Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Ez funtzio gehigarri batzuek ez xigortzeko proban erakutsitako aldeek zuritzen dute prezioen arteko aldea
Zortzi ogi-xigorgailu elektriko aztertu dira oraingoan; horietako seik oso prezio berdintsuak dituzte: 18,23 eurotik (Taurus Planet II) 21,18 eurora (Fagor Alba TTE 750V); garestiagoetan, Bosch TAT 4301 28,56 euro kostatzen da eta Rowenta Sensor Electronic, 28,40 euro. Azterketa honetan kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Ufesa TT7915 laginak ematen du: merkeenetako bat izaki (19,90 euro), laborategiko test guztiak gainditu ditu eta gorritze-proban bera da denetan hoberena.
Ogi-xigorgailu elektrikoek ogia azkar eta erraz xigortzen dute, sukaldea zikindu gabe eta inolako gantzik erabiltzeke. Horregatik aldarazi dute ogia paderan olio tanta batekin xigortzeko ohitura.
Egun, hiru ogi-xigorgailu mota eskaintzen ditu merkatuak: lauek era guztietako ogi eta opilak xigortzen dituzte baina berotasunaren parte handi bat alferrik galduta eta, gainera, erabiltzaileak eskuz biratu behar du produktua. Bi artekadunak bi ogi xerra aldi berean xigortzeko berariaz diseinatuak daude. Eta arteka bakarrekoak, bertan xerra edo opil lodiagoak sartzen direlarik. Azterketa honetako zortzi ogi-xigorgailuak bi artekadunak dira, gehien saltzen direnak, alegia.
Ogi-xigorgailu baten alderdi garrantzitsuetako bat toki handirik ez betetzea da. Denetan txikiena Philips da (27x17x15cm), ondotik Taurus eta Ufesa datozkiola; handienak, berriz, Rowenta eta Moulinex dira. Haria zenbat eta luzeago izan, orduan eta libreago ibiliko da erabiltzailea aparatua entxufetik urrun ipintzeko. Hari luzeena Philips laginak du (116 zentimetro) eta denetan laburrena Moulinex laginak (75 zentimetro). Aparatu guztien behealdeetan biltzen da haria, Solac laginean izan ezik, honek haria biltzeko sistemarik ez du eta.
Aparatua behar bezala garbitzeko funtsezkoa da ogiak pusketa txikiak galdu ahala xigorgailuaren hondoan geratzen diren apurrak biltzeko azpil antzeko bat edukitzea. Bestela, pusketa horiek pilatu eta kiskali egin daitezke aparatu barruan. Ogi-xigorgailu guztiek daukate garbiketa errazteko horrelako azpil bat baina Moulinex laginaren sistema gainerakoez bestelakoa da: daukan tranpa zabal eraisgarriak, teknikarien iritziz, xigorgailuaren garbiketa eragotzi egiten du.
Tenporizadoreari esker ogi xerrak xigortzeko denbora programatu egin daiteke. Ogi-xigorgailuak zenbat eta posizio gehiago eduki, orduan eta xigortze-aldia zehazteko eta, horrenbestez, azken emaitza hobetzeko aukera egokiagoa da. Ufesa, Rowenta, Fagor eta Bosch laginen tenporizadoreek sei posizio dituzte eta Moulinex, Solac, Philips eta Taurus markakoek, zazpi.
Adierazitako xigortze-denbora bukatutakoan eragiketa gelditu eta ogi xerrak automatikoki ateratzen dira bertatik. Hortaz, ogi xigortua jasotzeko ekipo guztiek (Moulinex, Solac eta Fagor laginek izan ezik) dauzkaten belarriak erosoak dira baina ez ezinbestekoak. Zortzi ogi-xigorgailuetako lauk (Moulinex, Rowenta, Philips eta Taurus) ogia xigortu ez ezik, ogi izoztua ere xigortzen dutela diote. Nolanahi ere, adierazi edo ez adierazi, denek desizozten eta xigortzen dute ogia, gehieneko potentzian eraginez gero.
Desizozte funtzioaz gainera Moulinex eta Rowenta laginek ogia, xigortu gabe, berotzeko aukera ere ematen dute.
Ufesa, Rowenta eta Taurus laginek eskaintzen duten erdiratze automatikoari esker ogi xerra beti dago sarexkaren erdialdean, xigortzearen homogeneotasunaren mesedetan. Deskonexio automatikoak (Moulinex, Solac eta Bosch), tenporizadorean programatutako denbora amaitutakoan ogi-xigorgailua itzali egiten du, ogia sarexkan badago ere. Xigortze gradua ikusteko belarriei helduta ogia altxatuz gelditzen den aparatu bakarra Moulinex da; gainerakoetan "stop" botoia kalkatu behar da. Rowenta eta Bosch laginek opiltxoak berotzeko mekanismoa daukate.
Philips da itzaltzeko etengailu nagusia daukan bakarra: honi esker, ogi-xigorgailua entxufaturik ere, ogi-xerrak sartzean pizteke egon daiteke (seguruagoa da, haurrak dabiltzan tokietan). Bakar batek ere ez dauka funtzionamendua adierazteko argi-seinalerik, ezta ogia bero mantentzeko edota ogia alderdi bakar batetik xigortzeko aukerarik ere.
Zortzi tenporizadoreetan programaturiko denbora aparatua martxan dabilela ere alda daiteke eta aparatu guztien kanpoko paretak hotzak direnez (material termo-isolatzaileez babestuta daude, alegia), erredurak gertatzeko arriskua arindu egiten da. Laburtuz, Rowenta da denetan handiena baina, aldi berean, prestazio gehien ematen dituena. Funtzio gutxien dituztenak Fagor eta Solac dira.
Elektrizitatearen gehieneko kontsumoa lagin guztietan adierazitakoa baino txikiagoa da, Taurus aparatuan izan ezik: honetan zerbait handixeagoa da, baina arauak onartzen dituen mugen barnean dago (lagin horren kontsumoa adierazten duena baino 16 W handiagoa da). Moulinex (685,7 W) eta Taurus (716W) dira elektrizitate gutxien kontsumitzen dutenak eta Ufesa (841W) eta Bosch (814,2W) kontsumo zerrenda honen beste muturrean agertzen dira.
Ñabardurak ñabardura, ogi-xigorgailu guztiek gainditu dute honelako etxetresna elektriko txikiak baliatu ohi dituzten sei kontsumitzailek eginiko erabilera proba. Puntuazio onenen eta txarrenen artean alde txikiak erakusten dituzte balorazioek. Denek "ongi" nota lortu zuten, ñabardura txiki batzuekin: Philips, Fagor, Taurus eta Bosch laginek 5 puntutik 3,8 irabazi dituzte; puntuazio kaskarrenak Solac eta Moulinex aparatuak eraman dituzte: 3,3 eta 3,4 puntu, hain zuzen.
Fagor nabarmendu da bere eskuliburuaren argitasun eta erabilgarritasunagatik; Taurus, Bosch, Rowenta eta Ufesa, beren kanpoko itxura eta bukaeragatik; Philips, Fagor eta Taurus, neurri eta pisuarengatik. Moulinex da aginteak nahasgarrien dauzkana. Erabiltzeko erraztasunagatik Rowenta, Fagor eta Bosch azpimarratu ditu epaimahaiak; Philips eta Bosch laginetatik ateratzen dira ogi xigortuak errazkien eta Moulinex egokiena da haria gordetzeko unean, garbitzeko erraztasun aldetik "erdipurdi" baino kalifikazio hoberik lortu ez badu ere (azpiko tranpatxoak aparatua okertu eta astintzera behartzen dio erabiltzaileari, behar bezala garbitzeko). "Erdipurdikoa" baizik ez zuten eraman Rowenta eta Solac laginek haria gordetzea zaila gertatzen zelako (Solac aparatuak ez du haria biltzeko sistemarik eta Rowenta laginaren sistema gainerakoena baino aldrebesagoa da).
Zortzi ogi-xigorgailuek daukate argibideen eskuliburua, bertan legez eska daitekeen informazio guztia agertzen delarik: segurtasunari buruzkoa, eta aparatuaren instalazioaz, erabileraz, mantenuaz eta garbiketaz). Bestetik, eskaintzen duten bermearen iraupena (legeak bi urte xedatua badu ere) ez da denetan berdina: Fagor laginak sei hilabete baino ez du ematen, Bosch laginak urtebete, Solac markakoak bi urte eta Taurus aparatuak, hiru urte (azken bi ogi-xigorgailu hauetan erabateko bermea bi urtekoa bakarrik den arren).
Nolanahi ere, berme-agiria oker badago ere, arauak finkatua duen bi urteko bermea dauka erabiltzaileak beti.
Proba guztietan moldeko ogi berbera erabilita, aparatu bakoitzak posizio desberdinetan lortzen duen xigortze-graduari erreparatu zion laborategiak.
Aparatu hauen segurtasunari dagozkion alderdi guztiak laborategian neurtu dira eta zortzi laginek gainditu dituzte proba guztiak. Areago, pizte-probaren (ogi-xigorgailuetara hari gori bat gerturatuz 30 segundotan) eta funtzionamendu anormaleko probaren (potentzia nominala baino handiagoan jardunez) normaltasun osoz funtzionatzen segitu zuten. Konektatzeko hari elektrikoan interferentziarik sortarazten ez zutela egiaztatzeko egin zitzaien elkargarritasun elektromagnitikoko proba ere gainditu zuten denek.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa