionala aresti indargabetzeak itsasoko ura gezatzea informazioaren lehen mailara ekarri du. Proiektuaren aldekoek diotenez, faktoria horien energi kontsumoa ura ibaiz aldatzeko beharrezkoa den azpiegitura eraikitzea baino askozaz ere txikiagoa izango litzateke eta, gainera, lursailen okupazioa eta lur mugimenduak ere arinagoak. Aurkakoek, berriz, gesalek -ur geza erdiesteko prozesu honek sortarazten dituen ur gazien hondakinak: honelako hondakinak suntsitzeko itsasoraino eraman eta bertan hustea beste biderik ez baitago, eta hori ere itsas bioaniztasunari erasotzea da- ingurugiroan eragiten duten inpaktua nabarmentzen dute. Egun eskuragarri ditugun ingurugiroko inpaktuaren gaineko azterlan urrien arabera, itsasoko ura gezatzen duten instalazioetako isuriek Itsas Gorrian hainbat arrain populazio murriztu eta planktona eta koralak suntsitu dituzte, Ras Hanjurah (Arabiar Emirerriak) lakuko itsas angiosperma eta manglareen desagertu dituzte, Key West-eko (Florida) lohiak kobrez eta nikelez dezente kutsatu dituzte.
Urte mordoa eman dute ikertzaileek itsasoko ura gezatzeko instalazioen energi kontsumo handia urritzeko ahaleginetan. Izan ere, gesalean bertan oin harturik energia sortzeko teknologia asmatu da dagoeneko: PE (Pressure Exchanger, presio-aldagailua) mekanismoak energia gesaletik elikatze-emarira daroa zuzen-zuzen, egungo fabriketako abiadura handiko ardatz birakariek dituzten etekin-arazo horiek nozitu gabe. Sistema hori praktikan jarrita, energia eta bestelako kostu ekonomikoen murrizpenak prozesu bitxi bat ager lezake: estreinakoz itsasoko ura hartu eta ur edangarria ekoiztea posible izan liteke bestelako bideetatik (urtegiak, erretenak, ur eroateak) erdiesten dena baino metro kubiko bakoitzeko prezio txikiagoa ordainduta. Horra hor, hain zuzen, polemika honek oraingoz konponbide ezaguna ez duen beste alderdi bat: zein ote da industrian gezaturiko metro kubikoaren prezioa eta zein Ebrotik beste ibai batera eroaniko urarena?
Centre d´Estudis Avançats de Blanes - CSIC (Espainiako Zientzi Ikerkuntzetarako Kontseilu Nagusia) erakundeko ikertzaileek kontuan hartu beharreko neurriak jakinarazi dituzte:
Itsasoko ura gezatzea energia berriztagarrien aplikazio erakargarri bihurtzen dute zenbait faktorek. Batetik, ur gezatu gutxi daukaten eskualde askok energia horietakoren baten -haizea eta eguzkia, batik bat- potentzial egokia daukate. Aldeko faktore bat, ur edangarriaren demanda handieneko sasoia eta aipatu berri diren energien eskuragarritasuna denboran bat datoz. Itsas ertzeko herri eta zentro turistiko ugaritan ur edangarriaren eskakizunak gora egiten du uda partean, turismoak eraginik, populazioa izugarri biderkatzen delako sasoi horretan. Uda da, hain zuzen ere, eguzki irradiazioaren eskuragarritasun handieneko garaia. Arrazoi horiengatik hainbat erakunde eta organismo ofizialek garatu dituzte -edota garatzen ari dira- energia berriztagarriekin funtziona dezaketen itsasoko ura gezatzeko sistemak hobetu eta lehiakorrago bihurtzeko proiektuak.
Itsasoko ur emaria, gezatzeko instalaziotik igarotakoan, populazioa hornitzeko eta landareak garastatzeko ur gozo bilakatzen da. Prozesu honetan, ordea, gesala osatzen da eta hondakin hori tartetik kendu beharra dago. Egiari zor, berrerabili ere egin liteke, gatz-ekosistema oso bat sortzeko edo, areago, instalazio hori ostera elikatuko lukeen energia erdiesteko.
Urari gatza erauzteko oinarrizko bi prozesu baliatzen dira eskuarki: destilazioa (lurruntzea) eta osmosia alderanztua (gatzak eta zikinkeriak geldiarazten dituen mintz erdi iragazgarri batean zehar pasarazten da ura, presio handia eraginez). Destilazioz diharduten instalazioetan isurketa -gesala, funtsez- araztutako ur bolumenaren halako zortzi edo hamarrekoa delarik, osmosi alderanztuz dabiltzan faktorietan hondakin bolumena txikiagoa da (arazturiko bolumenaren 2,5 - 3 aldiz baizik ez) baina gatz edukia handiagoa da, inondik ere. Kasu batean zein bestean, uraren tratamenduan baliaturiko produktu kimiko batzuk doaz isurketan (biozidak, anti-inkrustagarriak eta aparren kontrakoak).
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa