Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Egun 8.000 arbola espezie desagertzeko zorian daude munduan -berezko izaera basatian bederen-, eta horietatik 976 kinka larrian. Ingurumenaren alorrean diharduten hainbat erakundek, hala nola FFIk (Nazioarteko Flora eta Fauna) eta PNUMAk (NBEko Ingurugiro Agentzia) martxan jarri duten kanpainaren helburua baso iraunkorrak sortzeko plana finkatzea da. Plan hori gorpuzteko tresneria eraginkorra Arrisku Larrian dauden Espezieen Munduko Atlasa osatzea izango da. Ikerlarien arabera, tropikoetan arbola espezie arraro ugari suntsituta daude funtzionalki eta, aditu horiexen kalkuluetan, nazioarteko merkatuan dabilen tropikoetako egurraren ia erdia legez kanpo ebakia da. Beste aldetik, 1960 eta 1990 urteen artean baso tropikalen %20tik gora desagertu zirela uste dute (Asian %33 eta %18 Afrika eta Amerika Latinoan). Egun, Amazoniaren deforestazioa duela hogei urte baino azkarrago doa (arazoak mundu zabalean kezka piztu zuen garaian baino azkarrago, hain zuzen). Datu horiek gorabehera, dena den, basoen galerari eman behar zaion arreta eskaini gabe segitzen dugu, geurean.
Tokian tokiko eragin kaltegarriak: basoetan edo basoen ustiakuntzatik bizi diren herrientzat, kultura autonomo diren heinean, beraiek bizirik irauteko aukerak amaitzea ondorioztatzen du deforestazioak. Desnutrizio arazoak agertzen dira aurrenik (basoetan dauden funtsezko elikagaiak falta baitira), gaixotasunak eta emigrazioa biderkatzen dira ondoren, eta komunitatea bera ere suntsitu egiten da, azkenean.
Eragin kaltegarri erregionalak: basoak ur, lur, flora eta faunaren iraupena bermatzen duelarik, basoa soiltzeak uholde gaitzak dakartza beti: lehorte latzak, lurren erosioa eta ubideen kutsadura larritu egiten da eta, horrekin batera, oreka ekologikoa hausten denez, izurriteak agertzen dira. Horrek denak hainbat produkzio jardueratan ditu ondore kaltegarriak: nekazaritzan, abeltzaintzan, arrantzan, etc.
Eragin kaltegarriak planetan: klimaren bilakaeran basoak eginkizun biziki garrantzitsuak betetzen dituenez, basoa galtzea gizateria osoak du kaltegarria. Alde batetik, basoen landare masa itzelak osoko klima erregulatzen laguntzen duelako, bai prezipitazio kontuetan, bai tenperatura eta haizeei dagokienez; beste alde batetik, karbono erreserba eskerga den neurrian, basoa desagertzeak negutegi efektua larritzea ondorioztatzen duelako; azkenik, basoa planetako biodibertsitatearen parte handi baten babestoki denez, basoa soiltzean makina bat animalia eta landare espezie ere betirako galtzen direlako.
Lehen-lehenik, deforestazio prozesu jakin hori eragin duten zuzeneko eta zeharkako zergatiak eta bertan esku hartutako aktoreak zehaztea, identifikatzea, eta konponbidea emateko neurri estrategikoak jartzea. Baso Ziurtagiria (FSC) ezartzeak lagunduko du basoaren aldeko mugimendu honetan: merkatu agiri horren bidez, egurra edota beste edozein baso produktu (kortxoa, erretxinak, etab.) arduraz eta era jasangarrian kudeatutako baso batetik datozela frogatu eta bermatzen zaio kontsumitzaileari.
Adena/WWF gobernuz kanpoko erakundearen iritziz, deforestazioa eragile askok galaraz dezakete:
Gizakiaren eskuak eraldatu ez dituen azalera eskergako ekosistemak baso primarioak dira eta, horrenbestez, planetako jatorrizko basoak izan ziren haien hondartzat jotzen dira. Lurrarentzat eta bertako biztanleentzat berebiziko garrantzia badute ere, azkar asko desagertzen ari dira, behin betiko desagertzen, gainera, Greenpeaceren arabera. Baso primarioen %75etik gora hiru area handitan kokatzen dira: Kanada eta Alaskako baso borealetan, Errusiakoetan, Amazoniako baso tropikaletan eta Guyanetako ezkutuan. Espainian ez dago jada baso primariorik baina, hala eta guztiz, bada oraino gizakiaren eskua iritsi gabeko hainbat gune, Pirinioetan edota Kantauri mendilerroan, adibidez. Espazio horiek txikiegiak direnez, ezin daitezke baso primariotzat hartu baina, halaz ere, funtsezkoa da baso zahar helduak bere horretan kontserbatzea, Penintsula Iberikoko basoetan arrisku larrian dagoen baso biodibertsitatearen parte handi baten babestoki direlako.
Txile eta Argentinako Patagoniaren ikurra da araukaria izeneko arbola. Munduko bazter gutxitan bizirik iraun duelarik, Hego Amerikako toki lakar horretara egokitu da, hain zuzen. Hantxe, ia-ia ezin jasanezkoak diren haize eta tenperaturak nozitzen dituzten tokietan zuhaiño sendo eta gogorrenek bakarrik paira dezaketen arren, araukaria haziz eta haziz etorri da, adar zorrotzekin zerua harrapatu nahian. Araukari basoek itsas mailatik 1.000 metrotik gora irauten dute, milurteko erdi edo osoko bizitzan (Hego Amerikako araukariarik zaharrenek 3.000 urte dituzte) bilakaera mantso-mantsoa agertuz, baina 40 metroraino ere iristen dira. Latitude horietan gertatzen diren suteak eta, nola ez, egurraren kalitate aparta dira arbola hori pixkana desagertzea eragiten ari direnak.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa