Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Arrantza neurrigabe ustiatzea: Gehien kontsumitzen diren espezieak, agortzeko arriskuan

 

Egungo arrantzari buruzko datuak argi emaileak dira eta, hein berean, kezkagarriak. Mundu zabaleko arrain espezie komertzialen %60 gehiegizko ustiapena nozitzen ari dira edo dagoeneko agortuta daude, eta arrantza baliabideen %25 bakarrik hartzen ditugu iraunkortzat. Aurreikusitako hazkuntza demografikoaren ondorioz, munduan arrain kontsumoak maila horretan segitzen badu, 2010erako urteko harrapaketak 120 milioi tonakoak izango dira. Horrek esan nahi du, 1990eko hamarkadaren aldean, 75 edo 85 milioi tona gehiago harrapatu beharko direla.

Panorama kezkagarri horretan, WWF/Adena erakunde kontserbazionistak adierazi duenez, egun Atlantikoko ipar-ekialdean dabiltzan arrain komertzial nagusien hirurogei populazioetatik berrogeik gehiegizko esplotazioa pairatu izanaren ondorioak nozitzen dituzte. Europar Batasuneko arrantza ontziteriak duen gaitasuna legezkoa baino %40 handiagoa da gutxienez. Erakunde horrek behin baino gehiagotan salatu izan du harrapatutako arrainen herena kareletik itsasora bueltatzen direla (hilik, maiz), harrapatu nahi ez zen espezie batekoak direlako, txikiak direlako edo finkaturiko kuotaz gainera egingo duelako mordo horrek.

Baliabideen murrizketa

Arrantza industriala arrain espezie komertzialek beren burua ugaltzeko duten gaitasun apartaz hornitzen da, funtsean, ugalketa masiboaren bidez egiten diotelako aurre itsasoko hilkortasun tasa handiari espezie horiek. Teoria, beraz, soil-soila da: ekoizpenen soberakin horren parte bat har dezakegu, non eta epe luzera espeziearen biziraupena arriskutan jartzen ez dugun. Arazoa gehiegizko harrapaketa egiten denean sortzen da, horrelakoetan galerak ezin oreka daitezke-eta erritmo berean. Gertatu ere, horixe gertatu da: gehiegizko arrantzak baliabide asko eta asko agortu egin ditu eta arrain espezie ugari desagertzeko zorian daude, bere burua ugaltzeko gaitasuna benetan urria izaki. Gehiegizko ustiakuntzak dakarren arazoa ez da bakarrik espezie bat edo batzuk betiko desagertzea, oreka ekologikoaren aldaketa latza eragitea baizik, espezie horietako bakoitzak katea trofikoan berariazko zeregina betetzen baitu.

Gehiegizko arrantzaren zergatiak

Arrantza baliabideak murrizteko eta horiek gehiegizko esplotazioa egiteko arrazoi nagusia floten ahalmena kontrolatu eta mugatzeko gaitasunik eza da.

  • Ontzi gehiegi, arrain gutxitxo: arrantza ontzien ahalmena gehiegizkoa da eta baliabideak, aldiz, gero eta urriagoak.
  • Azkar agorturiko arraintokiak: arraintokia aurkitzen denetik neurri gabe ustiatzen den arteko tartea geroz eta laburragoa da.
  • Europar Batasunaren arrantza politika: Europar Batasunak bertako arrantza flotari urtero-urtero 1.400 milioi euroko laguntza ematen dio. WWF erakundearen arabera, diru kopuru horren parte handi bat arraina harrapatzeko gaitasuna areagotzera doa. Noski, Europako arrantza ontzien arazo behinena gehiegizko ahalmena denean, ez dirudi oso logikoa denik Europar Batasuneko Fondo Estrukturaletatik (IFOP Fondoak) munta handiena arrantza ontziak egin eta modernizatzera bideratzea.

Gehiegizko arrantzaren inpaktua

Itsas inguruneari eragiten dio

Arrantzak eginiko ahalegin eskerga horrek arrain espezie asko desagertzeko zorian jarri ditu baina, horrez gainera, maltzurkeriaz eta okerreko jardueraz eginiko arrantza izan da itsas ingurunearen hondamendia eragin duen zergati nagusietako bat. Itsas hondotik sarea -bere berun, kable eta guzti- arrastean ekartzeak itsasoko habitat asko agortu egin ditzake. Hona adibide argigarri askoa: tamaina ertaineko herrestako sare bat Mediterraneoan orduko 363.000 posidonia kimu suntsitzeko gauza da (itsas hondoan hazten den landarea).

Arrain espezie batzuk arriskutan

Ipar-ekialdeko Atlantikoaz 1999an egin zen azterketa baten arabera, 60 espezie komertzialenetatik 40 "segurtasun muga biologikoetatik kanpo" zeuden, hau da, neurrigabe harrapatzen ditugula arrain horiek: aspaldiko ezagunak ez ezik -bakailaoa, atun gorria, mihi arraina, legatza-, beste batzuk ere trantze larri horretan bizi omen dira, hala nola zapoa, oilarra, arraia eta beste batzuk. Mediterraneoan harrapatzen diren espezieetako asko, desagertzeko zorian ez badira ere, egoera latzean daude: legatza, atun gorria, barbarina eta zigala, adibidez.

Ezusteko harrapaketak eta bazterketak

Itsasoko espezie batzuk harrapatzen ez badira ere (itsas ugaztunak, hegaztiak, dortokak eta beste hainbat espezie), ohiko kontua da arrantza aparatuek horiek atzitzea. Harrapatuz gero itsasora itzultzen ditu arrantzaleak baina, gehienetan, hilik. Horrelako zerbait jazotzen da merkatuan bidezko prezioa egiteko txikiegi gertatzen diren arraintxoekin edo, nola ez, legez baimenduriko gutxienezko neurriz azpikoekin.

Garapen bidean dabiltzan herrialdeak ere, arriskutan

Europar Batasunak emaniko dirulaguntzek europar ontziak garapen bidean datozen herrialdeetako kostaldeen parean arrantza egitea sustatzen dute, hala nola Amerika Latinoan eta Afrika Mendebaldean. Arrantza modu horiek -maiz, jasangarri edo iraunkor ez izaki- amenazozko jarduerak dira bertako arrantzale komunitateentzat, horiek arrantza baitute elikagaia ekartzeko iturri behinena.

Arraina kontsumitzen duten herrialdeak

  Mundu zabalean harrapatzen den arrantzaren %75 inguru giza kontsumora bideratzen da. Gainerakoa, berriz, arrain olio eta irin bihurturik, aziendarentzako zuhain, batez ere, eta piszikulturako elikagai izango da. Populazio eskergak eta gizaki bakoitzeko arrain kontsumo handia uztartzen dituen Asia amaiezin hori da, inondik inora, arrain gehien kontsumitzen duen eskualdea. Ondotik Europa zaharra datorkio. Garatutako herrietan arrain gehiago kontsumitu ohi da garatzen ari direnetan baino, salbuespenak nabarmenak diren arren.

Consumo de pescado*

  • Maldivak 140 Kg laguneko eta urteko
  • Islandia: 91 Kg laguneko eta urteko
  • Japonia: 70 Kg laguneko eta urteko
  • Portugal: 59 Kg laguneko eta urteko
  • Txina: 57 Kg laguneko eta urteko
  • Malaysia: 56 Kg laguneko eta urteko
  • Norvegia: 47 Kg laguneko eta urteko
  • Espainia: 37 Kg laguneko eta urteko
  • Txile: 28 Kg laguneko eta urteko

* Elikaduraz arduratzeko Nazio Batuen Erakundeak emaniko datuak (FAO)

Akuikultura, gehiegizko arrantzaren alternatibetako bat

  Mundu zabalean abiadura bizien daraman elikagaien ekoizpen sektorea akuikultura da. Piszifaktoriako ekoizpena, 1984az geroztik, urteko ia %10eko tasarekin ugalduz etorri da. Geroz eta elikagai eta diru sarrera garrantzitsuagoa da akuikultura, eta gerora elikaduraren berme behinenetako bat izango da: mundu osoan kontsumitzen den arrainen laurdena baino gehiago lehorrean ekoizten da, sistema horren arabera. Landutako espezie nagusia Laminaria japonica da (urtean 4 milioi tona baino gehiago). Ondotik hainbat motatako karpak, ostra portugaldarrak, beira japoniarrak, almeja fin japoniarrak eta izokinak datoz.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto