Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Gizakiak ez du igeri egiten sen hutsez. Uretan mantendu eta aurrera egiteko trebezia ikasi beharrekoa du. Igerian egitea alferrikakotzat jotzen zuten denek XX. mendea ondo sartu arte (baita itsasoko arrantzaleek ere). Egun, ordea, igerian ikastea lehentasunezkoa da. Igerilekuak ugaritzeak eta uda parteko aisialdiaz gozatzeko eskuarki itsasaldeak, urtegiak, lakuak eta ibaiak aukeratze horrek adierazten digu den-denok uretan seguru sentitu ahal izateko beharrezkoa den ezagutzaz jantzi behar dugula -ume txikietatik pertsona edadekoetara-.
Estatistikek erakusten digutenez, igerian ez dakiten pertsonen kopurua azken hogei urtean murriztu bada ere -pertsona gazteen artean, batik bat-, ugariegi dira oraino besakada batzuk joz eroso sentitzeari uko egin dioten gizon-emakumeak. Igeri egiten ikastea, izan ere, ez da gozatzeko aukeraz baliatu nahi izate hutsaren ondore: Espainian itomena da haurren heriotzen zazpigarren kausa; heriotza istripu orokorren eskalan, berriz, uretan gertatzen direnak bigarren tokian agertzen dira, trafiko istripuen ondotik.
Igerian zenbat eta lehenago ikasi, orduan eta errazago gertatzen da baina, halaz ere, zeinahi adinetan ikas daiteke. Heldua eskutik eramango duena pertsona aditua izatea komeni da, ikaskuntza sendoa bermatuko baita horrela. Ikaslea gaztea baldin bada eta uraren aurrean bidezko errespetua baino sentitzen ez badu (alegia, beldurra eragin liezaiokeen istripurik nozitu ez badu), senitarteko edo lagun batek irakats diezaioke baina, eragozpenik txikiena topatutakoan, eskola espezializatu ugarietako batera jotzeko une egokia izango da. Ondo taxuturiko hamar ikasgai emanik, igerian ikasi egin daiteke. Ikasi beharrekoa, dena den, ez da uretan aurrera egitea, arnasketa koordinatu eta ur azalean mantentzea baizik.
Umetxoak jaiotze unetik bertatik uretan ohitzea komeni den arren, lau urte bete aurretik txikiegi dira uretan autonomiaz mugitu eta igeriketako mugimenduez jabetzeko. Horregatik pediatrek aholkatzen dute nini direnean bertan irakasten hastea, kontu garrantzitsu bat gogoan izaki: igeriketa programek ez dute bermatzen haurtxoaren autonomia; beraz, nerabezarora heldu bitartean, hobe da pertsona heldu batek neskato-mutikoak zaintzea.
Hastapen prozesua traumatikoa gertatu ordez, ahalik eta oparoen izan dadin, ura jolas elementu natural gisa aurkeztu behar zaio umeari etxean hartzen duen lehendabiziko bainutik hasita. Pittin bat kostatzen bada ere, gurasoei aholkatzen zaie, seme-alabaren aurpegia garbitzeko belakia erabili baino hobe dutela burua urpean sartzea. Umeak urpean arnasarik ez hartzea arraro eta beldurgarritzat jo ez dezan lagunduko du praktika horrek.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa