Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Psikologia

Λ

Bikotearen arazoak: monotonia: Aspertzeari izkina egin dakioke

Jarrera eta kanpo-jokaera zenbait aldatu behar

  Bikotean luze elkarrekin bizi izan diren kideentzat oso litekeena da egunerokotasunaren errutinak bien harremana sorpresarik gabeko inertzia bihurtzea. Egunak joan, egunak etorri eta ezer berririk gertatu ez, dena esana omen dago, sexua aspaldi ez da kontu berririk, isiltasunaren karga nabarmentzen da eta bestearen erreakzioak ederki ezagutzen dituela uste du bietako bakoitzak. Triangelua asperrak osatuko du, dudarik gabe.

Aspertzeari ere ihes egin dakioke, ordea. Emozio negatibo den aldetik, bizimodua huts eta adiera gabe sentitzera garamatza; jarrera pertsonal gisa, buruaren blokeoa eragin eta errutinako egoerari irtenbideak bilatzeko ekimena galarazten du. Pertsona batzuentzat asperturik egotea ohiko kontua bada ere, eskuarki eta gehienentzat inoiz edo behin egokitzen gara horrela, egokiera hori apatia eta bizi afektibo eta sozial eskasarekin dagoelako loturik. Nolanahi ere, aspertzeak etorkizunerako itxaropenak lausotu, pertsonarteko harremanak urritu eta ingurukoengatiko interesa itzali egiten du: horregatik egin behar diogu aurre. Itxuraz, bederen, segurtasuna emango dion eta arriskuetatik at utziko duen bizimodu erritual batean (errutinan) finkatu den pertsonak kemen apalagoz jardungo du. Jarrera indibidual hori pertsona horrentzat kaltegarri edo, nahi bada, mesedegarri gerta daiteke, baina bikotekidearekin bizi duenari arazoak dizkio, gatazka pertsonal eta komunak.

Asperrarekin bikotekideak duen harremana

Asperra motibazioaren (edo, zehazkiago, motibazio ezaren) ondorio da. Barne-motibazioa denean pertsona eragiten duena bere baitatik datorkio; kanpo-motibazioa bada, estimuluak ingurunetik datozkigu.

Barne- eta kanpo-motibazioa dagoenean azken emaitza onuragarria da, esker oneko emozioak gertatuko dira lehen edo geroago, eta aspertze hori aldarte esporadiko hutsa izango da. Barne-motibazioa izanik, ingurunea mesedegarri gertatzen ez denean, nekez edo oso nekez bada ere gizakia mugitu egiten da, eta ingurunea aldatzeko egin duen ahaleginaren ondorez, oso litekeena da apatian ez erortzea. Motibazioa kanpo aldetik badabil baina barne-dinamismoa falta baldin bada, gizakia mugitu egiten da baina "mugimendu" horren kalitatea eta iraupena eskasak ohi dira. Aspertzea ezinbestekoa izango da, kasik.

Ez kanpo- ez barne-motibaziorik ez dagoenean gizakia abulian, apatian eta motibazio ezean amiltzen da, aspertua bizi da, hitz batez.

Asperrarekin bikoteak duen harremana

Bikotekide guztiak dinamismo pertsonalez bizi direnean, bikotearen bizimoduko gorabehera errepikakorrek errutinarako bidea adierazten badute ere, egiazko elkarrizketa eta komunikazioa izanez gero, oso litekeena da bien artean elkarbizitza arintzeko bideak bilatzea.

Bietako batek barne-dinamismorik ez duenean bikotearentzat zama bihurtzen da eta beste bikotekideak aurrera ateratzeko ahaleginak egin eta ekimenak aurkeztuko ditu, onartuak izateko aukera gutxirekin, dena den. Egoera horretan nekea eta berrikuntzen bila abiatzeko kemenik eza ager daitezke.

Bietako bakar batek ere ez baldin badu aurrera egiteko kemenik, isilpeko kontsensu bidez bikotearen bidea elkarbizitza baimendu bihurtzen da: itxuraz modu duin baina sakonean, aspergarrian bizitzen segitzeko oinarrizko premiak betetzea izango da bikotearen helburu bakarra. Bi kideek betirako elkarrekin asper-asper eginik bizitzen segitzeko ituna sinatu badute ere, askotan bietako batek edo biek berrikuntza, ilusioa eta freskotasuna berriro ekarriko duen estimulua kanpoan bilatzen dute. Ez da zertan maitalea izan: batzuetan lana da, bestetan bietako baten lagunak, aspaldiko zaletasunak berreskuratzea, etc. Alegia, bikotekideak egiazko bizitza -suspergarria, behintzat- bikotetik kanpo dagoena dela konturatu balira bezala.

Beste askotan, asperra gehiago nozitu ezinik eta muturreko egoerarik -gatazka, liskar, istilu edo antzekorik- jazo ez bada ere, bikotea banandu eta bakoitzak bere bidea hartzen du.

Nola egin bikoteak aurre aspertzeari?

Lehenik eta behin, asperrari aurre egiteko, errutina arintzeko eta elkarrekin bizitzeko gogoa berpizteko interesa ezinbestekoa da. Eszeptikoak ez dira aldatzeko saiakerak egitearen oso aldekoak, dela egin diren saiakuntzek arrakastarik izan ez dutelako, dela norberak bere burua aldatu nahi izan ez duelako, beste kidea ere aldatuko ez dela argudiatuz.

Asperrari ihes egiteko eta elkarbizitza hobea bermatzeko hurrengoak bete behar dira:

Barne-jarduerak aldatzea

  • "Bere adinean" aldatu egin daitekeela sinetsi behar dute biek ere, etsi-etsian sinetsi ere.
  • Nork bere ahalmenetan sinetsi behar du; askotan ahalmen horiek ezezagun edo gutxietsiak ditugu.
  • Dagoeneko frogatu ez duen arren, bestea ere gauza asko egiteko gauza dela sinetsi behar du kide bakoitzak.
  • Garrantzi handia du norberak ezkutuan seguruenik dituen bertuteak atzemateak.
  • Norberaren baliozkotasuna aurkitze prozesu horretan makulu hartzeko profesionalengana jotzea ere komeni izan daiteke.

Kanpo-gorabehera batzuk aldatzea

  • Gauza berriak -erabat kontrolatu gabeak, seguru aski- gertatzeko arriskua "nozitu" behar da.
  • Sorpresari, txiki-txikia bada ere, eguneroko bizitzan bere txuloa uztea, ematen eta jasotzen duenarentzat esker onekoak dira eta.
  • Eszenatoki berriak bilatzea. Bestelako tokietara joatea, urtean behin bada ere.
  • Egintza kulturaletan harreman berriak sortzea.
  • Ezagutu gabeko zaletasun eta jolasak praktikatzea.
  • Horretarako ausart jokatu behar da, barregarri geratzearen eta sozialki kontrolatua izatearen beldurra galdu egin behar da, saiakera berri horietakoren batek porrot egiteko aukera onartuta: bi kideen porrota izango da eta.

Bikotea horrelako aldaketetan -bai jarrera pertsonalari dagozkionetan, baita gorabehera eta azturak bestelakotzean- murgiltzen denean, ezinbestekoa da lortu nahi den horretaz elkarrekin hitz egitea, hainbat gauza lortzeko: prozesua baloratzea, kide bakoitzak prozesua nola bizi duen ezagutzea eta bidez aldatzea edo aldakiak sartzea beharrezkoa den balioztatzeko. Noski, prozesu osoa zaintzen den neurri berean norberak eginiko aldaketa ere aintzat hartu beharra dago. Baina horretarako kontsensuz onartu behar dute bi kideek bakoitzak bere bizimodua nolabait bereiz egin behar duela, elkarbizitza barearen mesedetan. Bi pertsonak elkar maitatzeak esan nahi du, besteak beste, beste pertsonak bere espazioa izan dezan, bera izan dadin beharrezkoak diren espazioak bien artean sortzeko trebezia erakutsi behar duela bietako bakoitzak.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto