Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

Windows, Mac OS eta Linux-en arteko aldeak: Bakoitzak premia jakin batzuk asetzen ditu

Aukeratzeko unean, ordenagailua nola erabiliko den eta gastuak zein izango diren, funtsezkoa

 

Mendibideetan barrena ibiltzeko lasterketa automobil sofistikatua erabiltzea ez da makinari zuku gehiena ateratzeko modu egokiena. Errepide mota bakoitzean ibiltzeko automobil molde bat egokia den modu berean ("1 Formula" zirkuituan, 4 X 4 mendi bidean, eta turismo arrunta errepide arruntean), ordenagailuek ere berariazko lanetan espezializatutako sistema operatibo desberdinak dituzte (ordenagailuaren programa nagusia). PCren sistema operatiboak eragina izango du, berarekin egin ahal izango den horretan ez ezik, maneiatzeko erraztasunean ere. Ordenagailua erabiltzea oso kontu erraza izan daiteke edo, era berean, eginkizun ezin korapilatsuagoa, okerreko ordenagailua aukeratuz gero.

Sistema operatibo ohikoenak Windows, Mac OS eta Linux dira. Windows sistemak ordenagailuetan Intel eta AMD prozesagailuekin funtzionatzen du (denetan arruntenak), Mac OS Apple-ko ordenagailuetan bakarrik, eta Linux, bi plataformetan dabilen arren, aurrenekoan aritzeko hobeto prestatuta dago. Sistema operatiboa hautatzeko garaian, norberak daukan edo eskuratuko duen ordenagailu plegua izan behar du kontuan, okerreko aukerak nahi dugun sistema operatiboa jartzea galaraziko digulako.

Windows, 'utilitario familiarra'

Mundu osoko ordenagailu pertsonalen %90ek darabilen sistema operatiboa ekoitzi eta komertzializatzen duen enpresa erraldoia Microsoft da (Windows XP du azkeneko bertsioa, oraingoz). Elementu horren prezioa 120 euroren bueltan dabil eta maiz ordenagailuaren prezioan sartzen da (1.200 euro inguru).

Turismo arruntak ia era guztietako errepideetan ibiltzeko balio duen bezala, erabiltzaile ertainaren premia gehienak asetzen dituen estandarra Windows da, izan ere. Testuak idazteko, Interneten nabigatzeko, musika entzuteko, filmak ikusteko, argazki digitalak zuzentzeko edo azken jokoekin gozatzeko, Windows konfiguratzen eta erabiltzen erraza da, informatikaz ezagutza sakona izan gabe ere. Horrez gainera, egun komertzializatzen diren ia programa guztiek Windows-erako berariazko bertsioa izaten dute. Dena den, marka horrek ez du izen onik, egonkortasun aldetik, blokeoak eta etenak maiz gertatzen direlako (XP aurreko bertsioetan, batik bat). Segurtasunaren alderditik ere eskas dabil, sistemaren huts egiteez hamaika birus baliatzen baitira PC osoa infektatzeko, hala nola Sasser edo Chernobyl ankerra.

Mac OS, "diseinuko deportiboa"

Aditu askoren iritziz Mac OS sistema operatiboa erabiltzen errazena, berritzaileena eta estetika zainduenekoa da. Automobil deportiboak bezala, dotorezia eta prestazio garaiak biltzen ditu beregan eta, hortaz, ia era guztietako errepideetan ibiltzeko aukera ematen dio gidariari. Erabilera errazeko sistema da: aldekoen esanetan, haur batek ere balia dezake ordenagailua eragozpenik gabe (sagua, adibidez, botoi bakarrekoa da, erabiltzailearen baitan nahasketarik ez sortzeko).

Honen azken bertsioa -Mac OS X- aurrekoez zeharo bestelakoa da: honi esker egonkortasun eta segurtasunean gora egin eta birusik ez izateko bermea lortu du. Plataforma horretan erabiltzeko dauden programen (jokoak, batez ere) kopurua ez da Microsoft-ekoa bezain ugaria, baina zeinahi erabiltzaile arrunten edo multimedia profesionalen premiak betetzen ditu. Sistema honek gailurra musika, argazki eta bideoen orrazketa, ekoizpen eta edizioan erakusten du. Apple Macintosh-ek 150 eurotan komertzializatzen du (ordaintzekoa da eta jabea agertzen da bertan). Kosturik handiena, ordea, ez datza erabiltzeko lizentzian, beste alderdi bitxi batean baizik: sistema hau konpainiak fabrikatzen dituen ordenagailuetan bakarrik funtziona dezake eta, jakina, ederki zaindutako kalitate eta diseinukoak direnez, ordenagailu horiek ez dira merkeak: 1.000 eurotik behera ere alerik badagoen arren, 2.000tik gorakoak dira ohikoenak.

Linux, "lur orotako ibilgailu sendoa"

Informatikako eta Interneteko profesional askok sistema nahiena dute hauxe: 4 X 4 ibilgailuen antzera, potentzia, egonkortasuna, birusen kontra segurantzia ematen ditu eta, gainera, zeinahi lan egiteko balio du. Beste alderditik, ordea, lur orotako ibilgailuen eragozpenak ditu: ez da erosoa, ez da beste biak bezain erraza erabiltzeko, eta hainbat lan egin nahi dituenak ezagutza teknikoez jantzita egon behar du. Halaz ere, programa honen azken bertsioak dezente otzanagoak direnez, erabiltzaile domestiko eta ofimatiko (ordenagailua bulego giroan baliatzen dutenak) batzuen artean arrakasta lortzen hasia da.

Alor batzuetan eskuragarri dauden programen zerrenda (jokoak edo multimedia aplikazioak, esate baterako) oraindik urria da edo kalitate eskasekoa, egunez egun hobetzen ari bada ere. Periferiko berriak instalatzeko orduan ere prozesua konplexuagoa da, honekin: Windows eta Mac OS sistemetan ia dena automatikoa den bitartean, Linux-en eskuz egin behar izaten da beti konfiguraziorik.

Linux aski sistema "erromantikoa" da mundu osoko programatzaileen artean, borondate onez sortua baita: horregatik da libre (sistemaren "barrunbeak" arakatu eta aldatzeko askatasun osoa du erabiltzaileak) eta doanekoa (Internetetik jaitsi, lagunari kopiatu edo, 30 euroren truk, CD formatuan eros daiteke).

PCk sistema jakin bat daukan arren, baliteke itxuraz aldatzea, zatika edo osorik "mozorrotzea", alegia. Automobilen "tuning" hori egin daiteke sistema operatiboetan ere, itxuraz bederen bestelako zerbait bihurtuz. Funtsean, sistema operatiboa lehengo berbera da (bere ezaugarri eta guzti): aldatuko den bakarra, itxura. Hori bai, batzuetan lortzen den emaitza bikaina denez, nekez bereiz daiteke jatorrizko sistema operatiboa eta "mozorrotutakoa".

Interneteko hainbat lekutan daude zaletasun eta mania guztiak asebetetzeko moduko "mozorroak" (themes edo skins izenez ezagunak): aquaxp.com, www.xptheme.info edo wincustomize.com (Windows-entzat), maxthemes.com edo resexcellence.com/themes (Mac OS-entzat) eta art.gnome.org, kde-look.org edo themes.org (Linux-entzat).

 Erabiltzaileen iritziak
Erabiltzaile askoren iritziak beren sistema operatiboez. Oso informazio baliagarria eta lehen eskukoa, gainera, sistema bakoitzak dituen abantailez eta eragozpenez.

 Sistema operatiboen argibide liburuak
Sistema operatiboetan eragina duten hainbat gairi buruzko dozenaka eskuliburu biltzen dira bertan: nola instalatu, nola konfiguratu edo ohiko arazoak nola konpondu, adibidez.

 Linux eta software librearen filosofia
GNU proiektuaren eta Free Software Foundation erakundearen webgune ofiziala. Erakunde horretako kideak Linux eta makina bat programa libre moldatu eta egokitu dituzten sortzaileak dira.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto