Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

PC isilak: Isiltasunaren bila

Potentzia handia dela medio, egungo ordenagailuak askoz ere zaratatsuagoak dira

  Egungo mahai gaineko PC aparatuak duela urte batzuetakoak baino hamar aldiz azkarragoak dira. Datuak prozesatzeko abiadura horren kostua ez dugu dirutan ordaintzen, bai ordea dezibeliotan, zarata dezente handiagoa sortzen dutelako. Zenbat eta potentzia handiagoa, orduan eta bero handiagoa sortzen da eta, bero horrek osagaiak urtu ez ditzan, hozketa sistema hobea erabili behar izaten da (haizagailu gehiago, batez ere). Horrez gainera, dar-dar dabiltzan panelez osaturiko kutxa gaizki diseinatuek, berebiziko abiaduran biratzen duten disko gogorrek, CD eta DVD irakurgailu ultra azkarrek edota berariazko egurastea eskatzen duten txartel grafiko indartsuek ere zarata eta burrunba handiak sortzen dituzte maiz.

Horregatik, erabiltzaileak ordenagailua eskuratzean kontuan izan behar duen informazio pila itogarri horretan aparatuari darion zarata ere gogoan hartzekoa izango du, egunean ordu askotan pizturik mantendu nahi badu edo, era berean, logelan edo jantokian kokatu nahi badu batik bat (DVDak erreproduzitzeko, adibidez). Dena den, etxean ordenagailu zaratatsua baldin badaukazu ere, ez du zureak egin oraino, aparatu nekagarrienak isilarazteko berariazko osagaiak salgai baitaude merkatuan.

Isiltasuna, prestazioei uko egiteke

Hots mailak ordenagailuaren potentzia eta kontsumoarekin lotura zuzena duenez, arazoari konponbidea berehala bilatuko diogu: errendimendu apaleko PC bat eskuratuko dugu, erabiltzaile gehienentzat nahikoa baita. Egiari zor, "jostarienek" edo, bestela, PC hori diseinu grafikoa edo bideo edizioa egiteko nahi dutenek izaten dute prozesagailu indartsuen premia, azken belaunaldiko aurrerakuntzak instalatzeko. "MiniPC" edo "barebone sistema" izenekoek, esate baterako, tamaina txikian prestazio politak eskainiz, zaraten emisioa eta elektrizitate kontsumoa %90 murrizten dutenez, dezente ekologikoagoak dira. Ekipo horiek duten arazo larria zabaldu edo handitzeko aukerarik eza da, den-dena "integratuta" daukatelako, praktikan.

Belarri ertza zigortu gabe ordenagailuari etekin politagoa atera ahal izateko, PC horren osagaiak hautatzeko unean erne ibili beharra dago; bestela, zarata arazo bihurtu denean, soinu hori zein osagaik sortarazten duen identifikatu eta, horren ordez, beste bat, isilagoa, ipini behar da. Ez ahaztu, ordea, aldaketa egitea ere arriskutsua gerta litekeela: ekipoak gehiegizko beroa nozi ez dezan hozketa sistema arreta handiz begiratu behar izaten denez, zeinahi osagai aldatzean (haizagailuak edo bero xahutzaileak kentzean, adibidez), izan dezagun beti gogoan ekipoak duen tenperatura. Alderdi hori aise zain daiteke Motherboard Monitor (http://mbm.livewiredev.com/) eta antzeko programekin, esate baterako.

Kutxa adimentsuak

PC baten hardwarean (erraietan) atzaparra sartzea ez du zeinahi erabiltzailek eskura beti. Zaratak isiltzeko konponketa batzuk (haizagailuetakoren bat itzaltzea edo beren boltajea urritzea, abiadura mantsotzea edo tamaina handiagokoak ezartzea, mantsoago biratzean hotz gutxiago egin dezaten, adibidez) ez dira bat-batean hartu beharreko erabakiak. Ordenagailua berotzen bada oso litekeena da luze gabe zeharo hondatzea. Horregatik, PCa isiltzea nahi badugu, espezialistarengana jo eta hari bere iritzia galdetu beharko diogu.

Hona konponbide soilago bat, aukeran: elementu bakoitzean baliokide isila (baino garestiagoa) erabiltzea. Egiazko bero-xahutzaile gisa funtzionatzeko diseinatuta daude dorre edo kutxa batzuk eta, horri esker, haizagailuen premia txikiagoa izaten dute; beste batzuek, berriz, barruko zaratak ito egiten dituzte. Elikatzeko iturria izaten da batzuetan PCaren osagai zaratatsuena baina hori erraz isil dezakegu: ordenagailuak fabrikatik dakartzan 500 w baino potentzia handiagoko elikagailuak ia inoiz ez dira beharrezkoak izaten; areago, modelo aurreratu zenbaitek ez dute haizagailuren premiarik. Bero-xahutzaileak eta ur bidezko hozketa dira egunetik egunera haizagailu burrunbatsuen gainetik nagusitzen ari diren sistemak.

Badira, era berean, bereziki isilak diren disko gogorrak eta disko horiek biratzean eragiten dituzten bibrazioak isolatzeko mekanismoak ere (zenbaitetan 10.000 bira minutuko izaten dute). Amaitzeko, kontuan har dezagun bere haizagailu propioa eskatzen duen txartel grafiko indartsua sartzea merezi ote duen ala, aukeran, hozketa sistema alternatiboak dauzkatenak eskuratzea interesgarriago ote den.

Konponbiderik soilena distantzia da: PCren eta belarriaren artean kokatzen den edozerk hotsa apalduko duenez, unitatea guregandik urrutiratzea (monitore, teklatu eta saguaren hariak luzatuta), mahai azpian ezkutatzea, armairu batean itxi edo beste gela batean kokatzea (are balkoi itxi batean ere, baina horrelakoetan egokiena da CD-ROMen irakurle eramangarri bat edukitzea). Hona beste irtenbide bat: PC bibrazioak absorbitzen dituen material baten gainean kokatzea edo, kasu larrienetan, unitatea material isolatzailearekin forratzea. Ordenagailu zaratatsua apaltzeko erabiltzen den sistema zeinahi izanik ere, belarriek eskertuko dute -eta nerbio sistemak-.

Giza belarriaren min atalasea (jasan daitekeenaren ertza) 140 dezibeliotan dago, hots, hegazkin batek gugandik 30 metrora aireratzean egiten duen hotsa. Hortik hasi eta 15 dezibelioraino zabaltzen den zerrenda horretan sartzen dira gizakiak entzun ditzakeen bibrazio guztiak (hortxe hasten gara soinua hautematen).

Konputagailuen abiadura azkartzea, energiaren kontsumoa eta bero eta hots mailak igotzea eskutik etorri dira. Duela hamar urteko Pentium 100 modeloak 10 watt kontsumitzen zituen, eta handik zortzi urtera merkaturatu zen P4 a 2.0 GHz makinak 75 watt irensten zituen. Prozesagailu moderno ahaltsuek (100 wattetik gora), disko gogor azkarrek eta azken belaunaldiko jokoak eragiten dituzten txartel grafikoek PC batek 60 dezibelio "harrotzea" lortu dute, hau da, jatetxe burrunbatsu batean bezainbesteko zarata, baina ordenagailu tipikoak 35 eta 45 dezibeliotan dabiltza. Hortik beherako soinua egiten badu zureak harro egon zaitezke zure konputagailu isilaz. Dena den, ahaleginak eginez eta hozketa sistemako haizagailuak kenduta, 15 edo 20 dezibeliotik gorako soinurik egingo ez duen PCz gozatu ahal izango duzu, inondik ere ez baituzu entzungo.

PC lasaia

  www.quietpc.com
Oinarriko plakak, txartel grafikoak, disko gogorrak, CD eta DVD irakurtzeko eta grabatzeko osagaiak... era guztietako osagai isilak, PCk molestiarik harrotu gabe jardun dezan lanean.

Isiltasunezko soinuak

  www.silentpcreview.com
Beharbada, maiteen ordenagailu isila duen erabiltzailearentzako orririk osatuena: oharrak, artikuluak, test ugari eta konparatiboak.

Hardwarearen mugak

  www.hardlimit.com
"Hardware huts-hutsa": PC mugaz haraindi ere ustia dezaketen ordenagailuen fanatikoentzat bakar-bakarrik.

'Modding'

  www.shilmar.com
Automobiletan tunning indarrean edo modako jarri den bezala, informatikan haren baliokideak dira modding-a (PC pertsonalizatzea) eta overclocking-a (ordenagailua jatorrizko prestazioetatik haratago azkartzea, ekipoaren osotasuna arriskuan ipiniz).



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto