Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Duela hamar bat urtez geroztik Alemania, Holanda, Suitza eta Finlandia Eco Driving programa garatzen ari dira, ibilgailuen gidaritza ekonomikoagoa erdiesteko. Europako Batasunak programa hori estatu kide guztietan ezarri nahi du hurrengo hamar urteetan, gidariak erregaia aurreztu eta, bide batez, ingurugiroarekiko errespetuzko jarrera ager dezan. Prezeptu horiek gida baimena eskuratzeko ikaskuntza sisteman eta ibilgailu asko dituzten enpresa eta erakundeentzako ikastaroetan sartzeko aukera ikertzen ari dira adituak. Espainiako Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak eginiko kalkuluen arabera, Europako Batasunean urtean kontsumitzen den erregai guztiaren %1eko aurrezki iraunkorrari esker hiru milioi litro aurreztuko lirateke, eta ez litzateke 900.000 tona CO2-ren igorpena egingo: hori guztia urtean 300 milioi euroko aurrezkia litzateke. Espainiako aurrezkia 1.850 milioi eurokoa izan liteke, hau da, erregaietan adierazita, 700 milioi litro gasolio eta 1.650 milioi litro gasolina. Aurreikuspen horien arabera, gidari bakoitzak urtearen buruan 160 euro gehiago edukiko lituzke gidaritzan hainbat arau beteko balitu.
Gidari goazenean, energia aurrezteko eta segurtasuna hobetzeko helburuz, hainbat ohitura hartu eta mantentzea garrantzizkoa dela berretsi duten azterketa ugarietatik, 1999 urtean Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutu (EDAI) espainiarrak eginikoa da azpimarratzekoa. Proba hori egiteko marka eta modelo berbereko bi automobil erabili ziren, eta hirian egin beharreko ibilbidea betetzeko erregai kopuru berbera sartu zen bien deposituetan. Hona agertutako emaitzak: kontuz gidatu zuenak 100 kilometroko 9,8 litro gastatu zituen eta gidaritza oldarkorra praktikatu zuenaren autoak 17,5 litroraino irentsi zituen 100 kilometroko. Adituek gidaritza ekonomikoa egiteko teknikak injekzioko motor modernoei lotuta daudela berresten badute ere, Espainiako Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren esanetan, aurrezkia ibilgailua martxan jartzean bertan hasten da.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa